AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
UIBren aurkezpena ikasturte hasieran, Leioan. Argazkia: UIB
2020/02/23 19:38

Gaur, hilak 23, Unibertsitateko Indar Batasunak tasen eta beken baldintzak hobetzera bidean beharrezkotzat jotzen dituen bost aldaketa aurkeztu ditu, eskaera modura. Joan den lauhilekoan abiatu zuen UIBk unibertsitateko kostuen gaineko lanketa.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publikoetan, NUPen eta EHUn, ikasketak garestitzen ari direla salatu du UIBk. Hala, borroka "beharrezkoa" dela berretsi du, tasen eta beken auzia "langile klaseko ikasleei zuzenean eragiten dien arazoa" dela ulertuta.

Momentuz, beraz, lehentasunezko lau aldaketa mahaigaineratu dituzte UIBko kideek:

1. Tasen garestitzea

Iazko ikasturtean, hirugarren matrikulazioa %2,25 eta laugarrena %42 garestitu ziren EHUn. Horrek "langile klasearen baldintzen okertze zuzena" eragiten duela adierazi du UIBk, are gehiago diru-sarrerak gutxitzen ari diren une honetan.

Bologna izeneko prozesuaren barruan egungo gradu sistema ezarri zutenetik, tasak etengabe garestitu dira UIBren esanetan. Hainbat urtez bere horretan mantendu ondoren, aurreko ikasturtean, berriro igo zituzten prezioak. UIBren iritziz, egoera horri "lehenik eta behin" egin behar zaio aurre.

2. Errepikatutako matrikulak

Ikasleak derrigortuta daude aurreko ikasturtean gainditu ez dituzten irakasgaietan matrikulatzera, eta gainditu arte, behin eta berriz matrikulatu behar dute, nahi eta nahi ez. Matrikulazio bakoitza aurrekoa baino garestiagoa da, eta arau horrek "kaltea handitzen du". NUPen, adibidez, bigarren matrikulazioaren prezioa bikoiztu egiten da, eta hirugarrenean, berriro bikoizten da.

3. Gutxieneko kredituen gainditzea

Ikasturte batean beka jaso ahal izateko, aurreko ikasturtean kreditu kopuru jakin bat gainditu behar dute ikasleek. Zenbait kasutan, kredituen %75 gainditu behar dute. Hala, ikasketen kostuak murrizteko tresna izan ordez, "ikasleei presio egiteko mekanismo" bihurtzen dira bekak.

4. Gutxieneko kredituen matrikula

Eusko Jaurlaritzaren beka sistemari dagokionean, 60 kreditukoa da beka jaso ahal izateko matrikulatu beharreko gutxieneko kopurua, eta baliozkotzen diren ikasgaien kredituek ez dute balio gutxieneko kopuru horretara iristeko.

UIBren arabera, gutxieneko kopuru horrek "unibertsitatea elitizatzen du", "langile klaseko ikasleek bertan ikasteko dituzten aukerak" murrizten dituelako. Lana eta ikasketak uztartzera derrigortuta dauden ikasleak ikasgai gutxiagotan matrikulatzen direla azaldu du UIBk, eta ez dutela beka jasotzeko aukerarik gutxieneko kreditu kopuru horretatik behera.

5. Gradu aldaketak

Ikasle batek hiru urtez matrikulatuta egon ostean gradua uzteko eta beste bat hasteko erabakia hartzen badu, beste hainbat igaro beharko ditu beka jaso gabe. UIBk salatu duenez, neurri horrek "ikasleak bere nahia produktibitatearen gainetik jartzea zigortzen du", baita "lan indarra merkatura ahal bezain azkar bideratzea" lehenetsi ere.