AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/12/09 10:24

Duela zenbait aste, bere jardun politikorako bide-orria aurkeztu zuen Unibertsitateko Indar Batasunak. Ikas baldintzen inguruko lanketan, ikasleek ordaindu beharreko tasen inguruko borroka jaso zuen UIBk. Azaldu zuenez, unibertsitateko ikasleriak zeharkako zein zuzeneko kostu ugariri egin behar izaten die aurre; eta tasak azpimarratu zituen zuzeneko kostuen artean. Horren aurrean, UIBren proposamena da zama ekonomiko hori arintzea eta "ikas baldintzen gaineko kontrol politiko zuzena" eskuratzea.

Ikasleriak ordaintzen dituen tasak "gero eta garestiagoak direla" jakinarazi dute UIBko kideek; beken baldintzak, aldiz, "ez dira hobetzen". Hala, doako tasen aldeko borroka jarri dute martxan. Azken asteetan, hainbat campusetan banatu dituzte eskuorriak, ikasleei zuzendutako baldintza horien inguruko informazioa zabaltzeko. Salaketa ekintzak ere egin dituzte ikasleek.

Odontologiako eta JFKZko borrokak

Horrez gain, duela astebete, Odontologiako zein Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako Graduko (JFKZ) ikasleek hainbat salaketa egin zituzten UIBren bitartez. Ikas baldintzekin loturiko borrokak dira biak. Alde batetik, Odontologiakoek euskarazko ereduan matrikulatuta dauden ikasleek pairatzen dituzten "baldintza txarrak" salatu zituzten. JFKZkoek, aldiz, "praktikak modu egokian gauzatu ahal izateko oztopoak" gaitzetsi zituzten.

Prezioen presioa

Iragan maiatzean Manex Gurrutxagak GEDAR LANGILE KAZETAn argitaratutako Ikuspuntuan jakinarazi bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, 2019/06/11 Aginduaren bidez, EHUn tasak igotzeko erabakia hartu zuen, 2019-2020 ikasturteari begira. Behin lege hori EHUko Gobernu eta Gizarte Kontseiluek indarrean jarrita, ikasgai berean hirugarren aldiz matrikulatzeak %2,25eko prezio igoera ekarriko du ikasleentzat, eta laugarren aldiz matrikulatzeak, berriz, %44,27koa.