AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/11/19 00:35

Iruñeko (Nafarroa) Sephora enpresako langileek 2020ko otsailean hasi zuten greba mugagabea, lan-baldintzak hobetuko zituen hitzarmen kolektibo bat lortzea helburu. Urte honetako martxoan, bi langile modu diziplinarioan kaleratu zituen Sephorak, "langileen greba mugagabeari eustea" eta "enpresari kalteak eragitea" leporatuta, besteak beste. Sindikalistak dira biak.

Sephorako langileek "borrokan jarraitzeko" prestutasuna erakutsi eta auzia eremu judizialetik bideratuko zutela adierazi zuten; eskubide sindikalen urraketak salatu eta lan-baldintzen hobekuntza zein kaleratutako langileak berriz hartzea aldarrikatu zuten.

Pasa den azaroaren 16an, kaleratze agindua baliogabetu zuen Iruñeko lan-arloko lehenengo epaitegiak; enpresak langileen askatasun sindikalerako eskubidea urratu duela ebatzi zuen. Langileak berehala berriz hartzea eta jaso ez dituzten soldatak ordaintzea agindu dio Sephorari.

Kronologia

  • 2020ko otsaila: Iruñeko Sephorako langileek greba mugagabera jo zuten, lan-baldintzak hobetuko zituen hitzarmen kolektibo bat lortzeko. Egindako aldarrikapenen artean zeuden lan-hitzarmen propio eta "duin" bat izatea, soldatak igotzea, behin-behinekotasunari aurre egitea eta ordutegiak malgutzea. Enpresak, uneoro, jarrera autoritarioa erakutsi zuen eta grebalariak ordezkatu zituen modu ilegalean.
  • 2020ko martxoa: Sephorak epaitegietara eraman zuen langileen greba eta, greba egun bakoitzeko, 8.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea agindu zien langileen bi ordezkariri eta ELA sindikatuari. Gainera, negoziaketa orori uko egin zion enpresak.
  • 2021eko otsaila: langileek urtebete egin zuten greban, eta hasieratik egindako aldarrikapenak mantendu zituzten. Epaileek beharginen grebarako eskubidea aitortu zuten eta, enpresak, bide judizialak agortuta ikusita, zigor irregularretara jo zuen; grebalariei hamasei egunez soldata eten zien, adibidez.
  • 2021eko martxoa: negoziaketa orori uko egiten jarraitu zuen enpresak, eta bi langile, ELAko sindikalistak biak, kaleratu zituen modu diziplinarioan. Langileek lan sindikala egiteko eskubidea aldarrikatu eta greba eskubidearen urraketa salatu zuten. Bide judizialetik, eskubide urraketak salatu, lan-baldintzen hobekuntzak aldarrikatu eta kaleratutako langileak berriz hartzea eskatu zuten.
  • 2021eko azaroa: Sephorako bi langileen kaleratzea baliogabetu du Iruñeko lan-arloko epaitegiak, eta langileak berriz hartzera behartu du enpresa, askatasun sindikalerako eskubidea urratu duelakoan.
EZ DAGO IRUZKINIK