Sistema pandemia

2020KO MAIATZEAN ARTEKA HILABETEKARIAN ARGITARATUTAKO ERREPORTAJEA | Munduko Osasun Erakundeak (MOE) pandemia izendatu du COVID-19 birusaren hedapena. Milioika pertsona kutsatu dira dagoeneko, eta 200.000 baino gehiago dira hildakoak. Argi dago, baina, gaitz hori ez dela milaka gorputzetan soilik sartu oldarka. Pandemiaren eskutik etorri dira alarma egoerak eta ezkutuko salbuespen egoerak; burgesiaren gidaritzapean, dagoeneko iragarrita zegoen proletariotza prozesu basatia elikatu dutenak eta, zalantzarik gabe, epe ez hain luzera begira birusa bezain hilgarriak izango direnak.
Argazki Nagusia
2020ko abuztuaren 26a

PDFa euskaraz

PDF en castellano

COVID-19aren agerpenak bide eman dio aurpegi ugariko krisialdiari, eta dimentsio ugari atera dira argitara: osasun-sistemaren kolapsoa eta “berregituraketa”, “koma ekonomikoa” saihesteko maniobra makabroak, lan-erregulazio masiboak, konfinamendua, indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoera latza, eskubide eta askatasun politikoen desagerpena... Garrantzia berezia du orain askotariko aurpegi horiei aurrez aurre behatzea, baita koronabirus hau agertu aurretik dagoeneko ugalduta zegoen gainbehera testuinguruari erreparatzea ere, elkarren eskutik osatuko baitute pixkanaka begiztatzen ari garen agertokia.

OSASUN-SISTEMA ALARMAN

Asteotako salbuespen egoeran, erietxeetako egoera izan da berehalakoan argien hauteman den aurpegietako bat. Hartu diren neurri guztien justifikazioa osasun-sistemaren kolapsoa ekiditea izan da, eta aurreikusgarria da, goizago ala beranduago, osasun-sistemaren kudeatzaileak haiek hartutako erabakiei esker kolapso hau saihestu dela esanez agertzea komunikabideetan. Zein izan da, baina, sistema horren egoera krisialdi honetan?

Hasieratik, instituzioetatik zabaldu zuten osasun-sistemak kolapsatu ez zezan zer egin beharko zuten gaixoek: telefono zenbaki bereziak jarri zituzten martxan tokian toki, eta sintomak zituztenei bertara deitzeko esan zitzaien, 112 zenbakia nahiz larrialdi-zerbitzuak ez saturatzeko. Ironikoa da, dena den, ustez kolapsoa ekiditeko harturiko neurri horrek egun gutxira EAEn utzitako emaitza, adibide modura: martxoaren 16an, konfinamendua ezarri eta hurrengo egunean, Osakidetzak osasun-aholkularitza emateko sortutako telefono zenbakia saturatuta zegoen jada. Gaixoek orduak (eta egunak) eman zituzten erantzunik jaso gabe. Ondorioz, gaixo askok itxaron zuten (instituzioen jarraibideak betez), haien egoeraren larritasuna inork aztertzen ez zuen bitartean, esperoan. Hala, gainera, larrien zeuden gaixoak are larriago iritsi ziren ondoren ospitaletara.

Ospitaleetan, kolapsoa ekiditeko, berrantolaketa oso bat gauzatu dute. Oro har, eta berezitasunak berezitasun, ondorengoak izan dira hartu dituzten neurri orokorrak:

  • Bertan behera utzi dituzte kirurgia guztiak, onkologikoak eta larrialdiak izan ezik.
  • Larrialdi-zerbitzuak goitik behera berrantolatu dituzte, arnasarekin lotutako sintomak edota sukarra dituen edonorentzat gune bereziak sortuz (osasun-langileek «gune zikina» deitzen diotena), arnas-sintomak edo sukarra ez dituzten beste guztiak «gune garbira» bideratuz.
  • Ospitaleko solairu eta hegal asko COVID-19aren proban positibo eman dutenetzat prestatu dituzte, gune horietan egoten ziren pazienteak (izan kardiologiakoak, barne-medikuntzakoak edota errehabilitaziokoak) beste leku batzuetara mugituz.
  • Langileen kokapena ere aldatu dute. Lan karga ia desagertzeraino jaitsi zaien zerbitzuetako osasun-langileen kasuan, koronabirusak kutsatutako pertsonak artatzeko gunera bideratu dituzte, bertan dagoen lan kargari aurre egin ahal izateko.

Berrantolaketa hori, baina, ez da soilik ospitaleetan egin. Lehen arretako osasun-zentroetan ere aldaketa nabariak izan dira. Alde batetik, koronabirusaren auzian erreferente izango diren osasun-zentro batzuk zehaztu dituzte, kontsulta bereziekin. Bestetik, ia kontsulta guztiak telefonoz ari dira egiten, kutsatzeko arriskua murriztu asmoz.

Horretaz gain, beste gune batzuk ireki dituzte (hotelak, gehienetan, adibidez Maria Cristina Donostian edo Lakua Gasteizen), eta bertan ari dira artatzen COVID-19aren proban positibo eman arren larri ez dauden pazienteak, egoera ezberdinengatik etxera bueltatu ezin direnak (ezin dituztelako isolamendu-neurri egokiak mantendu, gaixo egonik haiek zaintzeko baldintzarik ez dagoelako, osasun-langileen senideak direlako...).

