AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: UIB
2020/12/02 12:31

Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) elkarretaratzea egin zuen asteazken eguerdian NUPen Iruñeko (Nafarroa) campusean, salatzeko konfinatuta egon behar izan duten ikasleei ez dietela bermatu ikasketekin era egokian jarraitzeko beharrezko baliabiderik. Konfinatzeak ez dezala ikasketa oztopatu lelopean elkartu ziren Liburutegi plazan, eta borrokara batzeko deia egin zuten, "errektoretzak emandako kudeaketa negargarriagatik ikaslerik ez dadin geratu atzean".


Bideo batean bildu dituzte hainbat ikasleren testigantzak, eta egoeraren adibide moduan aipatu dituzte, besteak beste, "klase telematikoen falta, apunteen falta edota konfinaturik egoteagatik praktikak galtzera behartuak izatea". Horrez gain, gogora ekarri dute etxe bakoitzean bizi den egoerak asko baldintza dezakeela ikasleen errendimendua.


Apirilean, lehen konfinamendu betean, UIBk ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak zituzten ikasleei laguntza emateko Ikasle Babes Sarea abiarazi zuen, besteak beste, apunte banku bat sortuz.


ESKAERA UGARI BORROKATZEKO


"Borrokan jarraituko dugu NUPeko errektoretzak beharrezko baliabideak bermatu ditzan ikasle konfinatuentzat. Zenbaezinak dira egoera honetan egondako ikasleak eta oraindik daudenak", salatu zuen asteazkenean UIBk. Problematika zehatz horri ez ezik, beste hainbat eskakizun ere aurkeztu zituzten ikasturte hasieran, eta bide-orri hori kontuan hartuta borrokatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.


Hain zuzen, honako puntuak bildu zituzten eskaera horien artean: matrikulak ordaintzeko zailtasunak, beka-sistema, hezkuntza telematikoan izan diren arazoak, ebaluazio jarraia, lana egiteko eta ikasteko aukera, baliabide informatikoak, ikasleak kontrolatzeko mekanismoak, unibertsitatean lan politikoa egiteko eskubidea, presentzia polizial eta militarra, ikerlarien EPIFak edota EHUko garbitzaileen eskaerak.