AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE
2022/09/28 10:21

Aurretik Islandian egin duten modura, Erresuma Batuan aurrekaririk ez duen proba bat ari dira egiten une honetan: lan-astea murriztu dute masiboki 73 enpresatan, eta langileak astean lau egunez soilik ari dira haien lanpostuetara joaten. Urte erdia iraungo du proba pilotuak, azarora arte —maiatzean ekin zioten esperimentuari—, eta 3.300 behargin ari dira lanaldi murriztu horrekin lanean.

Dirudienez, gainera, proba-epea bukatzean, soilik lau asteko lan-astea mantenduko dute lantoki horietako askotan; oraingoz, galdetu zaien 41 enpresetatik 35ek esan dute asmo hori dutela. Besteak beste, Erresuma Batuko hainbat industria-lantokitan, banketxetan, merkataritza-saltokitan nahiz arreta medikorako zentrotan dago martxan esperimentua.

Lan-astea lau egunetara mugatu izanak ez du lau egun horietako bakoitzean lan egiten den ordu kopurua handitu. Alegia, lehen bost egunetan banatzen ziren lan-orduak ez dituzte lau egunetan banatu eta egun bakoitzeko lanaldiak luzatu, zuzenean, aste bakoitzeko lan-orduak murriztu dituzte. Beraz, lau eguneko lan-astea aplikatzean, beharginek aste bakoitzean lan egiten duten ordu kopurua gutxitzen da zuzenean. Ustez, soldatak berdin mantenduko dituzte oraingoz, baina ez dute xehetasunik eman.

Proba pilotuan parte hartzen ari diren enpresa guztietako zuzendaritzak ari dira esperimentuari buruzko iritzi baikorrak ematen. %88k esan dute funtzionamendu egokia ahalbidetzen duela lau eguneko lan-asteak, eta %95ek azpimarratu dute produktibitatea hobetu dela.

Espainiako Estatuan ere nahi dute antzeko proba bat egin, Más Páis taldeko Iñigo Errejonen eskutik. Asmoa da 200-400 enpresatan ezartzea lau eguneko lan-astea, eta 50 milioi euroko partida bat bideratzea horretara.

Lanaldia aldatzeko bestelako proposamen batzuk ere jarri dituzte mahai gainean. Belgikan, adibidez, astean lau aldiz lan egiteko aukerari heldu nahi omen diote, baina egun bakoitzeko lanaldia luzatuta eta egunean hamar orduz lan eginda. Carlos Slim enpresaburu mexikarrak beste aukera bat aipatu izan du: lau eguneko lan-astea aplikatzea, baina erretiro-adina 75 urtera atzeratzea.

EZ DAGO IRUZKINIK