Zahar etxeetan eta antzeko zentro soziosanitarioetan, arazo handiekin, protokolo bereziak ezartzen ari dira, zirkuituak sortzen bertan gaixotzen direnak bakartu ahal izateko, eta isolatu ezin direnak beste azpiegitura batzuetara bideratzeko.

ISLADA OSASUN-LANGILEEN LAN BALDINTZETAN

Berrantolaketa horrek guztiak funtzionatu dezan, eta koronabirusari benetan aurre egin ahal izateko, ordea, ezinbestekoak dira gaixoak artatuko dituzten langileak (ez soilik mediku edo erizainak, baita auxiliarrak, zeladoreak nahiz garbitzaileak ere) eta langile horiek babesteko behar duten materiala.

Langileei, martxoaren 13an helarazitako mezu baten bidez, ukatu egin zitzaien martxoaren 16tik aurrera jaiegunak zein oporrak hartzeko aukera, eta ordura arte eskatuta zeudenak ere bertan behera gelditu ziren, langile guztiak beren lanpostuetan egon zitezen osasun-krisiari aurre egiteko. Aste Santurako ere egutegia aldatu zieten osasun-langileei.

Krisialdia hasi zenetik, arlo askotako langileak (larrialdi-zerbitzuetakoak, barne medikuntzakoak…) lan-ordu gehiago ari dira egiten, izan ospitaleratuta daudenak artatzeko txanda gehigarrietan, izan larrialdietan zein barne-medikuntzan zaintzaldiak egiten. Hau da, jaiegun gutxiago izateaz gain, astean lan egiten duten ordu kopurua ere altuagoa da orain. Egoiliarrei (arlo batean espezializatzen ari diren sendagileei) erresidentzia luzatu diete, beren lanean jarraitu dezaten, baina ez espezialisten soldatarekin, «ebaluaziorako baldintzak betetzen ez» direla aitzakiatzat hartuta. MIR azterketa egin berri duten edo oraindik osasungintzako ikasle diren langileen kontratazioei dagokienean, zer egin behar duten esan gabe jarri dituzte lanean sarri.

Hori guztia, gainera, babeserako beharrezkoa den materialik gabe. Osasun-langileak zabor poltsak soinean dituztela zabaldutako argazki urriek ez dute egoeraren dimentsioa islatzen. Material falta orokortua eta jarraitua izan da krisia hasi zenetik, maskarilletatik eta NBEetatik (Norbere Babeserako Ekipoak) hasita, diagnostikoa egin ahal izateko probetaraino. Testuinguru horretan, eskuragarri zegoen materialaren araberako protokoloak ezarri dira, beharrezko materiala murriztuz eta testak egiteko aukerari mugak jarriz, ia egunez egun aldatuz zihoan protokoloan. Zaila da sinestea, beraz, osasun-irizpideei hertsiki jarraitutako protokoloak izan direla osasungintzan praktikara eraman direnak.

KOLAPSOA BIRUSETIK HARAGO

Kolapsoa ekiditeko, beraz, populazio osoari konfinamendua ezarri, batzuei osasungintzara sarbidea oztopatu edo mugatu, beste batzuei osasun-arreta ukatu edo atzeratu, osasungintzako eta eremu soziosanitario osoko azpiegiturak birmoldatu, eta bertako langileei, beharrezkoa duten materialik gabe, lan karga handitu diete. Noiz esan daiteke, baina, kolapsoa ekidin dela? Kolapsoak, hiztegiaren arabera, zera esan nahi du: egitura, instituzio edo sistema baten suntsitzea edo hondamena; edo beste adiera batean, jarduera baten erritmoaren etete edo moteltze garrantzitsua.

Krisiak irauten duen bitartean, bertan behera geratu dira diabetikoei, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenei, edota bihotz ala giltzurrun gutxiegitasuna dutenei egin beharreko kontrolak. Arazo osteomuskularrak dituztenei errehabilitazio edo fisioterapiarako aukerak mugatu dizkiete. Belauneko protesia behar dutenen kirurgia atzeratu dute, larrialditzat hartzen ez diren beste esku hartze askorekin batera, «egoera normalizatu arte». Lehen arretako kontsulta ia guztiak telefonoz izan dira, horrek gaixoa artatzeko dakartzan zailtasun eta mugekin.

Koronabirusak hildako pertsona kopuruaren zenbakia etengabe ari da berritzen hedabideetan. Ehunka kontatzen dira igoerak eta jaitsierak. Nor ari da zenbatzen, baina, osasun-arreta orokorraren gelditze ala moteltze horrek (hori zen kolapsoaren adiera) eragindako hildako kopurua? Zenbat heriotza «natural» gertatuko dira krisi honek iraun bitartean, zenbat patologia kronikoren okertze, estatistiketan osasun-sistemaren birmoldaketatik at geratuko direnak? Ziur aski, ezingo dugu inoiz jakin.

Zer esanik ez, osasun-krisialdi deitu zaion hau amaitzen denean. Jarraipenik izan ez duten patologia kroniko horien guztien kontrolak berrartu beharko dira, askotan desorekatuta eta, beraz, jarraipen gehiagoren beharrarekin. Orain arte egin gabeko analisiak, kontsultak, ebakuntzak… pilatu egingo dira, itxaron-zerrendak luzatuko dira, horrek osasunean eragiten duen kaltearekin. Denbora luzez atseden hartu ezinik eta lan karga handiagoarekin egon diren osasun-langileei are gehiago pilatuko zaie lana, horrek (eta pasatutako egoerak) eragin ditzakeen ondorio fisiko zein psikologikoekin, eta beraz, pazienteen osasunean izan dezakeen eraginarekin. Hori guztia, gainera, osasunaren okertze orokor bat ekarriko duen krisi ekonomiko baten atarian. Kontuan hartu beharra dago hau guztia, osasun-sistemaren kudeatzaileak «osasun-krisia gainditu dugu» esanez telebistan agertzen diren hurrengoan.

