Emakume bati sexu-erasoengatik salaketa jartzea ukatu diote Baionako komisarian

Bikotekide ohiaren aurka salaketa jartzera joan eta aukera hori ukatu ziotela salatu du emazte batek, 'Kazeta.eus'-i emandako lekukotzan: "[Poliziak] Erran zidan ezin dela saihestu maite nauen gizon batek ni berkonkistatu nahi izatea". Kasu gehiago ere badira.
Argazki Nagusia
Argazkia: Actu.fr
2020ko abenduaren 23a

Bikotekide ohiarengandik jasandako erasoak salatzera joan, eta "babesgabe" atera zela kontatu dio emakume batek Kazeta.eus hedabideari: lagun batekin joan arren, ezin izan zuen bortizkeria fisiko eta psikologikoagatiko salaketa gauzatu.

Bulego txiki batean hartu zuen polizia batek, atari nagusiaren ondoan. "Atea idekirik zegoen, beraz, atari nagusian gertatzen zen guzia entzuten ahal genuen eta jakina, pentsatzen dut nik nioena mundu guziak entzuten zuela. Nire lagunak hori baieztatu zidan, nik kontatzen nuena kanpotik entzuten zuela. Beraz, ez zen batere erosoa...", kontatu dio andreak aipatu hedabideari: "Poliziak jipoiak jaso izanaren arrastoak nituen galdetu zidan. Erran zidan mediku-agiririk gabe ezin nuela salaketarik jarri".

EZ DA KASU BAKARRA

Ez da hor bukatzen andrearen testigantza. Bikotekide ohiaren errepresalien beldur zela esatean, "ahaztuko ez" duen esaldi bat ere entzun behar izan zuen andreak poliziaren aldetik: "Erran zidan ezin dela saihestu maite nauen gizon batek ni berkonkistatu nahi izatea, nahiz eta deserosoa izan. Baina gizon bortitz bati buruz ari gara!".

Testigantza eman duen emakumeak nabarmendu du berea ez dela kasu bakana izan, Asanblada Feministan beste hainbat lagunen testigantzak ere agertu baitira berea partekatzean.