AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/06/16 10:19

Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak gardentasun falta eta hainbat anomalia identifikatu ditu PSOEren kontuetan, azken urteotan argitaratutako fiskalizazio-txosten ofizialen arabera. Erakunde horrek antzemandako gabezien artean dago goi-kargudunen ordainsariei buruzko, bileretara joateagatiko ordainketei buruzko eta 25.000 eurotik gorako dohaintza-emaileen identitateari buruzko informazio publiko eza; baita kredituen, maileguen eta alderdiaren web-orriaren bidezko dirulaguntzei buruzko datu falta ere.

Gainera, Kontu Auzitegiak ohartarazi du PSOEk ez zuela tokiko elkarteen ehun bat konturi buruzko informaziorik igorri, eta balantzeetan ez zituela sartu 110 banku-kontu (400.183 euroko saldoarekin) eta ez zituela beste 295 kontu kontabilizatu (302.189 eurorekin) ekitaldiaren itxieran. 2020ko txostenaren arabera, bestalde, alderdiak ez zituen kontabilitatean sartu 27 higiezin (1,16 milioi euroko balioa zutenak), eta diru-sarrera pribatuen zati bat oker jaso zen. Horrek zaildu egiten du diruaren jatorria egiaztatzea, antza.

Auzitegiak, hala, PSOEren hauteskundeetarako dirulaguntzetan murrizketak egitea proposatu du, baimendu gabeko gastuengatik eta epez kanpoko ordainketengatik. Argitu duenez, bere ondare garbia ia 5,2 milioi euroan gutxietsi du alderdiak, eta indarrean dagoen araudiarekin bat ez datozen kontabilitate-hornidurak izan ditu.

Ondorio horiek ez datoz bat Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egindako adierazpenekin, izan ere, esan du Kontu Auzitegiaren txostenak "positiboak" izan direla "beti", alderdiaren finantzei dagokienez. Hala ere, dokumentu ofizialek erakusten dute organo fiskalizatzaileak behin eta berriz topatu dituela irregulartasunak, opakutasuna eta akatsak PSOEren kontabilitatean; bai azken ekitaldietan, bai aurreko urteetan.

EZ DAGO IRUZKINIK