COVID-19, KLASEDUN BIRUS BAT

Bestalde, COVID-19aren «pandemiak ekarri duen mundu mailako ekonomiaren gainbeherari» erreferentzia eginez, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Kristalina Georgievak Munduko Bankuko presidentearekin batera adierazi du «argi dagoela 2009koaren gisako edo are okerragoa den atzeraldi batean gaudela». Munduko monetaren eta finantzen hegemonia bermatzen duten bi erakundeen aurreikuspenak ez dira txantxetan hartzeko modukoak. Baina naturaren zorigaiztoko ezbehar baten aurrean ote gauden edo burgesiaren ofentsiba baten aurrean ote gauden ulertzeko, pandemiak oro har langile klaseari nola eragiten dion identifikatu beharra dago, eta ez soilik haren biriketan. Osasun-langileak ez dira ondorio latzenak haien azalean bizitzen ari diren bakarrak. «Krisi honen ondorioak langileriak ordainduko ditu» adierazpenetik harago, hortaz, egungo egoera ulertzeko beharrezkoa da kapitalaren joera eta COVID-19aren testuingurua zein izan den ulertzea, hasieran esan dugun modura.

KRISIA, ERRESERBAKO INDUSTRIA ARMADA (EIA) ETA ERREPRODUKZIORAKO BALDINTZAK

2008ko krisia eta ondorengo Atzeraldi Handia izan dira mende berriaren hasieran krisi kapitalista azaleratzeko modua (1997ko Asiako krisiarekin edo 2000ko puntucomen burbuilarekin batera). Krisiaren ondorioz, urte luzez okerrera egin dute herrialde askotako langileen bizi baldintzek, eta Euskal Herrian ere ondorio nabarmenak utzi ditu. 2008tik aurrera piztu zen ofentsibak, besteak beste, gizarte-prestazioen murrizketa, lan-eskubideen galera eta osasun-zerbitzuen kalitatearen beherakada eragin zituen, hau da, proletarizazio prozesua azkartu zuen.

Langabetuen kopuruan gorakada handia izan zen 2008tik 2012ra bitartean. 2008an 87.852 langabe ziren Hego Euskal Herrian, baina 2012. urtea bukatzean, 215.400 langabe zenbatu zituzten. Beraz, lau urtean, 127.540 pertsona sartu ziren langabezian, eta % 145 hazi zen langabezia-tasa. Gainera, 2008tik 2012ra artean, % 7,15 jaitsi zen batez besteko soldata EAEn, eta % 9,15 Nafarroako Foru Erkidegoan.

Espainiako Zerga Agentziaren 2013ko datuen arabera, soldatapeko 10.434.641 langilek (sektore horren ia % 60) lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik kobratzen zuten: 1.282,8 euro gordin hilean. Horrek esan nahi du, haien diru-sarrerak, gizarte-kotizazioak eta zergak ordaindu ondoren, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik zeudela. Horietatik, erdiak baino gehiagok (5,6 milioi) batez beste 6.603 euroko diru-sarrerak zituzten urtean, gutxieneko soldataren azpitik. Datu horiei sei milioi langabe gehitu behar zaizkie estatu mailan, eta horietatik bi milioik baino gehiagok ez zuten inolako prestaziorik jasotzen, gainera.

Prestazioak jasotzen zituzten pertsonen kopuruak gora egin arren, ordea, gastuak ez ziren neurri berdinean handitu. LANBIDEren datuen arabera, 2013ko urrian 62.082 familiak jasotzen zuten Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta EAEn, eta krisialdiaren hasieran, 30.000 familia baino gutxiagok jasotzen zuten. Laguntza hori jasotzen zutenen artean, hamarretik sei ziren emakumeak, eta ia heren bat pentsiodunak, pentsioa osatu beharra zutenak.

Agerikoa denez, krisialdietan, batera gertatzen diren fenomenoak dira langabezia, lanean jarraitzen dutenen baldintzen okertzea eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonen kopuruaren gorakada. Horrek badu bere azalpena. Akumulazioaren eta erreprodukziorako baldintzen arteko harremana langabeziaren bidez gauzatzen da, hein handi batean. Langabezian dagoen populazioak, langabeen erreprodukziorari eragiteaz gain, lana mantentzen duten langileen baldintzak okertzeko presioa egiten du. Modu horretan, kontratatzen ez den lan-indarraren zati horrek deskribatzen du nola eragiten dieten metaketaren gorabeherek proletariotzaren erreprodukziorako baldintzei. Era berean, krisiaren ondotik agertzen den jarduera ekonomikoaren murrizteak, prestazioen oinarri den diru-publikoaren funtsa txikitzea dakar. Hori, gainera, laguntzen beharra duten pertsonen zenbatekoak gora egitearekin batera gertatzen da. Horregatik, prestazio horiek modu absolutuan handitu egin daitezkeen arren, txikitu egiten dira modu erlatiboan. Diru gehiago banatu arren, kide bakoitzak diru gutxiago jasotzea eragin dezake horrek, proletarizazio prozesuaren fenomeno argia dena.

