Larunbatean manifestazio handi bat egin zuen Kataluniako Organització Juvenil Socialistak (OJS), Erreakzioaren eta faxismoaren aurka, klase-borroka lelotzat hartuta. 18:30ean, Badalonako (Bartzelona) Pompeu Fabra plazan elkartu ziren 30 bat herritatik zihoazen zutabeak; hala nola Lleidatik, Gironatik, Tarragonatik, Baix Llobregatetik edo Maresmetik. Pompeu Fabratik abiatu zen manifestazioa, eta Parc Gran del Soleko anfiteatroan amaitu.
Zutabeak iritsi zirenean, mossoen ordena publikoko unitateek atxiki zituzten batzuk, eta manifestariak miatu zituzten. Ibilbidean zehar, istiluen aurkako dispositibo handi batek manifestaziorako bidea oztopatu zuen, baina azkenean helmugara iritsi ahal izan zen.
Bertan, OJSko bozeramaile batek hartu zuen hitza, eta gorakada erreakzionarioari aurre egitera deitu zuen. Gainera, nabarmendu zuen erreakzioaren koordenatuetara mugitzen direla alderdi politiko profesional guztiak, eskuinetik ezkerreraino; eta, horren kontra, beharrezkotzat jo zuen "krisiari irtenbide erreakzionarioa ematea blokeatuko duen indar bat eraikitzea", "irtenbide iraultzaile bat", "krisi kapitalistaren alternatiba bakarra sozialismoa delako".
Hitzaldian, azken bi asteetan gertatutako heriotzak gogoratuz hasi zen OJSko bozeramailea: Gazako familia baten aurkako sarraskitik Kanarietara migratzen ari zirela itotako zazpi emakumeetaraino; eta aipamena eginez Sentmenaten emakume batek jasandako erasoari eta senarrak semeordea hil izanari, edo etxerik gabeko bi pertsonak Bartzelonan jasandako erasoari, besteak beste. "Itxuraz elkarri lotuta ez dauden gertakari horiek ordena sozial kapitalistan dute oinarria, esplotaziora, miseriara, lehiara eta zapalkuntzara kondenatzen gaituena", zioen.
OJSk azaldu zuenez, "Ripolletik Gironara, Bartzelonatik Badalonara, hedatzen ari den gorakada erreakzionarioari klase-borroka baino ezin diogu modu eraginkorrean kontra jarri". Ildo horretan, antolatutako gazteriak horren "lehen lerroan" daukan garrantzia nabarmendu zuen, bai eta "ezker parlamentariotik datozen irtenbide faltsuekin" hausteko beharra ere.
"Ezinbestekoa da gaurdanik ezker erreformista osoarekin erabat eta zalantzarik gabe haustea, bera ere gure bizi-baldintzen okertzearen erantzule baita". Eta antolakundeak gaineratu zuen "gezurra programa bilakatuz" eta "eguneroko inkoherentziarekin", "eskuin muturrari ateak ireki" dizkiola ezker horrek, "alderdi tradizionalen alternatiba gisa aurkez dadin".
Asteburuko mobilizazioak amaiera ematen dio OJSren bigarren ikasturte politikoari. 2023ko irailean aurkeztu zuten Kataluniako antolakundea, Valentziakoa aurkeztu eta astebetera.