Espainiako
Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako Bigarren Sekzioak hilabete honetan absolbitu du Iratxe Sorzabal, 1995ean Irunen (Gipuzkoa) izandako ekintza armatu batetik. Izan ere, aitortu du preso politikoa torturatu egin zutela polizia-indarrek 2001ean atxilotzean, elektrodoak aplikatuta besteren artean. Tortura horiei esker eskuratutako autoinkulpazioa izan da Sorzabalen aurkako prozesuaren oinarri bakarra, eta, beraz, erruduntzat jo du auzitegiak, deklarazio horiek balio juridikorik ez dutela ulertuta.
Auzitegi Nazionaleko fiskalak, dena den, azaldu du kasazio-helegite bat jarriko diola epaiari. Argudiatu du epaiketan ez dela kontuan hartu Sorzabalek ETA erakundeari bidalitako gutuna, eta "oinarririk gabe" esan dela "zeharkako lotura bat dagoela tratu txarren pean egindako polizia-deklarazioaren eta gutunaren artean". Fiskaltzak dio, hain justu, Sorzabalek "modu boluntarioan eta libre" idatzi zuela gutun hori, ETAren hainbat ekintzaren egiletza bere gain hartuz. Sorzabalek epaitegian jakinarazi zuen, ordea, gutun horretan bertan adierazi zuela Guardia Zibilak torturatu egin zuela atxiloaldian, eta ekintza zehatz batzuk bere gain hartzera behartu zuela.
Lehen aldia da Auzitegi Nazionalak aitortzen duela Sorzabal torturatu zutela, eta 25 urte igaro behar izan dira horretarako. Are gehiago: epai batean Euskal Herriko pertsona bati torturak egin zizkiotela jasotzen den aurreneko aldia ere bada honakoa.
Sorzabalen defentsak Estrasburgora joko du orain. Espainiako Estatuan kasu bakar bategatik zigortu dute, baina auzitegiak berak onartu duenez, torturen bidez lortutako adierazpenetan soilik oinarritu zuten auzi hori. Hala ere, preso politikoaren abokatuak ohartarazi duenez, ebazpenak ez dakar berehalako "ondorio automatikorik".