AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/06/19 06:47

Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak (UCO) eskritura pribatu bat aurkitu zuen aurreko astean, Santos Cerdanek, PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak, 2016an Nafarroako Servinabar enpresa eraikitzailearen partaidetza sozialen ia erdia eskuratu zuela frogatzen duena. Enpresa hori, hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorena aztertzen ari den ustezko ustelkeria-sarearen epizentroan kokatzen dute ikertzaileek.

2016ko ekainaren 1ekoa da dokumentua, eta Joseba Antxon Alonso Egurola sozietatearen administratzaile bakarraren etxean aurkitu dute. Konpainiaren 3.000 partaidetza sozialetatik 1.350 Cerdanen izenean transferitu zirela egiaztatzen du idatziak, hau da, konpainiaren kapitalaren %45 eskuratu zuela.

UCOren txostenen arabera, Servinabar 2015ean sortu zuten, eta "ibilgailu" gisa erabili zuten, dirua bideratzeko eta esleipen publikoetatik eratorritako irabaziak banatzeko. Batez ere, Enpresen Aldi baterako Batasunak (UTE gazteleraz) eratuz lortzen zituzten esleipen horiek, Acciona bezalako enpresa handien eskutik.

Ikertzaileek uste dute Servinabarrek erraztu egin zuela ustelkeria-sarean inplikatutakoen arteko harremana eta kontratu publikoen lorpena, eta nabarmendu dute Nafarroan aplikatutako eredua Madrilera esportatu zutela gero Cerdanek eta Koldo Garciak, Pedro Sanchezen eskutik Espainiako Estatuko politikara jauzi egin ondoren.

Ekainaren 10ean izan ziren miaketak Servinabarren Iruñeko (Nafarroa) egoitza sozialean eta Alonsoren etxean, Leopoldo Puente magistratuak zuzendutako operazio batean, sarearen funtzionamenduari eta irabazien banaketari buruzko frogak lortzeko. Ikerketak orain arte seinalatu duenez, zuzeneko loturak daude Cerdan, Koldo Garcia, Acciona eta beste enpresari batzuen artean, eta agerian utzi du alde horien guztien arteko harremanak ahalbidetu zuela kontratu publikoen esleipen irregular sistematikoa, komisioen truke. 

EZ DAGO IRUZKINIK