AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2019/04/30 11:14

Troikaren aginduei jarraituz Frantziako eta Espainiako estatuek onartutako erreformen ondoren, pentsio sistema publikoak suntsitzeko beste urrats bat egin du Europako Batasunak. Apirilaren 4an, Norbanako Pentsioen Europar Produktua (PEPP) arautzea onartu zuen Europako Parlamentuak, PPE eta Alde taldeen eta SDko diputatu sozialdemokrata batzuen botoekin. Besteak beste, EAJ, PP eta Ciudadanos daude PEPP babestu dutenen artean.

Pentsiodunen plataformek ohartarazi duten moduan, ongizate sozialerako sistema suntsitzeko beste neurri bat da araudi berria. Kapitalaren akumulazio fase berriaren beharrei erantzuten die, pentsioak ere kapital finantzarioaren interesen menpe jartzeko. Europako Batzordeak azaldu du “kontsumitzaile europarren” onurarako erregulazio bat, baina argi utzi du aseguru konpainiak, bankuak, inbertsio enpresak eta bestelako erakunde espekulatzaileak izango direla sistema hori gidatuko dutenak.

Horra PEEPren araudiak dakartzan aldaketa batzuk:

  • EBko estatuek ez dute betebeharrik izango “gutxieneko” sistema publiko bat bermatzeko.
  • Sistema pribatuan sartzen direnei onura fiskal handiagoak emango dizkie. Horrela, langileak pentsio pribatuak kontratatzera bultzatzeaz gain, sistema publikorako diru sarrerak gutxiagotzea ekarriko du.
  • Eskubide izatetik, gero eta gehiago, espekulazio finantzarioarako produktu izatera pasatuko dira pentsioak.

Europako hauteskundeen atarian, dena den, gogoan izatekoa da Europako Batzordeak egindako proposamen bat dela araudia, eta Europako Kontseiluak onartuko duela azken batean. Hau da, burgesia handiak Troikaren bidez estrategia oso baten barruan egindako urratsa dela, parlamentuan demokrazia burgesaren mozorroa jarri arren.

Ez da “demografia”, burgesia europarraren estrategia da

EBk berak Kapitalen Merkatu Batasuna sortzeko ekintza planaren (2015) barruan kokatzen du urrats hau, 2000ko hamarkadan hasitako Lisboako Estrategiari jarraiki. Langile klasearen eskubideak deusezteko estrategia horren ezaugarrietako bat da politika nagusiak Europako instituzioen esku uztea, estatuek herritarren gainetik aurrez adostutako neurri kaltegarriak martxan jartzeko, langileriaren erantzun bateratua zailduz.

Bankuek urteak daramate pentsio plan pribatuak sustatzen, eta estatuen pentsio sistemak ezbaian jarri dituzte. Burgesiak “fenomeno demografikoak” aipatzen ditu aldaketa horien kausa nagusitzat, ofentsiba kapitalistaren politikak direla ezkutatzeko. Baina pentsio sistemak ahultzeak zerikusi zuzena du, esaterako, estatuek beraiek onartutako erreformekin eta lan baldintzen kaskartzearekin.

Azken urteetatako lan erreformak, esaterako, ezin dira bereizi pentsioen arazotik; langile belaunaldi berriek langabezia handiagoa izango dute, soldata baxuagoak, behin-behineko kontratuak, baldintza kaskarragoak… Gutxiago kotizatuko dute, beraz. Eta pentsio pribatuetara jotzeko aukera dutenei onura fiskalak ezarriko zaizkiela kontuan hartuta, praktikan, ezabatu egingo da pentsio bat jasotzeko eskubidea.

Langile pentsiodunen deia

Gaur egungo sistemak ere ez die langileen beharrei erantzuten, langile pentsiodunen mugimenduak agerian utzi duenez. Urtebete baino gehiago daramate pentsioen pribatizazioaren aurka borrokan, besteak beste, gutxieneko 1.080 euroko pentsioa eskatuz. Gaur ere kalera atera dira herriz herri, eta apirilaren 13an manifestazioak egingo dituzte Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon.