Elizondon (Nafarroa) maiatzaren 4an hasi zuten kanpaldi bat, Aroztegiko auzipetuekin elkartasunez. Sei eguneko egitaraua izan da bertan: agitazio-lanak, Aroztegira martxa bat, kalejirak, hainbat kolektiboren elkartasun-keinuak eta abar egin dituzte kanpaldian zehar, eta joan den larunbatean eman zuten amaitutzat, auzipetuen absoluzioa exijitzeko elkarretaratze batekin.
Hurrengo hitzordua astebete barru izango da, maiatzaren 19an, egun horretan hasiko baita zazpi pertsonaren aurkako epaiketa, Nafarroako Justizia Auzitegian. Hilaren 23ra arte luzatuko da judizioa, eta egun horietan Iruñera (Nafarroa) bertaratzeko deia egin du Aroztegiko Elkartasun Komiteak, epaituei babesa emateko eta, berriz ere, haien absoluzioa aldarrikatzeko.
Aroztegiko proiektu txikitzailearen aurka mobilizatzeagatik daude auzipetuta zazpi lagun horiek. 2021ean sartu ziren hondeamakina batzuk Aroztegia landa-eremuan, obrari ekiteko (gaur egun geldirik dago proiektua), baina protesta-kanpaldi bat izan zen makroproiektuaren kontra. Horretan parte hartzeagatik epaituko dituzte Aroztegiko auzipetuak, eta zigor ikaragarriak eskatu dituzte eurentzat: hogei urterainoko espetxe-zigorrak eta 56.000 eurotik gorako isunak, hain zuzen ere. Besteak beste, "talde kriminal" bateko kide izatea leporatzen diete.