AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 10:53

Otsailean aurkeztu zuten Gazte Koordinadora Sozialista, eta lehen ekimen publikoa gauzatuko dute datorren asteburuan. Laudion izango da, eta Araba eta Bizkaiko gazteei luzatu diete deialdia. GKStik aditzera eman dutenez, “ildo politiko sozialistaren baitan bizitzaren momentu guztiak politizatu eta borroka komunitatea elikatzeko” garaia da. Horri erantzuteko “tresna” gisa definitu dituzte topaketok.

Lehen ekimen publiko horretan, bizimodu “politiko eta kolektiboa” elikatu nahi dituzte; arazoei erantzuteko “modu eraginkor bakarra” horixe dela sinestuta. Hain zuzen, “bere egoeraren jabe den eta heburu argien baitan antolatuta dagoen” kolektiboaren beharra azpimarratu dute. Era berean, “printzipio etikoetan” oinarritutako harreman ereduak sustatu nahi dituzte, klase etsaiaren oldarraldi etengabeari aurre egiteko babesa antolatzea “esentziala” dela iritzita. Puntu horiei guztiei heltzeko asmotan osatu dute topaketetako egitaraua.

Bihar, ostirala, arratsaldeko 17:00etan izango da harrera ekitaldia. Horri “babes sareak” mintzagai izango dituen mahainguruak jarraituko dio: Unibertsitateko Indar Batasuna, Itaia, Hernaniko Babes Sarea eta Birjabetze Kolektiboa taldeko kideak izango dira bertan. Azkenik, 21:00etan izango da afaria.

Larunbatean, hilak 6, 08:00etan hasiko dute eguna, gosariarekin. Ondoren, 09:00etan hasi eta 11:00ak arte, “gazte problematika” ardatz izango duen hitzaldia eskainiko dute. Orduerdiko atsedenaldiaren ostean, goizeko bigarren hitzaldiari ekingo diote: “elkartasuna antolatzearen beharraz hausnartzen” arituko dira bertan. 11:30ean hasi eta 14:00etan amaituko da. Bazkaltzeko tartea izango dute jarraian, eta ondoren, logistika tailerrak izango dira, 16:00etatik 18:00etara. Segidan, “borroka komunitatea indartzeko jolas” gisa prestatu duten “Kluedo erraldoia” egingo dute, 18:15etatik eta 20:00etara. Atseden tarte bat, eta 20:30ean ekitaldia izango da. Amaitzean, bertso afaria izango dute, 21:00etatik aurrera.

Igandean, hilak 7, “harreman eredu komunistak” landuko dituzte. 09:00etan izango da gosaria, eta 09:30ean hasi eta 11:30ak arte “zaintza eta elkartasunaz hausnartzen” arituko dira. Ordu laurdeneko atsedenaldiaren ostean, “klasea eta kultura” jorratuko dituzte, 14:00ak arte. 14:30ean izango da bazkaria, eta horren ostean emango zaie amaiera topaketei.

Gazte Koordinadora Sozialistak aditzera eman duenez, aukera bikaina izango da borroka komunitate sozialista ehuntzeko. “Grin iraultzailea” duen orok “klase kontzientzian eta praktikan” jakintzak sakontzeko abagunea izango du Laudion.