AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzoko elkarretaratzea Gasteizen. Argazkia: La Haine
2020/05/16 01:32

Patxi Ruiz preso politikoa aurrera doa gose eta egarri grebarekin, eta seigarren eguna beteko du gaur, maiatzak 16. Atzo jakinarazi zien senideei gero eta min handiagoa duela giltzurrunean; dagoeneko, hiru egun daramatza txizarik egin gabe. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, mediku batek artatua izateko eskubidea ukatu dio Ruizi Murtzia II kartzelako zuzendaritzak, oraindik ez baitu espetxeko medikuaren bisitarik izan, eta ez diote bere konfiantzazko medikuekin harremanetan jartzeko aukerarik eman.

PRESO POLITIKOAK BORROKAN

Borrokan jarraitzen dute Ibai Aginaga, Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano, Jon Kepa Preciado eta Mikel San Sebastian preso politikoek ere. Batetik, zeldatik atera gabe segitzen dute Aginagak eta Preciadok, hurrenez hurren, Sevilla II-n eta Kordoban. Bestetik, Pastor, Barreras eta Cotano janariari uko egiten ari dira Puerto III-n, eta San Sebastianek hautu berdina egin du Murtzia II-n.

15 PERTSONATIK GORA BARAUALDIAN BIZKAIAN

Bestalde, gose grebarekin aurrera doaz Ondarroako (Bizkaia) lau gazteak, eta atzo, gainera, herri bereko zortzi pertsona batu ziren baraualdira. Ondarroako Udaletxeko areto nagusian daude aurrenekoak, eta bigarrenak, herriko beste lokal batean elkartu dira.

Bilbon (Bizkaia) bi eguneko baraualdia egingo dute hainbat kidek, "euskal preso politikoek pairatzen duten egoera salatzeko eta Ruizek hasitako borrokaldiarekin elkartasunean". "Burgesiak abiarazitako ofentsibaren aurrean, langile elkartasuna antolatzeko zailtasunak egon arren", presoen egoera salatzeko eta "euren aldeko ekimenak egiteko beharra" azpimarratu dute, "kanpotik laguntzeko hautuari" azpimarra jarriz.

AAEAMeko hiru kidek ere gose greban segitzen dute Ezkerraldeko (Bizkaia) lokal batean. Izatez lau pertsonak ekin zioten grebari, baina batek bertan behera utzi behar izan du osasunarekin lotutako arazoak direla-eta.

MOBILIZAZIOAK EUSKAL HERRI OSOAN

Pixkanaka mobilizazioak eta elkartasun keinuak hedatzen ari dira Euskal Herriko kaleetan. Atzo, ostirala, Txantrean (Iruñea, Nafarroa), Gasteizen (Araba), Ibarran (Gipuzkoa), Legution (Araba), Mutrikun (Gipuzkoa), Portugaleten (Bizkaia) edota Urruñan (Lapurdi) izan ziren elkarretaratzeak.

Polizia indarrek identifikatuak ere hainbat tokitan; tartean, Donostiako (Gipuzkoa) Amara Berri auzoan pankarta bat jartzen ari ziren bi pertsona, eta Legutioko elkarretaratzean zeuden pertsonak. Azkeneko horretan, ertzainen hiru patruila auto bertaratu ziren plazara, eta zenbait kide iraindu ere egin zituzten.

Gaurko, aldiz, ondorengo deialdiak egin dituzte:

  • Bilbon, 20:30ean Etxebarrieta Anaien plazan. Manifestazioa izango da.

  • Donostian, 20:00etan Bulebarrean.

  • Irunen (Gipuzkoa), 20:30ean San Juan plazan.

  • Baionan (Lapurdi), 11:30ean udaletxearen aurrean.

  • Lekeition (Bizkaia), 20:30ean Eskolapen.

  • Ondarroan (Bizkaia), 20:00etan Alamedan.

  • Amurrion (Araba), 20:30ean udaletxe plazan.

Bestalde, Ruizek bizi duen egoera salatzeko, margoketak egin edota margoa bota dute hainbat batzokitan; tartean, Portugaleten, Algortan (Bizkaia), Getxo Zaharran (Bizkaia), Berangon (Bizkaia), Igorren (Bizkaia), edota Bilbon.

"Indar handia jarri dute Euskal Herriko alderdi politikoek, den-denek inolako salbuespenik gabe, hainbaten egoitzei botatako pintura eta egindako margoketak salatzeko, edo Eako (Bizkaia) kutxazain baten aurka suz egindakoa gaitzesteko. Politikari profesional hauen guztien hipokrisiak ez dauka neurririk, horrelako ekintzarik gabe bizitza jokoan duen preso politiko bati buruz txintik ere ez luketelako esango", salatu du AAEAMek.

Argazkietan: Gasteiz, Ondarroa, Bilbo, Usansolo Ospitalea (Bizkaia), Portugalete, Ibarra, Urruña, Txantrea, Añorga (Donostia, Gipuzkoa), Legutio, Arrasate (Gipuzkoa), Arbizu (Nafarroa), Elizondo (Nafarroa), Altsasu (Nafarroa), Laudio (Araba), Errotxapea (Iruñea, Nafarroa), Barañain (Nafarroa), Donostia (Gipuzkoa), Mutriku (Gipuzkoa), Igorre, Portugalete...

EZ DAGO IRUZKINIK