Lan-indarraren erreprodukzioa, hau da, bizirauteko beharrezkoak diren bizibideak (elikagaiak, arropak, energia, etxebizitza, osasuna...) eskuratzea, lan-indarraren salmentaren bidez lortutako zuzeneko soldataren mende egoteaz gain, estatuak hainbat mekanismoren bidez eskaintzen duen zeharkako soldataren mende ere badago (zerbitzu publikoak, langabeziagatiko edo ezintasunagatiko prestazioak, pentsioak...). Horiek, hein handi batean, zerga eta kotizazio gisa ezagutzen diren ekarpen jakin batzuk ezarriz finantzatzen dira. Ongizate Estatua ahalbidetu zuten baldintzak krisi ezberdinetan (70eko hamarkadatik gaur arte) desagertu izanak, adibidez, langile klasearen bizi kalitatea nabarmen okertzea eragin du.

Langabezia-tasa nozio estatistiko bat da (zehazki, biztanleria aktiboarekiko desokupazio-maila neurtzen du) eta, beraz, beste faktore batzuekiko korrelazioak eta ereduak eskain diezazkiguke (kutsatuen kopurua, konfinamendu egunak, sexua, arraza...). Tasa horren bitartez argitu dezakegu koiuntura ekonomiko bakoitzak langile klasearen gain eta proletarizazio prozesuan duen eragina. Ez da, ordea, langabezia bera azaltzeko gai, langabezian ematen diren aldaketa fenomenologikoak jaso besterik ez du egiten.

Langabeziaren existentzia (edo Ekonomia Politikoaren Kritikaren kategoria erabilita, Erreserbako Industria Armadaren existentzia) egiturazkoa da, eta kapital metaketa handiaren emaitzetako bat da. Krisiak edo oparotasun ekonomikoak bere tamainan eragina duen arren, EIA elementu funtsezkoa da kapitalaren akumulazioa bermatzeko, izan ere, baldintza egokiak sortzen ditu kapitalak bere irabaziak handitu eta kapitalizatu ditzan. Horregatik, ziklo ekonomikoaren arabera, maila bat edo beste hartzen du langabeziak edo EIAk.

Koronabirusaren fenomenoari lotutako koiunturan, epe motzera, eragin zuzena izan du langabezia hazi izanak. Ikusteke dago, alde batetik, jarduera ekonomikoa zein neurritan berraktibatuko den eta zenbat langile bueltatuko diren lanpostuetara. Bestetik, langabeziaren gorakadak langile guztien bizi baldintzetan izango duen eragina ere ikustear dago, hau da, kapitalak zenbat ordainaraziko dion langile klaseari bere krisia.

Izan ere, oraingoz behintzat, datuak ez dira batere positiboak. 2020ko martxoa amaitzerako, 14.364 langabe gehiago zeuden Hego Euskal Herrian, guztira, 165.578. Apirila amaitzerako, 13.507 pertsona gehiago sartu ziren langabezian, eta guztira, 179.085 ziren langabeak. Zerbitzuen sektorea kolpatu du gogorren langabeziak, eta industriak eta eraikuntzak jarraitu diote atzetik. Adierazpen argigarria da langabeen ia % 8k 25 urte baino gutxiago dituela, martxoko datuen arabera. 2008an abiatu zen krisialdiaren hilabeterik larrienetan ere ez zituzten hainbeste langabe erregistratu Nafar Lansareko eta Lanbideko bulegoetan, eta aurretik, hiru aldiz baino ez da gainditu 10.000 langabe berriren langa: 2009an, 2010ean eta 2012an.

Beraz, koronabirusak eragindako krisiak bete-betean egin du topo krisi ekonomiko bat iragarri dezaketen datuekin. Horiei, gainera, gehitu egin behar zaizkie osasun-krisiaren koiuntura baliatuta ezarri diren Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak (ABEEE), langabezia-tasa nabarmen handitu dutenak. Apirilaren 30era bitarteko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 202.629 behargin zeuden aldi baterako lan-erregulazio txostenen eraginpean. Apirila hasterako, Hego Euskal Herriko enpresen % 37k zuten egina ABEEE bat ezartzeko eskaera, eta Confebasken arabera, 58.893 ziren ordurako aldi baterako erregulazioan zeuden enpresak. Batez beste, enpresa horietako langileen % 84ri ezarri zizkieten espedienteak. Epe ertainera begira, badirudi enpresetako askok ez dutela koronabirusa agertu aurreko jarduera ekonomikoa berreskuratuko, eta horrek eragin nabarmena izango du langile klasearen sektore desberdinetan. Ikustear dago, bestalde, zenbat enpresak baliatuko duten egoera lantegiak ixteko edota aldi baterako kontratatutako langileak kanporatzeko.

KAPITALISMOA ETA LANGILE KLASEAREN POBREZIA

Langabeziaren inguruan aritu ostean, langile klasearen erreprodukzioari heldu diezaiokegu modu orokorragoan. Denbora tartea oraindik oso laburra izan denez, ia ezinezkoa da epidemiak akumulazioan eragindako asaldurek proletariotzaren bizi baldintzetan izan dituzten ondorioak kuantifikatzea. Horregatik, krisi kapitalistak orain arte baldintza horiek nola aldatu dituen identifikatu behar dugu, gaur egungo egoerara estrapolatu ahal izateko.

Gizartearen gehiengoak uste duenetik urrun, pobrezia egiturazko egitatea da, ez aberastasunaren kudeaketaren eta birbanatzearen arazo huts bat. Diru-sarrerarik eza ekoizpen harreman kapitalistetatik dator, eta horrek esan nahi du langile klasearen geruza zabalek ezin dituztela lortu bizirauteko gutxieneko baliabideak. Horrek etxebizitza, elikadura, energia eta kontsumo-ohiturak bezalako auziei eragiten die. Auzi horiek guztiek eragin zuzena dute pertsonen osasunean, eta horrek berebiziko garrantzia du egun bizi dugun egoeran.

