AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/16 11:54

Okupazioaren kontra PSOEk lege proposamen berri bat mahaigaineratu du Espainiako Estatuan, 48 orduren buruan eta epaiketarik gabe espazio bat hustea baimenduko lukeena. Hipotekak Kalteturikoen Plataformaren (PAH gaztelerazko sigletan) azken estimazioaren arabera, 300.000 pertsona izan daitezke Espainiako Estatuan okupatutako etxebizitzak bizilekutzat dituztenak. Gainera, kriminalizazio kanpaina mediatikoa eta okupazioaren igoera bera bat datoz alokairuen prezioen igoera historikoarekin.

Cerdà institutuak 2017an azterlan bat egin zuen, eta kalkulatu zuen 87.000 familia okupatutako etxebizitzen teilatupean bizi zirela Espainiako Estatuan. 2020an 100.000 familia bizi zitezkeen okupatutako etxebizitzetan, merkatu-analisian eta aholkularitzan diharduen fundazio pribatu horren azken zenbaketek diotenez.

Minoritarioa eta gorakorra

Ezin daiteke esan okupazioa fenomeno orokortua denik, ezta gutxiagorik ere. Cerdàren ikerketari so, okupazioak Espainiako Estatuko etxebizitza parke osoaren %0,34ari eragiten zion 2017an, eta 2019an, berriz, %0,38 ingururi. Egia da fenomenoa areagotu egin dela, hori bai: lau urteren buruan higiezinen okupazioagatiko salaketak %40,9 igo ziren Espainiako Estatuan. Barne Ministerioak 10.376 kasu erregistratu zituen 2015ean; 14.621 izan ziren 2019an.

Esan bezala, korrelazio zuzen bat dago okupazio kasuen igoeraren eta alokairuen prezioen garestitzearen artean. PAHk Catalunya Press hedabideari azaldu moduan, Espainiako Estatuko okupazio kasuen %75 Kataluniako Generalitatean kontzentratzen dira, eta %55, zehazki, Bartzelonan; Espainiako Estatu osoko alokairurik garestienak dauden tokian, alegia. 2020ko urtarriletik ekainera bitartean, alokairuko metro karratuko prezioa 16,29 eurokoa izan zen Bartzelonan, beste inon baino altuagoa. Okupazioaren zifrak ere gorenak izan ziren han: 2.644 kasu. Madrilek 657 kasurekin jarraitu zion, bigarren postuan.

Okupatzen duten maizterrak

Datu globalen faltan, zaila da etxebizitzak okupatzen dituen sektore sozialaren profil zehatz bat egitea. Hala ere, Hernandezek argi du zein den joera: "gehienak pertsona kalteberak dira, arazorik eragiten ez dutenak, eta administrazioak zein gizarteak ez die alternatibarik eman beren egoerari". PAH plataformako Juanjo Ramón bat dator: "okupazioen %90 muturreko zaurgarritasun egoeran dauden familiek egindakoak dira".

Hain zuzen ere, azken urteotan etxegabetzeak altuagoak izan dira alokairua ordaindu ezin duten etxebizitza-unitateetan, hipotekak dituztenen artean baino. PAHren datuen arabera, eguneroko 180 etxegabetzeetatik %65 izaten dira alokairua ez ordaintzeagatik, ez hipotekari lotutakoak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren zifra orokorrek gauza bera iradokitzen dute: 2013an hipotekatutako 25.811 etxebizitza eta alokairuko beste 28.141 hustu ziren; 2021ean, berriz, hipotekako 10.103 eta alokairuko 28.993 etxegabetze gauzatu ziren. 2018an, alokairuko etxegabetzeak Madrilgo etxegabetze guztien %80 izatera iritsi zirela dio Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.

Halaber, geroz eta ugariagoak dira legez alokairu kontratu bat sinatu, une jakin batean errenta ordaintzeko gaitasun ekonomikoa galdu eta euren etxebizitzetan bizitzen jarraitzen duten pertsonak. Kasu horiek ere usurpazio delituaren barruan kokatzen diren heinean, okupazioaren problematika ezaugarritzen duen profil gorakor bat gehiago osatzen dute.

