AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/07/05 09:20

Gazte Koordinadora Sozialistak herrialde mailako Topaketa Sozialistak egingo ditu datozen asteetan. Gasteizen eta Legution egingo dituzte Araba mailako topaketak eta Tolosan eta Oreretan Gipuzkoa mailakoak, uztailaren 16tik 17ra bitartean. Bestalde, uztailaren 24an izango dira Bizkaiko topaketak eta Nafarroakoak, Larrabetzun eta Otsagabian, hurrenez hurren. Ipar Euskal Herriko topaketak, aldiz, uztailaren 31n egingo dituzte Itsasun. GKSko kideen esanetan, "komunitate politiko sozialistaren eraikuntzan" beste urrats bat egitea da aurtengo Topaketa Sozialisten helburu nagusietako bat.

Oraingoan ere hainbat lan-prozesu jarriko dituzte martxan topaketetan. Besteak beste, egun horietan elkartuko diren gazteek ekarpena egingo dute topaketak hartuko dituzten herrietako "espazio fisikoen garapenean", herri bakoitzean "ohikoa baino askoz ere lan-indar gehiago" bilduko dela probestuta. Esaterako, Gasteizen birjabetu berri duten Zentro Sozialista egokitzeko lanak egingo dituzte arabarrek.

GKSk egin izan dituen herrialde mailako auzolanen logikari helduta, beraz, lan antolatutako uneak izango dira topaketetan zehar, baina ez hori bakarrik: zenbait tailer praktiko ere eskainiko dituzte topaketa batzuetan, adibidez, Tolosan eta Oreretan.

Horretaz gain, ordea, formakuntza politikorako aukera izango da herrialde mailako hitzordu horietan. "Gaur egungo testuingurua aztertzeko eta etorkizuneko erronken inguruan hausnartzeko" zenbait saio antolatu ditu horretarako GKSk, "gizarte despolitizatuaren aurrean jendarte politizatu bat sortzeko" bidean pausoak ematen jarraitzeko. Horren adibide modura, Gazte esparruko erronka estrategikoak izango dituzte hizpide Legution nahiz Larrabetzun, hitzaldi baten bidez.

Lanerako eta formakuntza politikorako uneez gain, eta kontuan hartuta pandemiak "hutsune" nabarmenak eragin dituela "komunitate politikoa batzeko" garaian, Topaketa Sozialistetan garrantzia berezia izango du "aisialdirako eta sozializaziorako aukerak" ere. Besteak beste, ibilaldiak, bertso bazkariak zein kontzertuak izango dira herrialde mailako elkarguneetan.

EZ DAGO IRUZKINIK