AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/05 10:05

Espainiako Gobernuaren urratsei segika, Frantziako Asanblada Nazionalak ere okupazioaren gaineko zigorrak gogortu nahi ditu. Lege proposamena trêve hivernale bete-betean heldu da, hots, etxe kanporatzeak behin-behinean geldituak diren neguko sasoian.

Guillaume Kasbarian diputatu macronistaren arabera, lege horrekin "urre artean ibiltzen ez diren jabe txikiak babestu" nahi dituzte, etxe hutsen okupazioaren edo alokairu ez ordainduen aurrean. Aitzakia horren pean, zigorrak hirukoiztea eta kanporatze-prozedurak erraztea du begipean gehiengo presidentzialak, eskuin kontserbadorearen eta ultra-eskuinaren babesarekin. Testuaren arabera, alokairua ez ordaintzeari loturiko isunak 15.000 eurotik 45.000 eurora igoko lirateke, eta presondegi-zigorrak, berriz, urte batetik hiru urtera.

Prozedura epeak, laburrago

Horrekin batera, alokairu ez ordainduen kasuan, etxe jabeek kontratuak beren kabuz eteteko eskumena izango dute, eta alokatzaileak kanporatzeko legezko epea bi hilabetetik hilabete bakarrera iragango da. Okupazioen kasuan, etxegabetzeak lehen 48 orenetan egin ahalko dira, epaileen inolako esku-hartze baten beharrik gabe.

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak salatu duenez, "krisi kapitalistak pobreziaren areagotzea eragin du". Baina, "miseriari buru egitetik urrun, burgesiak bere intereseko ordena bermatzea du helburu". Gaineratu du Ipar Euskal Herrian ere "bizitzeko eta antolakuntza politikorako beharrezkoak diren espazioak babesteko" beharrezkoa izango dela "okupazioaren kontrako ofentsibari" aurre egitea heldu diren hilabeteetan.

Frantziako Estatuan, gaur egun, 3.1 milioi etxebizitza daude hutsik. Parean aldiz, 300.000 pertsona etxegabe daude Frantzia mailan (Horietatik, 46.000 haurrak), eta beste 4 milioi baldintza txarretan bizi dira. Okupazioak, ordea, erroldatutako etxebizitzen %0,005ari eragiten diola kalkulatzen da.

EZ DAGO IRUZKINIK