Etxeak

Miguel Hernandez Cerdà Institutuko Iraunkortasuneko zuzendari eta ikerketa arduradunak El País egunkariaren Verne gehigarriari azaldu bezala, "hutsik dauden pisuak okupatzen dira nagusiki, banketxeenak edo inbertsio-funtsenak, eta alokairuko parke publikoetakoak". Horren inguruko estatu mailako datu zehatzen faltan, Madrilgo eta Kataluniako zifrak hartu behar izaten dira erreferentziatzat, eskuragarri daudela eta okupazio gehienak han izaten direla kontuan hartuta.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak eskaintzen dituzten Madrilgo Komunitateko zifren arabera, erkidegoko 2,9 milioi etxebizitzetatik 4.717 baino ez zeuden okupatuta 2019an, %0,14. Horien artean, gehienak banketxeen eta putre funtsen jabetzakoak ziren, eta bigarrenik, etxebizitza agentzia pubikoenak. El Salto-k azpimarratzen duenez, Madrilgo Erkidegoan okupatutako etxebizitzen %16 baino ez ziren jabe partikularrenak, alegia, hango etxebizitza parke osoaren %0,02. Obra Social Barcelonak 2018an osatutako txosten baten arabera, Katalunian okupatutako hamar etxebizitzetatik zazpi baketxeenak ziren, eta jabe partikularrenak, aldiz, %5 baino ez.

Cerdà Institutuaren txostenak gogora ekartzen duenez, inolako dirusarrerarik ez duten familien proportzioa %66 hazi zen 2007. eta 2016. urteen artean. Bien bitartean, Espainiako Estatuan geroz eta gehiago dira hutsik dauden etxebizitzak; une honetan, 3,5 milioi inguru izan daitezkeela kalkulatzen da.

Manipulazio mediatikoa

Masa komunikabideek hedatu duten errelatoak "fenomenoa desitxuratu duela" salatu dute okupazioaren zilegitasun ekonomiko zein politikoa aldarrikatzen duten eragileek. Baina oso bestelako sektoreak ere manipulazio mediatikoa agerian uzten hasi dira aspaldian. Jurista ugarik, adibidez, "usurpazioa eta bizilekua bortxatzearen delitua nahastea" egotzi izan diete komunikabideei.

Bartzelonako magistratu Francisco Gonzalez Maillok Verne-ri esan zionez, "banketxeen etxebizitza gehiago okupatzen dira, eta usurpatzen diren partikularren pisuak, orohar, hutsik dauden etxebizitzak izaten dira". Ohiko bizilekuen bortxatzeak, okupazioarekin zerikusirik ez dutenak, "oso ezohikoak" direla azpimarratzen du Gonzalez Maillok: "Kasu horietan ez da usurpazio-delituaz hitz egiten, bizilekua bortxatzearen delituaz baizik, eta 24 orduan ebatzi daiteke".

Poliziaren barruan ere antzeko hausnarketak azaleratzen hasi dira. Karmelo Martinez de Sarobe Ertzaintzaren Arabako Lurraldeko intendenteburuak okupazioaren inguruan piztu den alarma soziala neurrigabea dela aitortu du berriki, Deia egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: "Komunikabideek eta telebista-saioek jendea nahasten dute maiz. Asteburu batean irten eta norbaitek etxea okupatu diezaiekeela uste dute. Eta hori ez da horrela. Bizilekuaren bortxaketa kasu bat bada, berehala konpontzen da", gezurtatu du.

Hori gutxi balitz, komunikabide handien artean ere geroz eta gehiago dira okupazioaren datu errealen inguruan mintzatzen hasi direnak. Hala ere, kaltea egina dago dagoeneko: okupazioaren inguruko iruditegi negatiboa txertatu da jada, eta 300.000 pertsona inguru etxetik botatzea baimenduko duen lege proposamena mahai gainean dago, inoizko onarpen sozialik handienarekin.

EZ DAGO IRUZKINIK