AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
UIBren aurkezpena Ibaetan. Argazkia: UIB
2020/02/11 09:19

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere jardungo du Unibertsitateko Indar Batasunak aste honetatik aurrera. Lehen lauhilekoan "ikerketa lanak" egin ostean, Iruñeko (Nafarroa) campusean atzo ekin zion jardun publikoari ikasleek, ikerlariek eta irakasleek osaturiko kolektiboak.

Azken urteetan bizi izan duten "blokeo politikoarekin amaitzeko", iaz eta aurten EHUn garatu diren borroka esperientziak "ikaspenerako oinarri" modura hartu dituztela diote UIBko kideek. Horien artean, tasen eta beken auzia, Leioako (Bizkaia) campuseko Arte Ederren Fakultatean materialen kostuaren aurka martxan jarritako borroka, edota Odontologian euskaraz matrikulatu diren ikasleen kasua aipatu dituzte.

Gaur-gaurkoz NUPen taldea osatzen duten militanteen kopurua ikusita, UIB martxan jartzeko modurik egokiena "zuzenean borrokari ekitea" dela ebatzi dute.

Lehen pausoak

Gainditzeko oztoporik ez lemapean abiatuko dute lehenengo borroka NUPen, helburutzat izango duena ebaluazio arautegiaren 15.2 artikulua birformulatzea. Artikulu horren esanetan, honakoa da ebaluaketa bakoitzeko berreskurapen frogaren helburua, irakaskuntza-aldian: "Saiakera egiteko asmoa erakutsi duen ikasleari beste aukera bat ematea". Irizpide horren arabera, ikasleei berreskurapena egiteko aukera uka diezaiekete irakasleek. Horren aurrean, "matrikulatze hutsak zuzenean gainditzeko bi aukera" eman ditzala exijituko dute NUPeko UIBko kideek.

"Bazkalorduan sortzen diren arazoak" borrokatzeko dinamikaren bat aurrera eramatea ere aurreikusi dute, horrek hartuko duen forma zehazteke dagoela adierazi duten arren.

Antolaketa

UIBren jardunak eskatzen duen lan banaketari erantzuteko, bi taldetan banatzea erabaki dute militanteek; izan ere, NUPen ezaugarriek "zaildu egiten dute" fakultateka antolatzea. Hala, klaseak goizez dituztenek osatuko dute talde bat, eta arratsaldez dituztenek beste bat.

Arratsaldez aritzen direnen taldeari dagokionez, astelehenetan 15:00etan elkartuko dira. Eskolak goizez dituzten ikasleek, aldiz, asteartero 10:00etan izango dituzte asanbladak. Aularioko 028 gelan bilduko dira bata zein bestea.