Hala, pobrezia errealaren datuek adierazten dute oinarrizko premiak ez direla beti asetzen. EAEko datuei erreparatzen badiegu, ikusten dugu tasa % 4,2tik % 6,1era igo zela 2008tik 2018ra bitartean. Datu erlatiboak erabilita, badirudi ez dela igoera handia, baina datu absolutuei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu 90.678 pertsonatik 132.431 pertsonara pasatzen dela. Hau da, 10 urtean, 41.753 pertsona gehiago daude egoera horretan. Beste adierazle batzuei erreparatzen badiegu, ikusten dugu 2018an 446.695 pertsona zeudela pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskuan EAEn, alegia, 2016an baino % 16 gehiago. Eustatek emandako definizioaren arabera, adierazle horrek pobrezia arriskuan dauden pertsonei, gabezia material larrian daudenei edota lan intentsitate oso txikiko etxeetan bizi direnei egiten die erreferentzia. Dena den, Espainiako Estatu mailako datuetara joz gero, errealitatea are gordinagoa dela ohartuko gara. 2008an pobrezia tasa % 19,8koa zen, eta etengabe hazi zen, 2016an % 22,3ra eta 2018an % 21,5era iritsi arte. Azken datu horrek adierazten du 2018an 10.031.900 pertsona zeudela pobrezia arriskuan. Nolanahi ere, garrantzia duen datu bat da, 2019an Espainiako Estatuko biztanleriaren % 55,3k (26.046.517 pertsona) nolabaiteko zailtasunak baitzituzten hilabete amaierara iristeko.

UNICEFen arabera, desnutrizioak, gehiegizko pisuak edo obesitateak eta funtsezko mantenugaien gabeziek (burdina edo bitaminak) eragindako malnutrizioak gero eta gehiago eragiten die mundu osoko familia pobreei, eta horrek bizirauteko edo osasun ona izateko aukerak murrizten ditu. 2019ko Espainiako Osasun Inkesta Nazionala (ENS) aztertuz gero, ikus dezakegu 2 eta 17 urte bitarteko pertsonen % 24,7k obesitatea edo gehiegizko pisua dutela EAEn, eta % 15ek Nafarroako Foru Erkidegoan. Edonork lotu lezake hori oparotasunarekin, baina, egia esan, baliabide falta elikadura txarrarekin lotuta dago.

Etxebizitzari dagokionez, diru-sarrerarik ezak hipoteka edo alokairua bezalako gastuei aurre egiteko ezintasuna eragiten du. Honako grafiko honek Espainiako Estatuan 2013tik hiruhileko bakoitzean egindako etxegabetzeen kopurua adierazten du. 2019ko azken hiruhilekoan 13.612 etxe kaleratze izan ziren, alokairua edota hipoteka ez ordaintzeagatik. Eustaten datuen arabera, 2018an, batez beste 2.979 pertsonak erabili zuten etxerik gabeko pertsonentzako zentroen sarea egunero, hau da, 2016an baino % 25,6 gehiagok. Gertakari horiek erakusten dute, beste behin ere, ordena sozial kapitalistaren izaera erabat bortitza, ez baitu ikararik sentitzen milaka familia kanporatu eta miseria osora kondenatzerako orduan.

2019an Gurutze Gorriak 1.415 familia artatu zituen EAEn, eta horietatik % 50ek elikadura egoki baten edo etxeko tenperatura egoki baten artean aukeratu behar zuten. Hainbat ikerketak frogatu dute lotura dagoela etxean denbora luzez tenperatura desegokian egotearen eta arnas gaixotasunak edo gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskuaren artean. Gaixotasun horiek, COVID-19arekin konbinatuta, hiltzeko probabilitatea handitzen dute neurri handi batean.

COVID-19-AREN ONDORIOAK

Esan bezala, langile klaseak bizi duen kalbario horren zati handi bat akumulazioaren garapenaren eta Erreserbako Industria Armadaren hazkundearen araberakoa da. Beraz, azkenik, gure buruari galdetu behar dioguna da nola eragingo dion COVID-19ak akumulazioari. Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak iragarri duten bezala, pandemia honek krisi kapitalista areagotzen badu, 2008tik aurrera bizitakoak baino are egoera okerragoak eraginez, aurreko atalean deskribatutakoaren antzeko egoera bat aurresuposatu dezakegu.

EAEn ados daude Arantza Tapia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Confebask, «koma ekonomikoa» saihesteko, ekoizpena geratzea saihestu behar dela esatean. Era berean, baina, plantillak murrizteko ABEEEak sustatu dituzte. Kontua da kapital konstanteak, kapital aldakorrak ez bezala, erabiltzen ez denean balioa galtzen duela (amortizatu egiten da) balio hori merkantzietara transferitu ordez: «Kapitalaren alferreko aurrerapena da, eta galera hori positibo bihurtzen da; agerpen horretan gastu gehigarriak behar dira lanari berriro ekin ahal izateko» (gainera, beste faktore batzuk sartuko lirateke jokoan, hala nola, fidelizazioa edo merkatu kuota).

Aldi berean, azken hamarkadako gainakumulazioak, azaldu dugun bezala, kapital aldakorraren soberakina sortzen du alde batetik, gainbalio falta dela-eta kanporatu egin behar dena; horretarako, ABEEEak erabiliko dira, noski, baina, batez ere, aldi baterako lanen eta, pandemia amaitzean, lan-erregulazio txosten klasikoen artean mugitzen diren langile horiek guztiak ez kontratatzea bilatuko da. Beste alde batetik, gainakumulazioak EIA handitzeko premia larria ere sortzen du, kontratatutako kapital aldakorrari presio egin diezaion, erauzitako gainbalio absolutua eta erlatiboa handitu daitezen: soldata errealak jaistea, lanaldiak handitzea (aparteko orduak...), behin-behinekotasuna sustatzea... Jakina, EIA handitzeko bi bide horietan urrats handiak egin dira 2008tik, baina izua eta salbuespena nagusi diren une honen modukoak aukera paregabeak dira lan horiek modu zainduan intentsifikatzeko. Kontrajoerak direlakoak azkartu egiten dira momentuotan.

Baina konpainia handiak ez dira denbora tarte honetan EIA elikatuz kapital aldakorra alde batera utziko duten bakarrak; izan ere, autonomoen zati handi bat, mikroenpresak (10 langile baino gutxiago), enpresa txikiak (50 langile baino gutxiago), baita ertainak ere (250 langile baino gutxiago) oso egoera txarrean geratuko dira, nahiz eta kontu hori zertxobait konplexuagoa den. Gehien-gehienek jarduera eten beharko dute, diru-sarrerarik gabe, baina kostu finkoei aurre eginez; hala nola, alokairuari. Askok kapital handiagoen merkantziak saltzen dituzte, eta, beraz, hornitzaileek emandako kredituaren mende daude erabat. Esportazioan eta inportazioan diharduten beste batzuk erori egingo dira, beste herrialde batzuen (Txina, adibidez) akumulazioa moteldu egingo delako. Ekoizle txikiek aukeratu egin beharko dute banatzaileen botere monopsonistari aurre egitearen ala salgaiak jartzeko kanalak itxita aurkitzearen artean. Nolanahi ere, oro har, negozio txiki horiek ez dute kapitala metatzeko eta eskala zabalduan erreproduzitzeko gaitasunik; beraz, egindako gainlan hori kapital handiaren irabazi modura materializatzen da (hornitzaileak, banatzaileak, bankuak, hartzekodunak...). Hortaz, horien artean arestian aipatutako joera hedatuko da, hau da, gainbalio gehiago erauztea kapital aldakor gutxiagori, baina eurentzat metatu gabe. Gainera, negozio horien itxiera masiboarekin kapitalaren zentralizazioa agertuko da (batez ere enpresa ertainetan); irabazi-tasaren jaitsierari aurre egiteko oso ohikoa den beste mekanismo bat (konposaketa organikoa handitu gabe metatzeko, merkatu-kuota handitzeko, teknifikazioan lehiatzeko...). Dena den, oraingo honetan barne-merkatuari begira baino ez dute ahalbidetu kapital txikien lapurreta, kanpoko kapitalen aurka blindatu diren bitartean, enpresa jakin batzuetan eros daitekeen partaidetza % 10ean mugatuz.

Koronabirusaren pandemia neurri kontra-emaile horiek ezartzeko abagune egokia izan arren, ekoizpenaren geldialdi osoak edo partzialak beste arazo potolo bat dakar, agintariek alde batera utzi ez dutena: gainbalio eskasia okertzen du. Bi aurpegi ditu arazo horrek: lehen aurpegia ekoiztutako gainbalioa gauzatzeko zailtasunak dira, berankortasun arazo modura adierazten dena. 2008ko krisiaren oso antzera, ez-ordaintzeen kate batek (maileguak, errentak, interesak, hornidurak... azken batean gainbalioa edo soldata direnak) are gehiago murriztuko du ekoizpenak itzultzen duen gainbalioa, ez-ordaintze hori «baimenduta» egon ala ez. Arazo honen beste aurpegia sinpleagoa da: ekoizpenik ez badago, ez dago gainbaliorik. Hori erraza da; pandemiak zenbat eta kapital gehiago desmobilizatu, orduan eta gainbalio gutxiago erauziko da. Nolanahi ere, gaineratutako eskariaren arazo bat izatetik urrun (progresismoak planteatuko duen bezala), oso garrantzitsua da azpimarratzea gainbalio falta dela gauzatzeko arazoen arrazoia (kredituarena edota prezioena bezala), eta ez alderantziz.

COVID-19aren egungo testuinguruarekin lotutako askoz aspektu gehiago daude, aipatu ez ditugunak. Oro har, epidemiaren eragina aho biko arma da, gainbalio eskasia areagotzen duen aldi berean, gainbalio tasa handitzeko eta kontrajoeren bidez kapital konstantearen pisua murrizteko (debaluatuz) palanka gisara balio baitu.

Kontuan hartu beharreko beste elementu bat dira «krisia arintzeko hartu diren neurriak»; hala nola, Espainiako Gobernuaren «talka-plana». Hala ere, Hodei Mendinuetak gedar.eus web orrialdean argitaratutako artikuluan aurki dezakezue neurri horien azalpen zehatz bat. Bertan azaltzen digu politika ekonomiko hedakorrak balio transferentzia hutsak direla, eta politika horiek ez dutela baliorik sortzen; beraz, zerga-politika guztiek (salbuespenak, diru-laguntzak...) eta moneta-politika guztiek (QE, interes tasaren murrizketak...) joerak leundu besterik ezin dute egin, ez joerak aldatu. Mendinuetak bere artikuluan dioen bezala, gainbalio eskasia da garrantzitsuena auzi horien edozein alderdi aztertzean. Koronabirusak ez du krisia sortzen, krisiaren alderdi desberdinetan eragin baizik. Krisia kapitalak sortzen du.

