Europako emisio industrialek ingurumenean sortzen duten inpaktua aztertu eta neurtu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa-talde batek (Ekopol), eta ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren erdia baino gehiago, %60 hain zuzen ere, energia-sektoreak eragiten duela. Herrialdekako datuei erreparatuta, Alemania da inpakturik handiena sortzen duena (guztizkoaren %20,3).
Euskal Herrian, zehazki, Bizkaian sortzen da ingurumen-inpakturik handiena, Ekopolen arabera: bolumen osoaren %52. Gehien kutsatzen duten 25 instalazioen artean, hamar daude Bizkaian kokaturik.
Horiek horrela, Petronor enpresak Muskizen (Bizkaia) dituen instalazioen eragina nabarmendu du ikerketa-taldeak, EAE mailan, guztizko inpaktuaren %25 baitator konpainia horren emisioetatik. Horiek horrela, Euskal Herrian inpakturik handiena duten industria-instalazioak dira Petronorrenak.
Atzetik jarraitzen diote mineralen industriako sei planta nagusiek (inpaktu osoaren ia %17), batez ere zementu fabrikek; zazpi zentral termikok (inpaktu osoaren %17), eta hondakinak tratatzeko zentroek (inpaktu osoaren %12,5). Instalaziorik kutsatzaileenen artean aipatu dituzte, adibidez, Castejongo (Nafarroa) Total Energiesen ziklo konbinatuko biak, Galindoko (Bizkaia) hondakin-uren araztegia edo Zabalgarbiko (Bizkaia) erraustegia.