Txina vs AEBak: aldaketa al dator?

AEBek eta Txinak munduko hegemoniagatik duten gerra, zalantzarik gabe, azken hamarkadetako gertakari garrantzitsuenetako bat da. Eta borroka urrunetik badator ere, guda horren areagotzearen lekuko izaten ari gara azken urteotan, euren artean duten gerra komertzial etengabeak erakusten duen bezala.
Argazki Nagusia
2021ko urtarrilaren 8a


[Arteka aldizkarian 2020ko abuztuan Eneko Carrionek argitaratutako erreportajea]

Urte askoan gorpuztu den prozesua izan da AEBen lidergoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, mundu mailako segurtasunaren bermatzaile bihurtzeari ekin zioten, zeinak, haien ustez, nazioarteko sistemen bidez gauzatutako botere estatubatuarrean oinarritua egon behar zuen. Botere horri eusteko, ezinbestekoa zen botere sobietarra geldiaraztea eta, horretarako, funtsezko bitartekoak izan ziren munduko diruaren eta botere militarraren gaineko kontrola, batzuek keynesianismo sozial eta militarra deitzen dutena. Beste alderdi garrantzitsu bat Europaren berreraikuntza ekonomiko eta politikoa izan zen (eta beranduago Japoniarena), eta horretan, garrantzi handia izan zuen Marshall planak. Munduko ordena berri honen sorreran, zeregin erabakigarria izan zuten nazioarteko erakundeek. Bretton Woodseko akordioetatik, 1944an, AEBen mundu-ordenaren erakunde ekonomiko garrantzitsuenak sortu ziren, hain zuzen, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua [1]. 1949an Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO) sortu zen, sobietarren aurkako aliantzaren barruan. Europa indartsu baterako planak, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (1951) bezalako erakunde komunak sortzea barne hartzen zuen, 1957an Europako Ekonomia Erkidegoa bihurtuko zena [2].

Hegemoniak, Gramscik definitzen zuen bezala, talde nagusi batek duen botere gehigarriari egiten dio erreferentzia, gizartea bere interesen mesedera dagoen norabide batean mugiarazteko duen gaitasunaren arabera; eta ez soilik talde horren interesen mesedera, haren mendeko taldeek ere probetxugarritzat hartzen baitute aipatutako norabidea, interes orokorrago batekin bat etorriko bailitzan [1]. Bazirudien gizartea mugiarazteko gaitasun horretan ez zela norgehiagokarik izango, batez ere Sobietar Batasunaren erorketaren ondoren, baina ikusten ari gara nola Txinako eredua zalantzan jartzen ari den nagusitasun hori. Munduko 500 enpresarik handienak diru-sarreren arabera neurtzen ditu 500 Ranking Globala delakoak, eta 2019ko datuen arabera, AEBei gailendu zaie Txina (121 enpresa AEBek, eta 129 Txinak) [3].

Txinaren garapena ez da gauetik goizera lortu; aitzitik, 30 urte baino gehiagoko prozesua izan da. Atzerriko kapitalek inbertitu egin dute lan-indarrari dagokionez intentsiboak diren industria txinatarretan, esportatzeko helburuarekin, eta, ondorioz, «munduko fabrika» izena lortu du. Baina uste dugunetik urrun, Txina espezializatzen ari da kapitalari dagokionez intentsiboak diren industrietan, esaterako, komunikazioa edota aeronautika bezalako adarretan [4]. Prozesu horretan, estatuak funtsezko zeregina izan du ikerketan eta garapenean inbertitzaile handi gisa. Horren adibiderik onena da Made in China 2025 izenpean aurkeztu zuen plana. Plan horretan, ildo estrategiko gisa ezartzen dira jabetza intelektuala, garapen iraunkorra, berrikuntza eta enpresen fusioa eta berrantolaketa [5].

Sistema kapitalistaren etorkizuneko garapena ulertu ahal izateko azterketak eta ikerketak egitea funtsezkoa da indarrean dagoen ordena aldatu nahi duen edozein militanterentzat. Mario Trontik (1966) zioen bezala, «Kapitalaren garapen beharrak aurkitzea eta langile klasearen aukera subertsibo bihurtzea» dagokigu [6]. Zentzu horretan aztertu behar dugu bi potentzia horien arteko gerra komertziala.

Gerra komertzialak, hain zuzen, estatu batek, beste estatu baten edo estatu-talde baten inportazio-produktu baten edo batzuen sarrera mugatzeko egindako esku-hartzeei egiten die erreferentzia. Hori da ekonomia burgesak ematen duen definizio konbentzionala, azaleko analisi batera mugatzen dena eta inguratzen gaituen munduaren konplexutasuna ulertzeko balio ez duena. Merkataritza-gaietara mugatu beharrean, lehia horren oinarrian dagoena da mundu mailako hegemoniarengatiko borroka, mundu mailako kapital-metaketaren erdigune bilakatzeko edo erdigune izaten jarraitzeko interesa besterik ez dena[4]. Erreportaje honetan, muga-zergen edo merkataritzaren gaira mugatu beharrean, borroka honetan funtsezko papera duten hainbat elementu aztertuko dira.

Norgehiagoka hori behar bezala aztertu ahal izateko, ezinbestekoa da ulertzea nola jarduten duen lehia kapitalistak. Kapitalista bakoitza gainbalioaren erauzketan harago joatera, aldagaiaren gaineko kapital konstantea handitzera eta ekoizpen-indarrak garatzen saiatzera bultzatzen duen indarra da lehia kapitalista [7]. Era berean funtzionatzen du herrialde bakoitzaren barruan nahiz nazioarteko merkatuan, lehiakortasunaren ikuspegitik indartsua denari lagunduz, ahularen kontura. [8] Ikusten dugun bezala, prozesu suntsitzaile eta antagonikoa da, kapitalisten arteko gerra pizten duena, non teknologiek arma gisa eta kapital-mugimenduek guda-eremu gisa jarduten duten. Marxek honela definitzen du borroka hau:

«Lanaren banaketa sozialak (gizarte burgesean) aurrez aurre jartzen ditu     merkantzien ekoizle independenteak, eta haiek ez dute lehia ez den beste     autoritaterik aitortzen, norbere interesen presioak haiengan eragiten duen hertsadura, animalien erresuman “guztiak guztien aurkako borrokak”, gutxi gorabehera, espezie guztien bizi-baldintzak mantentzen dituen bezala [9]».

Borroka hori gordindu egin da irabazi-tasari eusteko zailtasunak areagotzean. 2008ko krisiaren amaieratik, metaketaren ahultasunaren lekuko izaten ari gara, eta Rolando Astarita bezalako ekonomialariek munduko ekonomiaren depresioa ekar zezakeela baieztatzen zutena, larriagotu egin da COVID-19aren agerpenarekin, eta horrek krisi berri baten aurrean jarri gaitu [10]. Potentzien arteko harremanak berrantolatzeko une bat sor dezake horrek, bloke geopolitikoen arteko indar korrelazioa aldatzeko aukera bat dena. [11]. Gerra hau hainbat eta hainbat esparrutan gertatzen ari da, eta horietatik, garrantzitsuenetako batzuk nabarmenduko dira hemen:


TEKNOLOGIA

Teknologiaren sektorean lehena izateko borroka da, hain zuzen, lehia honetan ikusgarritasun gehien hartu duen alderdietako bat. 2012an, Txinako Huawei eta ZTE enpresak «segurtasun nazionalaren aurkako mehatxutzat» jo zituen AEBetako Ordezkarien Ganberako Inteligentzia Batzordeak. 5G teknologiarengatiko borroka funtsezko piezetako bat da marrazten ari den mundu berrian. Teknologia horrek asko handituko du konexio-abiadura, latentzia murriztuko du (webgunearen erantzun-denbora) eta konektatutako gailuen kopurua biderkatuko du. Aldaketa horiek ez dira ekoizpenaren eremura mugatuko, gure bizimodu eta ohiturak aldatuko dituzte. Gure hozkailuarekin edo garbigailuarekin konektatzea ahalbidetuko du 5Gak, baita ibilgailu autonomoen flotak zabaltzea edota ebakuntza kirurgikoak tele-laguntza bidez egitea ere [12].

Horrek lotura estua du Big Datarekin, eskala handiko datu-bilketa besterik ez baita. Informazio hori hainbat helburutarako erabiltzen ari da, interes pertsonalizatuetara egokitutako eskaintzatik, osasungintzaren edo hiri adimendunen alorretaraino. Hauteskunde-politikan ere aurrerapauso nabarmenak ematen ari dira; izan ere, datu-bilketa horrek boto-emaile potentzialak segmentatzea eta mezua hartzailearen neurrira egokitzea ahalbidetzen du. Datuak balio handiko aktibo bihurtu dira, eta horren adibide da, 2019ko azken hiruhilekoan, Amazon multinazionalak bere diru-sarreren % 70 datuak biltegiratzeko eta prozesatzeko zerbitzuaren bidez (Amazon Web Services) eskuratu izana [13].

