AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Mugimendu Sozialistaren txosna Hernanin, Txosna Batzordeak beto politikoa ezarri ondoren.
2022/06/30 00:24

Egian (Donostia, Gipuzkoa) irailean ospatzen dituzte Porrontxo jaiak, eta Donostiako Ikasle Abertzaleakeko kideek jakinarazi dutenez, Jai Batzordeari "txosnetan parte hartzeko eskaria" egin dioten arren, "txosnetatik kanpo utzi" dituzte. "Jai Batzordean eskaria behar bezala aurkeztu dugu, beste eragileek bezala parte hartzeko baldintzak betetzen ditugula erakutsiz. Horretaz gain, batzordekide den Sorturekin gatazka egoteko aukera zegoela ikusita, tentsioa handitzea saihesteko eta jarritako aitzakiei aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditugu. Hala eta guztiz ere, bai Jai Batzordeak bai Sortuk entzungor egin diete proposamen horiei [...]. Mugimendu Sozialistaren parte izateagatik jarritako beto politikoa da hori", azaldu du IAk.

Oztopo bat bestearen atzetik

Ez da, dena den, IAko kideei Egian txosna jartzeko eskubidea ukatzen zaien aurreneko aldia. Porrontxo festak ospatu ziren azkeneko aldian ere, 2019an, parte hartzeko eskaria egin zuten, eta "oinarririk gabeko argudioen bidez galarazi" zieten "parte hartzeko aukera":  "adin txikikoak" zirela, "auzoan jardunik ez" zutela...

Aurten, IAk berriro eskaera egitean, "baldintza guztiak betetzen" dituela onartu zen Jai Batzordean, baina betoa ezartzeko, beste auzi bati heldu zitzaion: "eragile kopuru maximora (lau eragile) iritsi zela [Jai Batzordea] esan zitzaigun, eta ezin genuela parte hartu beste bat kanpoan utzi ezean". IAk, orduan, proposamen bat egin zuen: "eragile bat kanpoan utzi behar ez izateko, bost eragilek parte hartzea". Dena den, Jai Batzordeak atzera bota zuen proposamen hori, "eragile askorentzat diru galera handiegia izango zela esanez".

Horren aurrean, beste neurri bat proposatu zuten IAko kideek: "dirua lau zatitan banatu eta zati horietako bat Sorturen eta gure artean erdibana egiteko prest azaldu ginen, beste eragileen finantzazioa murriztu ez zedin. Jai Batzordeak proposamen hori Sorturi helarazi zion, onartzekotan, begi onez ikusten baitzuen".

Sortuko kideek, ordea, erantzun zuten ez dagoela "beraien esku" erabaki hori, eta azkenean, IAren parte-hartzea ukatu du Jai Batzordeak, edo "bertako kide batzuek, behintzat". "Sortuk egoeraren aurrean bere erantzukizuna onartu nahi izan ez duenez, egin ditugun proposamenak eta tentsioa ez handitzeko ahaleginak albo batera utzi dira. Gainera, Sortuk lehentasuna duela dio, eta gu kanpoan uztea izan da eman duen erantzun bakarra", salatu dute IAko kideek.

Aitzakiak berriz ere

"Auzoan eraginik ez dugula diote Sorturen lehentasuna zuritzeko aitzakia gisa. Egiako gazteen artean ezagunak gara egiten dugun jardun politikoagatik, auzoko gazteak doazen ikastetxeetan IAko kideak daude eta Mugimendu Sozialistako militanteek porrontxoetako Jai Batzordean parte hartzen dute, besteak beste", seinalatu du IAk: "Jardun faltagatik txosnetan parte hartzeko aukera ukatzeak ez du ez hankarik ez bururik. Hain zuzen ere, pisuzko arrazoi bat baino, Mugimendu Sozialistari ezarri zaion beto politikoa justifikatzeko gezurra da".

Gero eta beto gehiago

Donostiako IAko kideek azpimarratu dutenez, Egian gertatutakoa "behin eta berriz ikusten ari gara Euskal Herriko txoko ugaritan: Ezker Abertzaleak era independentean antolatzeagatik betoa ezarri eta zigortzen du Mugimendu Sozialista". Horren adibidetzat aipatu dituzte, esaterako, Deustuko (Bilbo, Bizkaia), Hernaniko (Gipuzkoa), Lesakako (Nafarroa), Gasteizko (Araba) zein Lazkaoko (Gipuzkoa) kasuak.

"Guk proposamenak egin ditugu gatazka baretu eta porrontxoetan denok parte hartzeko aukera izan dezagun", nabarmendu dute IAko kideek: "Bai Sorturi eta bai Jai Batzordeari, gure proposamenak ukatu ordez, ardura hartzera eta irtenbide batera iristera dei egiten diegu".

EZ DAGO IRUZKINIK