Ormaetxe tabernako lan-gatazka irabazi du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak

Bilboko LASek eta Alde Zaharrean kokatuta dagoen Ormaetxe tabernako beharginek azaroan hasi zuten borrokaldia, lantegiko "lan-gehiegikeriak salatzeko" asmoz. Bi hilabeteren buruan lortu dute garaipena, tabernako nagusia "langileei antzeko babesgabetasun egoerak ez eragiteko eta Bizkaiko ostalarien hitzarmena aplikatzeko konpromiso idatzia" hartzeko prest agertu ez den arren.
Argazki Nagusia
2021eko urtarrilaren 18a

Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharreko Ormaetxe tabernako langileek "lan-harreman horrekin jarraitzeko ezintasunetik" ekin zioten borrokari, "lan-baldintza negargarriak" zirela-eta. Besteak beste aipatu zituzten "egiatan egindako lan-orduak islatzen ez zituzten kontratuak, komunikazio falta eta ostalaritzaren itxieraren osteko erabateko babesgabetasun egoera". Horretaz gain, tabernako ugazabaren "jarrera oldarkorrak" zein "akordioetan jasotako kontraesanak eta legez kontrako ordutegiak" zituztela salatu izan dute beharginek.

Era berean, azpimarra jarri diote konfinamenduaren osteko egoerari ere, nagusiak "babesgabetasun are handiagoan utzi" baitzituen. Tabernako langileen "egoera erregularizatzeko akordioa erabat hautsiz", nagusiak "kontratuan zehaztutakoak baino ordu askoz gehiago lan egitera behartu" zituen, bai eta "denbora luzez" aldi baterako enplegu-erregulaziorako espediente "miserableen" eraginpean "mantendu" ere.

BORROKAREN EMAITZAK

Bilboko LASek, bestalde, Ormaetxe tabernan aurrera eramandako borrokaren fruituak azaldu ditu. Batetik, Ormaetxen "bidegabeko kaleratzea" izan zela aitortuta geratu da, dagokion kitapenarekin. Bestetik, "bost hilabeteko aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea osatzeko kalte-ordainak" ere onartu dituzte, "soldataren gehiengoa B-n kobratzeagatik".

Borrokaldi horretan lortutako garaipena "langileen auto-antolaketari eta borrokaren kolektibizazioari esker" lortu dela azpimarratu dute LASeko kideek, "klase batasunaren eta elkartasunaren adibide berri bat" dela esatearekin batera. Emaitza, beraz, "langile klase osoaren garaipena lortzeko bidean, autodefentsa ahalbidetzen duten tresnak indartzeko" baliagarria izango delakoan daude.