Txinak garapen teknologikoan aurrera egin badu ere, AEBen gaitasunetik urrun jarraitzen du adar askotan, zeinetan atzerriko kapitalaren menpekoa izaten jarraitzen duen. Horren adibide da Txinak garatutako patente gehienak ez dagozkiola goi-teknologiari, beste sektore batzuei baizik. AEBak garapen hori blokeatzen saiatu dira, esaterako, ZTE enpresari programa eta osagai estatubatuarretarako sarbideak ukatuz, Iranen eta Ipar Korearen gain ezarritako zigor komertzialak hausteagatik [14].

Datuen bilketa masiboak lasterketa teknologiko honetako beste adar garrantzitsuenetako bat elikatzen du, Adimen Artifiziala (AA), datu horiek makina pentsalariak elikatzeko erabiltzen baitira eta ikasteko aukera ematen baitie. Teknologia honen erabilerak izugarriak dira, hondamendi naturalen iragarpenetik hasita, gaixotasunak diagnostikatzeko prozesuaren hobekuntzaraino. 2017an, Txinak estrategia bat aurkeztu zuen esparru horretan buru izateko, eta urtebete geroago, AEBek 2.000 milioi dolarreko partida bat esleitu zioten ikerketari. AAk erabilera armamentistiko handia izan dezake, eta AEBek frogatu duten bezala, izugarrizko garrantzia du horrek bloke hegemoniko gisa nagusitzerako orduan. 2018an Vladimir Putinek adierazi zuenez, «Adimen Artifizialaren lasterketan lehena izatea lortzen duenak gobernatuko du mundua». AAk susmagarriak askoz azkarrago identifikatzeko edota arma autonomoak garatzeko gaitasuna ematen du, hala nola, drone armatuak, zeinak dagoeneko hedatuak izan diren Txinan, Israelen, AEBetan nahiz Erresuma Batuan [15].

Espazioarengatiko lasterketan 40 urteko atzerapenarekin sartu bada ere, Txina AEBek ezarritako oztopo guztiak gainditzen ari da, potentzia bihurtzeraino. Nazioarteko Espazio-Estazioaren erabilerari dagokionez ezarritako oztopoen aurrean, espazio-estazio propioa eraikitzea erabaki du, zeina 2022rako prest egotea nahi duen eta nazioarteko lankidetzarako laborategi gisa eskaini duen [16]. Txinaren nazioarteko eragina handitzen ari dela erakusten duen beste adibide bat. Espazioaren esplorazioan egon daitezkeen interesak askotarikoak dira: komunikazio-teknologien garapena, ikerketa espazioan edota baliabide mineralen ustiapena.

Txinak sektore teknologikoaren alde egiten duen apustua agerikoa da, lehentasunezko sektore hauetan egindako inbertsio-planek erakusten duten bezala: makineria informatizatua, robotika, kontsumo txikiko ibilgailuak, aparatu medikoak, teknologia aeroespaziala, itsas eta trenbide-garraioa, energia aurreztea eta zenbakizko kontrola. Ikerketan eta garapenean egindako inbertsioa BPGren % 0,95etik % 2ra handitzea da plana [14].


LEHENGAIAK ETA ENERGIA-BALIABIDEAK

Txina da lehengaien kontsumitzaile nagusia mundu mailan. Adibidez, Txinako altzairu eta burdin kontsumoa gainontzeko mundu osokoa baino handiagoa da, eta bere petrolio kontsumoa munduko altuena da. Horregatik, urre beltzaren prezioa ezartzeko erreferentzia berri bat jarri nahi du, Europako Brent edo West Texas bezala, Europak edo Amerikak baino gehiago ordaintzen baitu inportazioagatik [17].

Behar horien aurrean hornitzeko, Txinak bazkide komertzialak bilatu behar izan ditu lehengaiak eta hidrokarburoak lortzeko. Horretan Afrikak berebiziko garrantzia du, esaterako, Niger edo Angolak, zeinetatik uranioa ateratzen duen. Erauzketaz gain, garraioa da beste funtsezko alderdietako bat, eta Afrikako zenbait lekutan azpiegitura onik ez dagoenez, Txinak epe luzerako inbertsioak egin ditu errepideak, trenbideak eta portuak eraikitzeko [18]. Bestalde, AEBak, energia-kontsumitzaile handiak izan arren, ekoizle handienetako bat ere badira. Gakoetako bat fracking-politika abian jartzea izan da. Horren ondorioz, gaitasuna izan du gas naturala eta petrolioa lehen ezin zuen lekuan lortzeko, eta horrek beste herrialdeekiko mendekotasuna murriztea dakar [19].

