Sute bat izan da Hendaiako erretentzio zentroan, eta larri zauritu da han preso daukaten pertsona bat

Bart izan da sutea, eta erretentzio zentroan gatibu dauden 24 pertsona migratu mugiarazi dituzte horren ondorioz. 22 urteko gazte bat egoera larrian ospitaleratu dute.
Argazki Nagusia
Argazkia: Iparraldeko Hitza
2021eko irailaren 20a

Hendaiako (Lapurdi) erretentzio zentro administratiboan sute bat izan da bart. Antza, ziegetako batean sortu zen sua, eta zentroan preso dauden 24 pertsona migratu aterarazi zituzten handik. Bi lagun artatu behar izan zituzten kea arnasteagatik, eta bietako bat ospitaleratu egin behar izan zuten azkenean, egoera larrian. 22 urte ditu.

Erretentzio zentro horretan espetxeratzen dituzte, nagusiki, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko mugan atxilotutako hainbat eta hainbat etorkin. Azken egunetan zenbaitetan atera dira argitara zentro horretan gertatutakoak: irailaren 10ean liskar larri bat izan zen, eta hainbat pertsona zauritu ziren; horren ostean, gainera, bere buruaz beste egiten saiatu zen presoetako bat.

Legez, erretentzio zentroan 90 egunerainokoak izan daitezke atxiloaldiak. Hainbat astez eta sarri hainbat hilabetez izaten dituzte gatibu pertsona migratuak, eta gero, kanporatu egiten dituzte herrialdetik. Cimade elkarteak salatu du "eztanda egoeran" daudela Frantziako Estatuko erretentzio zentroak, eta gero eta handiagoa dela "desesperazioa" etorkin presoen artean.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik