Joan den larunbatean izan zen Ukabilez Kolpe ekimenaren hirugarren edizioa Gasteizen (Araba), bertako Mugimendu Sozialistak antolatuta. Arratsaldeko 19:30ean hasita, boxeo modalitateko bost borroka izan ziren jardunaldian, giro ederrean eta Auzolana pilotalekua beteta. "Faxismoa kolpatu" eta "Mundu guztiak gorroto du Polizia" oihu artean hasi ziren borrokak.
Antolatzaileen esanetan, "ezin diogu espazio bakar bat ere utzi erreakzioari, eta horregatik, kontaktu-kirolen munduan ere balio antifaxistak eta Poliziaren aurkako balioak errotzeko helburua du beladak". Ukabilez Kolpen aurkezle-lanetan aritu zen kideak kezkaz azaldu zuen, "tamalez, balio atzerakoiak errotuta" daudela "kirol-munduan".
"Gimnasioak zipaioz beterik daude, eta faxisten topaleku ere izan ohi dira", gaineratu zuen: "Hemen ez dira ongi etorriak, ez poliziak, ez polizia gai diren horiek ere. Ez dira ongi etorriak balore arrazistak, misoginoak, sexu-askatasunaren aurkakoak, edo beste inolako balore baztertzaileak sustatzen dituzten faxistak. Ez ditugu nahi gure inguruan, ez ditugu nahi gure koadrilletan, ez ditugu nahi txosnaguneetan".