Txinak petrolioarekiko duen mendekotasunak ondorio larriak eragin ditu ingurumenean eta, beraz, datozen urteetarako ezarritako helburuetako bat da osasun publikoa hobetzea. Horretarako, energia berriztagarrien aldeko apustua egin du, energia hidroelektriko, eoliko eta fotovoltaikoei dagokienez, gaitasun instalatu gehien duen herrialdea izanik. Berriztagarrien aldeko apustuan lider bihurtu bada ere, emaitzak ez dira nahikoak Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzeko. Bestalde, 2017an, AEBek izkin egin zioten Parisko Akordioari, baina, hala ere, datuek erakusten dute 1950etik 2018ra energia berriztagarrien kontsumoa ia hirukoiztu egin dutela [20].


NAZIOARTEKO MERKATARITZA ETA LOGISTIKA

Lanaren banaketa internazionalak balio-kateak zaildu ditu mundu mailan, eta nazioarteko merkataritzaren sare zabal honetan, enpresa transnazionalek izugarrizko pisua hartu dute. Gaur egun, ikusten dugu nola produktu bat pentsatua, gero ekoitzia, aurrerago banatua eta azkenik saldua den, eta nola fase horietako bakoitza munduko punta batean gauzatzen den. Ekonomia burgesak dio merkataritza askeak bazkide komertzial guztiei egiten diela mesede, baina errealitateak erakusten du lehia kapitalistak garapen desberdina eragiten duela mundu mailan. Desberdintasun horren arrazoia da, lehian, indartsua indartu egiten dela ahularen kontura. Ebidentzia historikoek erakusten dutenez, Erresuma Batua, AEBak edo Japonia bezalako herrialdeek funtsezko industriak babestu zituzten mundu mailan lehiakorrak izan arte. Munduko balio-kateen garapenak soldata-kostu txikiak lortu nahi zituen, produktibitatea handitzearekin batera, baina produktibitate horrek hegoaldean izan duen moteltzea funtsezko faktoreetako bat izan da nazioarteko merkataritzaren dezelerazioan [21]. Aipatutako dezelerazioa, neurri batean, Txinako ekonomian gertatutako aldaketa batzuen ondorio da: soldaten igoera, jarduera teknologikoetara birbideratzea eta ganbio-tasaren igoera.

Txina, estrategia protekzionistari jarraituz, mundu mailan lehiakide handi gisa agertzeko gai izan da, eta horrek, estatubatuarren nagusitasuna zalantzan jartzeaz gain, arantzel-gerra bat eragin du. Urte honen hasieran itun komertzial bat sinatu duten arren, puntu gutxi batzuk baino ez ditu ukitzen, gatazkaren puntu nagusiak bere horretan utziz, eta beraz, zalantzagarria da horrek tentsioa lasaituko duenik, are gehiago, COVID-19a agertu ondoren. Tentsio gehien sortu duten gaietako bi dira muga-zergak eta industria nazionalentzako diru-laguntzak. Bi herrialdeen arteko inportazioak eta esportazioak murriztea eragin du muga-zergen elkarrekiko igoerak [22]. Hala ere, AEBen partetik muga-zergak handiagoak izan direla ikusten dugu, eta horrek erakusten du helburua dela Txinak munduko hegemonia lortzeko lasterketan izan duen garapena oztopatzea. Txinak hartutako ildo estrategiko nagusietako bat barne-merkatuaren garrantzi erlatiboa handitzea da, esportazioekiko mendekotasuna murrizteko. Horretarako, inbertsioak areagotuko ditu osasungintzan, hezkuntzan, zerbitzu publikoetan, pentsioetan eta familia-laguntzetan, eta horrek «klase ertainaren» hazkunde handia ekar dezake.

Beste puntua da Txinaren subsidioena; izan ere, mundu mailan lehiakorrak izan arte bertako industriak babestea besterik ez dute oinarri, eta hori potentzia izatera iritsi diren guztiek egin dute. Donald Trumpen politika protekzionistak zalantza handiak sortu ditu burgesiaren hainbat sektoreren artean, batzuek ezpataz eta kapaz babesten duten bitartean, beste batzuek, besteak beste, sektore teknologikoak, zalantzan jarri baitituzte immigrazioari mugak ezartzea bezalako neurriak, uste dutelako horrek mugatu egin dezakeela beren sektorerako burmuinak atzeman ahal izatea. Trumpen politika gerra-egile eta adostasunen aurkakoak, bi blokeen arteko tentsioak handitzea ekar dezake, are gehiago gainean dugun krisiarekin [3].

