Urte erdiko lan-erregulazio bat jasan ostean, kaleratuak izan dira Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui enpresako langileak: itxi egingo dute autobusen karrozerian aritu izan den fabrika, eta 340 bat beharginek galdu dute euren lanpostua. Itxiera salatzeko, Sunsundeguiko Langileok Borrokan asanbladak eta Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) mobilizazio bat antolatu zuten joan den astebururako. Larunbatean, hala, Altsasun bertan izan zen manifestazio bat, 18:00etan Foru Plazatik abiatuta.
Mobilizazioan, Sakanako langileriarentzat etorkizuna aldarrikatu zuten, baita langile-antolakuntza erreibindikatu ere. Izan ere, deitzaileek manifestazioa aurkezteko agerraldian nabarmendu zutenez, "Sakanako langileontzat etorkizuna soilik langileon borrokatik etorriko da, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da batzea eta gure bizi- eta lan-baldintzen alde borrokatzea".
Sunsundeguiko itxieraren harira, gogorarazi zuten enpresako zuzendaritzak ez duela "zalantzarik egin ihes egiteko eta ehunka langile-familia kalean uzteko", "kudeaketa tamalgarriaren ondorioz euren urteetako irabaziak txikitzen ikusi bezain pronto". Eta Nafarroako Gobernua ere "errudun zuzena" dela salatu zuten, "enpresa itxierara eraman duen zuzendaritza izendatu eta diru publikoko milioika euro bat ere kontrolik gabe eman izanagatik". Hori guztia dela-eta, bai enpresaburuak bai erakunde publikoak jo zituzten "langileon miseriaren erruduntzat".