Kirolak eraikineko espazioaren banaketa prozesuan gertatutakoa eta AGArekiko jarrera azaldu ditu Hego Uribeko Sare Sozialistak

Arrigorriagako Kirolak eraikinean azkenaldian izan diren gertakarien eta "erasoen" harira, bertan jazotakoaren inguruko argipenak eman ditu HUSSk, baita AGArekiko jarrera zein izango den azaldu ere. GKSren biltegiaren aurka egindako margoketak, AGAko "talde itxi batek" HUSSko kideei gazte asanbladan parte hartzeko ezarritako betoak, edota "txantajeak" izan dituzte hizpide.
Argazki Nagusia
Kirolak eraikina kanpoaldetik. Argazkia: El Correo
2019ko uztailaren 15a

Azkenaldiko gertakarien harira, Arrigorriagako (Bizkaia) Kirolak eraikinean gertatutakoa argitzeko eta euren posizioaren berri emateko beharra ikusi dute Hego Uribeko Sare Sozialistako kideek. Hala, GEDAR LANGILE KAZETAri helarazitako oharrean, gogor salatu dute Arrigorriako Gazte Asanbladako kideek Kirolak eraikinari eman nahi izan dioten erabilera "sektarioa", eta bertan HUSSko kideek parte hartu ez dezaten ezarri dituzten betoak salatu dituzte: "Gazte asanbladako kideei formalki galdetuta, argi utzi ziguten sare sozialistan parte hartzen dugun guztiok gazte asanbladan betaturik gaudela, eta ezin dugula bertan parte hartu".

Izaerak zalantzan

"Asanbladaren pribatizazioa" salatu du, beraz, HUSSk, betoek eragindako "jazarpen psikologiko eta soziala" agerian uztearekin batera. Ildo politiko sozialistarekin bat egiten duten herriko gazteek asanblada horretan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu dute, gainera: "Arrigorriagako Gazte Asanbladak irekia eta parte hartzailea behar duela izan uste dugu, inolako beto ideologiko, arrazista eta sexistarik gabekoa". Hala ezean, Arrigorriagako "talde itxi" horri ez diote gazte asanblada izaera aitortzen, ezta gaztetxe izaera ere haiek kudeatzen duten espazioari.

Kirolak eraikinaren okupazioaren inguruan ere mintzatu dira HUSSko kideak. Birjabetzea, HUSSren aurrekaria izan zen asanblada politikoak "diseinatu, dinamizatu eta gauzatu zuela" gogorarazi dute, eta azpimarratu dute "eskualde mailako erreferentziazko eraikin politiko izateko helburuarekin" sortu zela.

Erabakiak

Beren hitzetan, asanblada orokor bat izan zen Kirolaken birjabetzearen ostean, eraikinaren banaketa eta egituraketa adosteko: "AGAri beheko solairua egokitu zitzaion, gaztetxe modura erabil zezan; erdiko solairua, gimnasioak barne zituena, asanblada politikoari egokitu zitzaion, eta Inizituk goiko frontoia entsegu lokalak egiteko hartuko zuela adostu zen. Tartean geratzen zen eraikineko espazioa, zenbait etxebizitza egiteko edota etorkizunean ildo komunala elikatzeko erabiliko zela adostu genuen". Gainera, HUSSk agerian utzi nahi izan du erabaki horren parte izan zirela "Komunala", Inizitu, zein AGA.

2019ko otsailean, baina, AGAk "espazioaren erabilerarako proposamen batzuk" egiteko nahia adierazi zuela dio HUSSk. Eurek GKSrentzat eta Itaiarentzat espazioak eraikitzea ere aurreikusten zuten; beraz, eraikinaren banaketa berria adosteko asanblada deitu zuten. Bilera horren akta egin du publiko HUSSek GEDAR LANGILE KAZETAri helarazitako oharrean. Dokumentu hori aurkeztu dute, Itaiak goiko solairuan espazio bat izatea zein GKSk biltegia egiteko leku bat izatea adostu izanaren eta proposamena "ondo ikusi" zenaren froga modura.

Posizioaren argipena

Bestalde, AGArekiko izango duten posizioaren berri ere eman dute HUSSko kideek. Izan ere, zenbait erabaki hartu dituzte, oharrean azaldutako guztiarengatik, "eta materialaren lapurreta etengabeagatik, sabotaia politiko saiakerengatik, familiaraino heldu zaizkigun manipulazio eta gezurrengatik, gure espazioaren kolonizazio etengabeagatik, eta hemen azaltzeko tarterik ez izanda ere, jaso dugun egunez eguneko erasoen zerrenda luzeagatik". Hain zuzen, hiru izan dira HUSSk adierazitako ideia zehatzak.


Irakurri HUSSren oharra osorik, hemen

Gaztelerazko bertsioa, hemen