Horretan, funtsezkoa izaten ari da salgaien fluxua eta biltegiratzea antolatzeko, planifikatzeko eta kontrolatzeko erabiltzen den logistika. Ekoizpen-sistemaren aldaketek garraio-jarduera ugari eskatzen dituzte eta, horretarako, ezinbestekoa da garraiobideak eta lan-indarra izatea, antolatzeko, gidatzeko eta kontrolatzeko. Txinak, horren garrantziaz jabetuta, funtsezko azpiegitura batzuk kudeatzea lortu du, hala nola, portuak. Espainiako Estatuaren kasuan, bost portu nagusietatik hiruren kudeaketan sartuta dago Txina (Bilbo, Valentzia eta Bartzelona), eta Algecirasko portuarengatiko interesa agertu du. Datuen arabera, Txinako kapitalak teus trafikoaren % 35 mugitzen du (edukiontzien itsas garraioan erabiltzen den neurria) [23].

Baina Txinaren proiektu nagusia One Road Initiative da, Sedaren Ibilbide Berria bezala ezagutzen dena. Proiektu horrek bi ibilbide batuko ditu, bata itsasokoa eta bestea lurrekoa, asiar kontinentearekin eta kanpoaldearekin loturak hobetuko dituztenak, eta hori bultzada handia izango da bai arlo ekonomikoan bai politikoan nazioartean duen eraginarentzat.

Itsas-ibilbidea garatzeko, Txina inbertsio handiak egiten ari da Asiako hego-ekialdean, Indiako ozeanoan, Kanadako ekialdean eta Europako zati batzuetan (Atenasko El Pireo portuaren gaineko kontrola, adibidez). Beste atal garrantzitsu bat Txinako Yiwu hiria eta Madril lotuko dituen trenbidea da, 13.000 kilometro baino gehiago dituen munduko biderik luzeena. Aldi berean, gasbideak eta oliobideak eraiki ditu Errusian eta Kazakhstanen. Proiektu honen punturik garrantzitsuenetako bat Italiak eta Txinak sinatutako akordioa izan da, eraiki diren azpiegitura sare erraldoian sartzeko aukera ematen baitio Italiari. Akordiotik harago, balio sinboliko eta politikoa izugarria du horrek, Asiako erraldoiaren nazioarteko eraginaren gorakada erakusten baitu [24].


DIRUA, ZORRA ETA FINANTZAK

Txanpona da hegemonia estatubatuarraren beste alderdi nagusietako bat. 1971ko Bretton Woodseko akordioen amaierak urrezko patroiaren eta dolar-urrezko patroiaren desagerpena eragin zuen. Baina estatubatuarren nagusitasuna eztabaidaezina da oraindik. Atzerriko monetako atzerriko erreserba guztien % 62 osatzen du dolarrak, eta parte hartzen du dibisa-merkatuetan egindako transakzioen % 85etan eta nazioarteko maileguen % 50 baino gehiagotan. AEBen eta gainerako herrialdeen arteko alde handia ikusteko, libera eta yenaren erreserbak ez dira % 5era iristen. Munduko diru gisa duen botereak neurriz gaineko pribilegioa ematen dio bere lehiakideekin alderatuta [25].

Dirua urre bihurtzeko ezintasuna gorabehera, ordea, esanguratsua da AEBek erreserba guztien % 76 urre gisa mantentzea. Aldi berean, Txinak, tradizionalki bere zilar erreserbei eutsi dien arren, urre erosketa handiak egin ditu, World Gold Council-en datuen arabera, bere urre erreserbak ia boskoiztu arte. Fase neoliberalak berezkoak dituen ziurgabetasun eta ezegonkortasun finantzarioak urrearen erabilera handitzea ekarri dute, zeina beti izan den egonkortasunaren sinbolo.

Diruari dagokionez azpimarratu beharreko beste ezaugarri garrantzitsu bat da diruaren desmaterializazioa, hain zuzen, kontabilitate, transakzio eta konpentsazio sistema elektronikoei esker lortutakoa. Logika horri jarraiki, herrialde asko moneta birtual propioak garatzen hasi direla ikus dezakegu, beren Banku Zentralek babestuta. Txina da nagusi lasterketa honetan, eta dagoeneko hasi da moneta digital hori hainbat eskualdetan probatzen, zirkulazioan dauden billeteak eta txanponak ordezteko helburuarekin. AEBak ez daude dolarraren nagusitasun historikoa galtzeko prest eta, beraz, dolar digitalaren erabilera ikertzen hasi dira [26].