Nabarmentzekoa da birusak gogor kolpatu dituela eta kolpatuko dituela sektorerik babesgabeenak, hau da, Euskal Herrian gero eta zabalagoa den proletariotza. Enpleguaren galerak eta gizarte-prestazioak murrizteak familia asko etxegabetzea ekarriko du, alokairuak edo hipotekak ordaintzeko ezintasuna dela-eta, eta elikagaiak edo berokuntza ordaintzeko ezintasunaren miseriara jaurtiko ditu, osasuna arrisku larrian jarriz. Bizi baldintzei buruz aurkeztu diren datuak dagoeneko nahiko gordinak baziren, hobetu beharrean, okerrera egingo dutela dirudi. Eta gobernuak neurri batzuk onartzen baditu ere, neurri horiek adabaki bat besterik ez dira izango, eta proletarizazio prozesu azkar baten aurrean egongo gara. Politika publikoen bidez (erreskateak...) galerak sozializatu eta etekinak pribatizatuko dituzte; beraz, orain bai esan dezakegu krisi hau, guztiak bezala, langile klaseak ordainduko duela.

EMAKUME LANGILEON BIZKAR

Eta kolpatutako langile klaseari dagokionean, emakume langileen egoera ere bere berezitasunez jantzi da krisi kapitalistaren areagotze horretan. Alde batetik, testuinguru berezi bezain gogor honetan Espainiako Gobernuak «funtsezko zerbitzu» modura izendatu dituen lan sektore asko dira feminizatuta dauden sektoreak. Etxeko lanen % 90 egiten dituzte emakumeek; gizarte zerbitzuetan jarduten dutenen % 82 emakumeak dira, osasun-zerbitzuetan % 77, eta komertzio txikietan % 70. Osasun-langileen egoera aztertzean esan dugun modura, emakume langile horiek guztiek ere lanera joatera behartuta ikusi dute euren burua, baina kasu askotan ez dituzte euren osasuna bermatzeko beharrezko babes neurriak izan. Era berean, osasunarekin lotutako arazoek edota familia arteko pertsonen zaintzak sortutako eritasun bajek alde batetik, eta langile berriak kontratatzeko beldurrak (birusa izateko aukeraren ondorio), bestetik, lanean daudenen lan-orduak eta funtzioak areagotu ditu, lanaldi nekagarriak eta estres maila handiak eraginez.

URA GORAINO

Garbiketaren sektorea, besteak beste, funtsezkotzat jo du Espainiako Gobernuak, baina ez da bereizketarik egin martxan dauden guneen eta itxita daudenen artean. Hala, ehunka garbitzaile behartu dituzte itxita dauden zentroetara lanera joatera. Gainera, behin eta berriz errepikatu dute, ez dutela babesteko baliabiderik izan ia. Aipatzekoa da, adibidez, EHUko garbitzaileen kasua: greban zeuden pandemia hasi aurretik, eta krisia hastean, % 100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu zizkieten.

Etxeko langile egoiliar modura lan egiten dutenen kasua ere bereziki gogorra da. Askok salatu dute alarma egoera amaitu artean ez dietela lan egiten duten etxeetatik ateratzeko baimenik ematen, eta lehendik konfinatuta egonda, denbora gutxian, haien egoera asko laztu dela diote. Era berean, prostituzioan aritzera behartutako emakume asko kalean geratu dira prostituzio-etxeak ixtean. Zenbait kasutan lokaletan geratzea negoziatzea lortu badute ere, etorkizuneko zorrak handitzearen bitartez izan da. Beste kasu batzuetan, eskariak aurrera jarraitzen duenez, lanean jarraitzen dute, euren osasuna arrisku larrian ipiniz.

Langileriak bizi duen errealitatearen magalean hedatu diren kaleratze eta aldi baterako lan-erregulazio dosierrez gain, obra edo zerbitzu zehatz baterako kontratua zuten beharginak lan-erregulazioetatik kanpo geratu dira, eta askok, ez dute prestazioetara jotzeko aukerarik ere. Etxeko langileena kasu nabarmena da atsekabe testuinguru horretan: 2011. urtean Nazioarteko Lan Erakundeak etxeko langileentzako baldintzak arautzen zituen hitzarmen bat ezarri zuen, 189 hitzarmena. Nahitaezko izaera izan dezan, ordea, estatu bakoitzak berretsi behar du, ez baita derrigorrezkoa. Espainiako Estatuak, adibidez, ez du berretsi. Hortaz, Gizarte Segurantzako araubide berezi baten menpe dagoen sektore honek ez du langabezia prestazioa jasotzeko eskubiderik.

Apirilaren 2an, sektore honentzako ez-ohiko dirulaguntza onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak. Dirulaguntza horrek, baina, martxoaren 14a baino lehen Gizarte Segurantzan alta emanda zeuden langileak barne biltzen ditu soilik. Ez da kontuan hartu, alde batetik, sektore honetan diharduten askok orduka lan egiten dutela eta hilabetean 60 ordu baino gutxiago egiten badituzte, enplegatzaileak ez daudela kontratua egitera behartuta (nahiz eta astean 40 ordu baino gehiago lan egiten duten gehienek). Gainera, bestetik, ez dute kontuan izan lan sektore hori, egoiliar modalitatean batik bat, atzerritik datozen eta, beraz, bizileku edo lan baimenik ez duten emakume askorentzako babesleku izaten dela. Hala, etxeko langile gisara diharduten emakumeen % 40 inolako dirulaguntzarik gabe geratu dira. Etxeko langileen eta emakume etorkinen hainbat kolektibok euren bizi baldintzak bermatzeko mekanismoak martxan jarri behar izan dituzte, horien artean, alokairuko gastuak, mantenua edota lekualdatzeak bermatzeko erresistentzia kutxak.

