Aurreko astean atera zen argitara Bilboko (Bizkaia) San Frantzisko auzoan berriki izandako polizia-eraso arrazista bat. Ertzaintzako agente batzuk ile-apaindegi batera bortizki sartu eta bertan zeudenei eraso zieten, kamera batek jaso zuen bezala. Erasotuak izan ziren pertsonei elkartasuna adierazteko, gertatutakoa salatzeko eta inpunitate poliziala seinalatzeko, protestara deitu zuten hainbat kolektibok; tartean, Bilboko Kontseilu Sozialistak.
Aurreko ostiral arratsaldean izan zen protesta, San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan: Polizia-eraso arrazistei ez! Inpunitate polizialarekin amaitu lelopean mobilizatu ziren hainbat eta hainbat lagun. Antolatzaileek nabarmendu zuten azken erasoak erakusten duela "Poliziak migratutako eta arrazializatutako pertsonekiko modu arbitrarioan jokatzen duela", eta "Poliziaren inpunitatearen ondorio" ere badela gertatutakoa. Horiek horrela, "instituzioen eta botere judizialaren babes baldintzagabea" gaitzetsi zuten.
Gainera, Ecuador Etxea-k jaso duen modura, antolatzaileek gogorarazi zuten halako erasoak elikatzen dituztela jatorri konkretu bateko pertsona migranteen aurkako gorroto-diskurtsoek: "Pertsona magrebtarren seinalamendu etengabean ikusten dugu, beldurraren erabilera elektoralistan, komunikabideetan, bai eta zenbait erakunderen isiltasunean ere".