Munduko zorra da ekonomiaren beste kezka nagusietako bat; izan ere, datuen arabera, 2007tik 2014ra 60 bilioi dolar handitu zen, hau da, munduko zorra munduko ekonomia baino hiru aldiz handiagoa da. Eta hori guztia, hurrengo urteak eta birusaren ondorioak kontuan hartu gabe. 2008tik aurrera, Txina eta Brasil bezalako herrialdeetara inbertsio handiak bideratu ziren, eta, datuen arabera, zor pribatua ekonomia horien tamainaren bikoitza da. Hala eta guztiz ere, Txinako maileguek markak hausten jarraitzen dute, eta horrek ere lagundu dezake azken urteetan bizi zuen beheranzko joera geratzen. Kutsatzeko arriskua txikiagoa bada ere, zorraren zatirik handiena yuanetan dagoelako, horrek ez du esan nahi Txinako hazkunde-bonbak eztanda eginez gero mundu mailan eraginik izango ez duenik [27]. Mundu osoan zehar egin dituen inbertsio handien ondorioz, herrialde askotan sortu da zor handia Txinarekin, eta horrek beste herrialde batzuetako politiketan duen eragina handitu du. AEBek, bestalde, 70 bilioi dolarreko zor publikoa eta pribatua dute, Nazioarteko Finantza Institutuaren datuen arabera. Datu errekor hori arrisku handia izan daiteke herrialdearen etorkizunerako. Ezin da alde batera utzi Txinak AEBetako Altxorraren Tituluak eskuratzeko erabili duela izan duen soberakinaren zati handi bat, nahiz eta, antza, hori eten egin den azken urteotan. Hala ere, Asiako erraldoia AEBetako zorraren edukitzaile subirano handiena da, eta hori arma handia izan daiteke gerra honetan [28].

Hong Kong, Macao eta Taiwan funtsezko hiru pieza dira Txinak izan duen garapena eta erraldoi asiarraren etorkizuneko planetan izan duen garrantzia ulertzeko. Kolonia eta protektoratu horiek munduko ekonomiarekin lotu zuten Txina, munduko merkatuan erabat murgilduta egon aurretik ere. Dibisa ugari lortzea ahalbidetu zion sarbide horrek eta, aldi berean, goi-teknologia eta enpresa eta finantza-kudeaketan kualifikatutako eskulana lortzeko aukera ematen zion.

Txina ez da kikiltzen eta nazioarteko erakunde berriak sortzearen aldeko apustua egiten du, AEBek nazioartean duten kontrola mantentzeko mekanismo gisa funtzionatzen duten erakundeei aurre egiteko. Horren adibiderik onena 2016an Txinaren proiektu gisa sortutako Azpiegiturako Inbertsiorako Asiako Bankua da, gaur egun 102 estatu kide dituena. Proiektu honek Asiako azpiegitura eta ekoizpen-sektorea modernizatu nahi ditu, enpresek lehiakortasuna handitu dezaten. Horren ondorioz, Munduko Bankua (AEBek eta Europar Batasunak kontrolatua) bezalako instituzioek, mundu mailako finantzetan duten posizio erabakigarria galdu dute.


MILITARIZAZIOA

Boterea izan da nagusitasun estatubatuarraren gakoetako bat. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, AEBek «munduko jendarme» papera hartu zuten, Frantzia edo Erresuma Batua bezalako potentzia militarren onespenarekin. Tresna militar horiek zeharka (mehatxuak, herrialde jakin batzuei edo frakzio batzuei laguntzea...) edo zuzenean erabiltzen dira, esku-hartze militarren bidez, onura ekonomiko handiagoak mantentzeko edo lortzeko. Amaigabea da AEBen edo bloke transatlantikoa delakoaren esku-hartze zuzen edo zeharkakoen zerrenda [29]. 2020ko Global Firepower sailkapenak potentzia militar handiena duten herrialdeen zerrenda erakusten du. Lehen postuan daude AEBak, ondoren Errusia eta Txina, bestalde Frantzia eta Erresuma Batua zazpigarren eta zortzigarren postuan daude, hurrenez hurren, eta Espainia, 20. postuan [30].

Stockholmeko Bakearen Aldeko Azterlanen Nazioarteko Institutuak (SIPRI) zabaldutako txosten baten arabera, munduko gastu militarra % 3,6 igo zen 2019an, neurri handi batean AEBetako gastuari esker, hain zuzen, gastu osoaren % 38. Txina, berriz, munduko bigarren arma ekoizle handiena da. 2019ko defentsa gastua 156.675 milioi dolarrera iritsi zen, hau da, bigarren inbertsorerik handiena izan zen, baina AEBetatik oso urrun dago oraindik, Donald Trumpek 750.000 milioi dolarreko partida eskatu baitzion Kongresuari [30]. Txina indar handiarekin batu da arma-lasterketara, base militarrak ezarriz hainbat gune estrategikotan, hala nola Yibutin, Bab al Mandeb itsasartea kontrolatzeko helburuarekin, itsas-ibilbidean funtsezkoa dena. Inbertsio militarraren gorakada horren beste helburu nagusietako bat izan da «barne defentsa» garatzea [31].

