AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/06/15 16:29

Aurreko asteazkenean, hilak 10, maiatzaren 11n hasitako gose greba bukatutzat eman zuen Patxi Ruiz preso politikoak. Horren harira eta txantrearraren borrokaldiarekin bat eginez,  eskualde mailako mobilizazio bat deitu zuten Lea-Artibaien (Bizkaia). Atzo izan zen manifestazioa, Ondarroan (Bizkaia).

"Presoen eskubideen aldeko borroka langileriaren eskubideen aldeko borrokaren atal gisa" kokatu zuten deitzaileek; "inola ez modu isolatu batean, eta beti estatu burgesaren aurkako indar harremana langileon alde handitzera begira".

Ruizen eta gainontzeko presoen egoera salatzeaz gain, amnistiaren beharrizanari egin zioten azpimarra, amnistia "presoen kaleratzea eman ahal izateko baldintzak lortzeaz gain, preso gehiagorik ez egotea ahalbidetuko duen eszenatoki politiko baten egikaritze gisa ulertuta". Hortaz, "borroka parametro batzuetatik eta sistema penintentziario zein errepresibo kapitalisten gaindipenetik lortuko den helmuga" dela adierazi zuten.

Indarra kaletik

Kartzeletan hasitako borrokaldiak kaletik indartzeko asmoz antolatu zuten atzoko mobilizazioa, hilabete honetan eskualde mailan mobilizatu den jendea batzeko, eta aurrerantzean ere presoen zein langileria osoaren eskubideen aldeko borrokak jarraipena izan dezan.

Hala, Ruizek gose greba bertan behera utzi arren borroka ez dela amaitu adierazi zuten deitzaileek. Haien esanetan, "indarrez datorren borroka komunitate berri batek agerpena egin du kaleetan burokrazia sozialdemokrataren kontrolpetik kanpo", eta aurrerantzean "kaleak astintzen" jarraituko du.