AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/24 16:20

Duela aste batzuk, etxebizitzarekin lotuta arazoak zituztenei harremanetan jartzeko deia egin zien Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak. E-mail helbide bat jarri zuen abian, eta ezagutu duen kasu kopurua ikusita, ondorio argi batzuk atera ditu: "Gobernuaren laguntzak ez dira inondik inora nahikoak behar errealak asetzeko, batez ere, horiek lortzeko behar diren baldintza zorrotzengatik eta burokrazia izugarriagatik".

"Pertsona eta familia askok jada ez dute janaria lortzeko diru nahikorik", gaineratu dute sindikatuko kideek: "Gasteizko zerbitzu sozialak gainezka daude eta ez dira nahikoa behar guztiak asetzeko; gainera, prozedimenduak geldirik daude eta jendeak zailtasun izugarriak ditu asistentzia berria eskatzerako orduan".

"Etxebizitza Sindikatu gisa, gure interesen defentsan, langile klasearen antolakuntza bultzatu nahi dugu, baina jakin badakigu sabela hutsik ezin dela etxebizitza duin bat defendatzeko borrokatu", adierazi du. Hala, "estatuak eskatzen dituen bide guztiak agortu ostean", beharrezkotzat jo du "premia handiena duten pertsonentzako eta familientzako" janaria bermatzea. Horretarako, sindikatuko kideek elikagaiak erosteko diru-bilketa bat jarri dute martxan Gasteizen.

Hozkailu hutsik ez. Goseak jota ezin da borrokatu izenpean, beraz, "elkar babesa" galdegin du Etxebizitza Sindikatuak. Bilketan ekarpenak egiteko bi modu daude: Bizum aplikazioaren bidez (644 168 747 telefono zenbakiari zuzenduta) transferentzia bat eginez (644 168 747 telefono zenbakiari zuzenduta), edo banku-transferentzia bat eginez (ES 1102390806762471635520 kontura).