Hala ere, AEBen nagusitasun militarra eztabaidaezina da oraindik, eta ez dirudi datozen urteetan aldatuko denik. Hori abantaila handia izan daiteke zenbait alderditan, baina AEBak murgilduta dauden gatazken zerrenda luzea (zeinetan porrot asko jasan dituzten) muga handia izan daiteke Txina gailendu daitekeen beste eremu batzuen garapenean.


ONDORIOAK

Erreportaje honen izenburua Aldaketa al dator? da, eta erantzunak honakoa behar du izan: aldaketak etorriko dira. Hegemoniak ez du alderdi bakar bat oinarri; aitzitik, askotariko ezaugarrien, harremanen eta indar-elementuen egitura konplexu bat da. Gainean dugun krisiak horietako bakoitzean nagusitzeko lehia bizkortuko du, eta horrek burgesiaren ofentsiba gogortzea ekarriko du. Ezin dugu zehatz mehatz esan Txinak munduko nagusitasuna lortuko duenik, baina ez dirudi hau gertaera iragankorra denik, eta badirudi aurrera egiten jarraituko duela helburu hori lortzeko bidean. Dena den, argi dago AEBek ez dutela amore emango borrokarik egin gabe.

COVID-19aren agerpenak gerra hori azkartu du, eta txertoa lortzeko lasterketa, onura iturri handia izateaz gain, funtsezko elementua izan daiteke nazioarteko eragin-harremanetan. Agian, oraindik ez dakigu gertakari horiek zer-nolako garrantzia izango duten datozen hamarkaden bilakaeran. Aldaketa asko, koiunturalak izatetik urrun, geratzeko etorri dira, hala nola, telefono bidezko kontrolerako aplikazioak edota bereizmen handiko bideo-zaintza kamerak. Kontrol sozialeko sistemen modernizazioaren lekuko izaten ari gara, eta hori da, hain zuzen, erasoaldiaren gakoetako bat.

Aldaketa handienetako bat bloke europarrak mundu mailako mapan duen eginkizunean gertatuko da. Europako estatuek denbora daramate erraldoi asiarrari begira, eta pixkanaka-­pixkanaka, gero eta nabarmenagoa da haren eragin ekonomikoa eta politikoa. Adibide onena da Alemaniak, Europar Batasunaren bihotzak, Txina duela bazkide komertzial handiena 2016tik. Gainera, badirudi harremanak areagotu egingo direla, bi herrialdeek uste baitute potentzial handia duela ekonomia digitalean, industria-ehunean, energia berrien autoetan, Adimen Artifizialean edo ingurumenaren babesean elkarrekin lan egiteak [32]. Beste bi adibide dira Italiak Sedaren Ibilbide Berrian duen parte-hartzea edota Santander Bankua bigarren akziodun handiena izatea Bank of Shanghai-n (herrialdeko bigarren merkataritza-banku handiena eta nazioarteko bazkide estrategikoa) [33]. Europar Batasunak eta AEBek birusari aurre egiteko orduan erakutsitako ezintasunak, askok Asiako eredurantz bira egitea ekar dezake, eta horrek Europar Batasuna are gehiago arrakalatzea eragin dezake.


OHARRAK

1 Arrighi, G. (2009). Adam Smith en Pekín (Vol. 50). Ediciones AKAL.

2 Hobsbawn, E. (1995). Historia del siglo XX. Barcelona. Crítica, 662.

3 Fortune Global 500 (2019). https://fortune.com/global500

4 Smith, A. (2019). El ascenso de China a potencia mundial. Viento Sur. https://vientosur.info/spip.php?article14676

5 Gómez, E. (2016). Plan Made in China 2025. Oficina económica y comercial de la embajada de España en Pekín. file:///C:/Users/Infosec/Downloads/DOC2016671546.pdf