Menpekotasuna duten pertsonen (haurrak, helduak nahiz desgaitasunak dituztenak) zaintza-lan asko soldatapeko lan bilakatu badira ere, egungo egoerak jarraipena eman dio aurretik ere gizarte zerbitzuen beherakadak eta pribatizazioek hasitako prozesuari. Modu horretan, etxera bueltan etorri dira lan horietako gehienak, berriz ere emakumeen gain jausi direlarik. Askok, euren enpleguak utzi behar izan dituzte zaintza-lan horietaz arduratu ahal izateko, ez baitute beste pertsona bat kontratatzeko baliabide ekonomikorik. Batzuek, lanaldi osoak lanaldi partzial bihurtu behar izan dituzte, eta lanaldi osoan jarraitzen dutenek, batzuk etxetik lan eginez, lan karga izugarria jasaten ari dira. Ikustekoa da horrek guztiak pertsona horien osasunean izango dituen ondorio psikologiko zein fisikoak nolakoak izango diren.

LAU HORMAREN ARTEKO ERREALITATEAK

Krisialdi honetan gobernuek ezarritako konfinamenduak goitik behera aldatu du gure egunerokotasuna. Orain, etxean ditugunekin elkarbanatu behar ditugu eguneko 24 orduak, eta egoera muturrekoa eta sostengaezina bilakatu da tratu txarrak jasaten dituzten emakumeentzat. Indarkeria eta erailketa matxisten kasu gehienak etxe barruan ematen dira. Egun bizi dugun egoeraren aurrean, elkarbizitza bakandu horrek tentsioak sortzeko aukera asko sortzen ditu, tratu txar jarraituen kasuan, indarkeriaren gogortze baterako abagunea handituz. Jakin badakigu, gainera, indarkeria mota hau areagotu egiten dela bizikidetza egonkortzen edo handitzen den uneetan; adibidez, oporraldietan.

Horren harira, Emakundek adierazi du 0. astean, hau da, martxoaren 7tik 13ra, 90 salaketa egon zirela eta ondorengo asteetan salaketak erdira jaitsi zirela. Hori hainbat arrazoiren ondorio izan daitekeela azpimarratu dute. Alde batetik, erasotzailearekin bizitzen ari diren bitartean, emakumeek salatzeko izan dezaketen aukera murritzagoa da eta beldurra areagotu egiten da. Bestetik, askotan erasotzaileak bikotekide ohiak izan ohi dira eta konfinamenduak eraso horiek oztopatu ahal izan ditu. Beste hipotesi batzuek diote konfinamendua amaitzeak erasoen areagotzea ekarriko duela.

Dena den, 2020an lau erailketa matxista izan dira jada Euskal Herrian, aurreko urte osoan zenbatutako kopuru berdina. Horietako bat konfinamendu garaian izan zen, Soraluzen. Espainiako Estatuan, aldiz, 17 hildako izan dira martxora bitartean, eta horietako bat alarma egoera ezarrita gertatu zen. EAEn aurkeztu diren salaketen datuak oraindik ez baditugu ere, Espainiako Estatuan, 2000 salaketa inguru izan ziren konfinamendua hasi zen astean.

Indarkeria matxista pairatzen duten eta jasateko arriskuan dauden emakumeen egoera are larriagoa bihurtu bada ere, baliabide aldetik, askok muga argiak izan ditzakete egoera horri aurre egiteko. Emakume langile askok, telefono mugikorra izan arren, mugatuta izan dezakete horien erabilera, erasotzailearen kontrola dela-eta. Kalera ateratzeko duten aukera ere oso mugatuta egon daiteke, eta beraz, farmazietan indarkeria matxista salatzeko sortutako baliabideak ere ezin dituzte erabili. Azken finean, salaketa emakumearen esku geratzen da, horretarako dituen oztopo guztien jakitun izanik.

ERORIALDIA

Emakume langile askoren errealitate gogorrari ere erreparatuta, argia da parez pare ikusten ari garen eszenatokiak ez duela itxura onik langileriarentzat. Krisi honen ondorioz eman daitezkeen murrizketa eta berregituraketa guztiek, besteak beste, zaintza-jardunak ardatz dituzten lan askoren etxeratzea eragin dezakete, eta neurri handi batean emakume langileen gain erori daitezke berriro, horrek dituen ondorio guztiekin. Egoera horrek sortu dezakeen miseriak indarkeriaren testuingurua areagotzea ekarri dezake, eta emakume langileek, beste behin, haien azalean biziko dutela aurreikusgarria da.

Oro har, nahasmena eta izua sortu ditu COVID-19aren agerpenarekin piztu den larrialdi egoerak, eta kapitalak, aztoramen eta izu hori nahiz zalantzan jarri den lan harremanen esparrua baliatuko ditu orain, harreman sozial kapitalistek behar duten berregituraketa gauzatzeko. Langile klasearen lan eta bizi baldintzak oraindik ere prekarizatuagoak eta makurragoak izango direla dirudi, gero eta oztopo gutxiagorekin, erantzun modura ez bada, behintzat. Gero eta ozenagoa da iragarpena: erorialdia bizkortu duen eta bizkortuko duen krisialdia da COVID-19ak eragindakoa.