AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/06/13 09:12

PSOEren ustelkeriak argitara ateratzen jarraitzen duen bitartean, alderdiko Antolaketa idazkari Santos Cerdan jopuntuan jarri duten azken informazioekin, ziurgabetasun aldi bat ireki da bai PSOEn bertan, bai Espainiako Gobernuan, bai Espainiako Estatuko politika instituzional osoan. Alderdi Popularrak hauteskundeak aurreratzea eskatu du, Voxek Alderdi Popularra bultzatu du zentsura-mozio bat aurkeztera; eta, Euskal Herrian ere, izan dira erreakzio batzuk dagoeneko.

Nafarra da Cerdan, eta bertan ekin zion bere politikari ibilbide profesionalari: zinegotzi izan zen Milagron (Nafarroa) eta diputatu nahiz alderdiko bozeramaile Nafarroako Parlamentuan. Eta argitara atera diren informazioek Nafarroa markatzen dute Koldo Auzia-ren erdigune gisa. Gaur egun Nafarroako presidente den Maria Chiviteren hurbileko kidea izan da Cerdan, eta atzo arratsaldean egindako agerraldi batean, babestu egin zuen malko artean: "Espero dut bere errugabetasuna frogatu ahal izango duela". Eta gaineratu zuen: "UCOren txostena ez dator bat nire ibilbide politikoa partekatu dudan pertsonarekin, zeina nire nire alderdikidea eta nire laguna den".

Espainiako Gorteetan Pedro Sanchezen gobernua babesten duten Euskal Herriko alderdiek ere egin zituzten hainbat adierazpen atzo arratsaldean. EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, adibidez, esan zuen "ustelkeria kasuak erabateko gardentasunez eta zintzotasun politikoarekin landu behar" direla eta bere alderdia "zorrotza" izango dela PSOErekin, baina horren esanahia zehaztu gabe eta, oraingoz, PSOEren gobernuari ematen dion babesa zalantzan jarri gabe. Gainera, seinalatu zuen "nolanahi ere" EH Bildu "jakitun" dela "gertaera hauek Espainiako Estatuko testuinguru politiko eta historiko oso zehatz baten baitan kokatzen direla", iradokiz besteak beste eskuin muturraren interesei erreferentzia egiten diela.

EAJk, bestalde, EBBko presidente Aitor Estebanen bidez, begi onez ikusi zuen Cerdanek dimisioa eman izana, eta "azalpen gehiago" eskatu zizkion PSOEri. Dena den, Estebanek azpimarratu zuen "harriduraz" hartu zuela Sanchezek "hasiera batean UCOren txosten bat dena ontzat ematea eta ia sententzia bilakatzea". PPren balizko zentsura-mozio bati buruz galdetu ziotenean, Estebanek erantzun zuen gaur-gaurkoz ez dagoela gehiengorik gobernu berri bat osatzeko, baina kasu horretan EAJk "beti bezala" jokatuko lukeela: "Guk itxaron ohi dugu epaia egon arte, PPrekin egin genuen bezala. Ikusiko dugu hurrengo egunetan zer gertatzen den".

EZ DAGO IRUZKINIK