6 Tronti, M. (2001). Obreros y capital (Vol. 8). Ediciones Akal.

7 Astarita, R. (2009). Monopolio, imperialismo e intercambio desigual. Maia Ediciones.

8 Shaikh, A., & Diego Guerrero tr. (2009). Teorías del comercio internacional. Maia.

9 Kapital I (ed.Korsch), pp341-342 (MEW, vol 23, p. 377)

10 Astarita, R (2020). ¿Hacia una depresión global? https://rolandoastarita.blog/2020/03/10/hacia-una-depresion-global

11 Mattick, P., & Paris, R. (1978). Integración capitalista y ruptura obrera. Laia.

12 Rodríguez, A. (2019). Huawei y la geopolítica del 5G. El Orden Mundial. https://elordenmundial.com/huawei-y-la-geopolitica-del-5g

13 Shah, S (2019). Amazon: cuál es el negocio con el que el gigante tecnológico hace más dinero. BBC. https://www.bbc.com/mundo/noticias-50781431

14 Petras, J. (2017). China y Estados Unidos: Planificación racional y lumpen capitalismo.
http://motoreconomico.com.ar/opinion/china-y-estados-unidos-planificacin-racional-y-lumpen-capitalismo-i

15 Rodriguez, A. (2020). La inteligencia artificial, ¿la ventaja geopolítica definitiva? https://elordenmundial.com/inteligencia-artificial-ventaja-geopolitica

16 Mediavilla, D. (2019). China pasa de paria a vencedor de etapa en la segunda carrera espacial. El País. https://elpais.com/elpais/2019/01/03/ciencia/1546542346_968384.html

17 Marcó del Pont, A. (2018). El petro-yuan, ¿El centro en disputa? http://motoreconomico.com.ar/opinion/el-petro-yuan-el-centro-de-la-disputa

18 El orden mundial (2019). ¿En qué sectores invierte China en África? https://elordenmundial.com/mapas/sectores-invierte-china-en-africa/

19 Gómez, D. y Sanz, J. (2019). La política energética en Estados Unidos en la actualidad. http://www.iberglobal.com/files/2019-1/usa_energia_bice.pdf

20 García, A. (2019). Evolución del modelo energético de China. Revista La Comuna. https://revistalacomuna.com/internacional/evolucion-del-modelo-energetico-de-china

21 Husson, M (2018). Crisis económica y desórdenes mundiales. Viento Sur. https://vientosur.info/spip.php?article14204

22 Redacción BBC. (2019). Guerra comercial entre Estados Unidos y China: ¿cómo afecta a las industrias tecnológicas de ambos países? https://www.bbc.com/mundo/noticias-49551605

23 Vázquez, M. (2019). Las terminales Chinas gestionan el 35% de los contenedores en España. El Mercantil. http://elmercantil.com/2019/05/20/las-terminales-chinas-gestionan-el-35-de-los-contenedores-en-espana

24 El Orden Mundial. (2020). ¿Qué es la nueva ruta de seda? https://elordenmundial.com/que-es-la-nueva-ruta-de-la-seda-china

25 Del Rosal, M. (2020). La gran revelación: de cómo la Teoría Monetaria” Moderna” pretende salvarnos del capitalismo salvando el capitalismo. ECOBOOK.

26 Barría, C. (2020). La nueva moneda digital que China está probando y que sitúa al país a la cabeza de la carrera mundial de las divisas virtuales. BBC news. Recuperado de: https://www.eleconomista.net/economia/La-nueva-moneda-digital-que-China-esta-probando-y-que-situa-al-pais-a-la-cabeza-de-la-carrera-mundial-de-las-divisas-virtuales-20200506-0027.html

27 Astarita, R. (2016). Deuda global de 200 billones de dólares. Recuperado de: https://rolandoastarita.blog/2016/02/28/deuda-global-de-200-billones-de-dolares

28 Rodríguez, C. (2019). La deuda estadounidense, en récords. Digital.com. Recuperado de: https://dirigentesdigital.com/mercados/eeuu/la-deuda-estadounidense-en-records-YB1311441

29 Serfati, C. (2018). Las teorías marxistas del imperialismo. Viento Sur. Recuperado de: https://vientosur.info/spip.php?article13866

30 Global Fire Power (2020). Recuperado de: https://www.globalfirepower.com/countries-listing.asp

31 Vidal, M (2019). El gasto militar de China continúa su aumento por encima del PIB. El País. https://elpais.com/internacional/2019/03/05/actualidad/1551790545_216640.html?rel=mas&rel=listapoyo

32 CGTN (2019). China sigue siendo el primer socio comercial de Alemania. https://espanol.cgtn.com/n/BfIcA-CEA-BIA/CIEEIA/p.html

33 El País (2013). Santander compra el 8% del Bank of Shanghai por 470 millones. https://www.icex.es/icex/es/navegacion-principal/todos-nuestros-servicios/informacion-de-mercados/paises/navegacion-principal/noticias/4721711.html?idPais=CN