AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/04/29 13:05

Erresuma Batuko Brexit-ak, ultraeskuinaren gorakadak, pandemiak edota Ukrainako gerrak, besteak beste, ezbaian jarri dute Europar Batasunaren (EB) zilegitasun nahiz egonkortasun politikoa. Auzi guztiotan informazioaren guda "funtsezkoa" izaten ari da, Europar Batasunak berak onartu duenez. Hain zuzen ere, "demokraziari barrutik eragin diezaiokeen zerbait" dela uste du Bruselak, "herritarrek demokraziarekiko duten axolagabekeria" areagotu eta Europar Batasunaren funtzionamenduan "ondorioak" izan ditzakeelako.

Europar Parlamentuak, horrenbestez, bere instituzioen inguruko informazio positiboa zabalduko duten kazetari eta egiaztatzaileak babestuko ditu, bere diskurtsoa zalantzan jar dezakeen edozein eduki baliogabetu eta informazioaren monopolioa bermatzeko.

Anaia handia

Komunikazio-plana indartzeko, Bruselak Media Intelligence Unite plataformaren babesa du. Euskarri horrek 6.000 komunikabide inguru monitorizatzen ditu, Europar Batasunaz nola hitz egiten duten aztertzeko. Media Intelligence Unitek egiten dituen txostenak "barne-erabilerarako" dira, hau da, "Europako Batzordeari aholkuak emateko", "batasunaren aurkako narratiben ugaritzea detektatzeko" nahiz azken horien aurka ekiteko.

Unitateko buruak azaldu duenez, albisteen arakatze horrek "zuzenketak" egiteko eta "Europar Batasunari buruz modu positiboan hitz egiteko" aukera ematen die. "Bestela, negatiboa dena bakarrik aipatzen dutenei bidea libre uzten ariko ginateke".

Legedia

Hainbat lege prestatzen aritu da Europar Batasuna, esparru digitalean esku-hartze politikoa egiteko. 2016an, adibidez, Europako Kontseiluak eta enpresa teknologiko nagusiek jokabide-kode bat adostu zuten "gorroto-diskurtsoei" edota "indarkeriaren bultzatzaileei" aurre egiteko. Datozen hilabeteetan, berriz, Zerbitzu Digitalen Legea (DSA) deituriko proiektu erraldoia onartuko du Europako Parlamentuak, "gezurrak geldiarazteko pizgarriak" emango dituena. Europako Kontseiluak erabakiko du plataforma digitalek "nahikoa egin duten ala ez".

Puntuok eztabaida sortuko dute Europar Batasunaren barruan, izan ere, mehatxu sexista, erlijioso, arrazista, xenofobo eta abarren gaitzespenean kontsentsua nahiko solidoa den arren, Europar Batasunaren interes politikoen aurkakotasuna delitutzat jotzeak kontraesan ugari dakartza Zuzenbide Estatuaren markoan. Bruselaren presioak kezkatu egin ditu eskubide digitalen aldeko erakundeak: "Eduki legitimoa ere neurriz kanpo kentzea ekar dezake", salatu dute.

Anonimotasunaren amaiera

Mahai gainean dauden zenbait proposamenen arabera, "erabiltzaile guztiak NANaren bidez identifikatzea" izango litzateke "desinformazioa" deritzona geldiarazteko modua. Nazio Batuen Erakundea eta beste hainbat organo ez datoz asmo horrekin bat, eta "anonimotasuna babestea" galdegiten dute; aplikagarritasun politiko urriarekin, betiere.

Espainiako Estatuan

Norabide bereko lege proposamenak datoz Madrildik ere. Urtarrilean, adibidez, Segurtasun Nazionalerako Estrategian "desinformazio kanpainak kontuan hartzea" aurreikusten zuen Espainiako Estatuak. Hor ere "segurtasunaren aurkako mehatxutzat" jotzen zen erakundeenganako konfiantza txikitzea.

IRUZKIN BAT
  1. K
    Kalakan 2022/05/03

    "Interes orokorraren" izenean denari amen esan zaio; erabateko konfinamenduari, txertaketa masiboari, gure identitateak eta informazio guztiak QR baten sartzeari, ... denari amen!
    Eta orain zer espero zenuten ba? Geldituko zirela? planto egiten ez badugu hau hasiera besterik ez da izango ... Orwellen anai handia txiki gelditzen ari da!

    "Interes orokorraren" izenean denari amen esan zaio; erabateko konfinamenduari, txertaketa masiboari, gure identitateak eta informazio guztiak QR baten sartzeari, ... denari amen!
    Eta orain zer espero zenuten ba? Geldituko zirela? planto egiten ez badugu hau hasiera besterik ez da izango ... Orwellen anai handia txiki gelditzen ari da!