Pandemia eta segurtasun globala, urbearen aurkako nazioarteko akordioa

COVID-19ak eragin duen salbuespen egoerak, ezinbestean, «segurtasun nazionala» aitzaki duten esku-hartze polizialak aztertzeko analisiaren beharra zabaldu du.
Argazki Nagusia
2020ko azaroaren 12a


[Arteka aldizkarian 2020ko ekainean argitaratutako erreportajea]

Hain zuzen ere, izurrite eta osasun larrialdian burgesia internazionalak langile klasearen aurka erabili duen ekinbideak, indartu baino ez du egin indar polizialen ekintza humanitarioek ezkutatzen duten estrategiaren hipotesia, nahita eragindako izurritea izan denaren susmoak indarra hartzearekin batera. Izan ere, esku-hartze horrek agerian utzi du azken hamarkadan garatu den defentsa kontzeptuaren helburua: lankidetza zibiko-militarra eta gastuak murrizteko estatuen ekintza koordinatua. Erreportaje honek NATOko kide diren estatuek eta Europar Batasunak halako agertokietan esku hartzeko adostutako estrategietan jarri du begirada. Idatziak NATOren 2009ko konferentziatik sendotu diren auziaren gaineko akordioak aztertzen ditu, bertan hasi baitzen marrazten eragindako osasun pandemiei aurre egiteko «defentsa kontzeptu berria». Era berean, Lisboako konferentzian (2010) adostutako estrategia horren garapenaren zatiak eta Smart Defence kontzeptuaren azalpena jaso dira. Europar Batasuneko defentsa buruek «Ganteko ekimenean» (2010) izen bereko hirian garatu zuten Pooling and Sharing ekinbidea ere jaso da. Amaitzeko, hori guztia munduko biztanleriak hurrengo hamarkadetan biziko duen urbanizazio-prozesuaren aurreikuspenetan kokatu da, alegia, Fourth Generation Warfare teoriaren baitan: «intentsitate txikiko hiri-gerra». Horretarako, A chi sente il ticchetio (2009) liburuan, beste hainbat testurekin batera, argitaratu zen Eserciti nelle strade (Armadak kaleetan) dokumentua erabili da.


Salbuespen eta setio neurriak, begirada bat pandemietako esku-hartzeari

Hona hemen, XVIII. mendearen amaierako erregelamendu baten arabera, hiri batean izurria deklaratzen zenean hartu beharreko neurriak. Lehenik eta behin, banaketa espazial zorrotz bat: hiriaren eta lur eremuaren itxiera, noski, debekatua dago heriotza zigorpean eremutik irtetea, animalia alderrai guztiak sakrifikatuko dira; hiria atal desberdinetan banatuko da, eta horietan intendente baten boterea ezarriko. Kale bakoitza intendente baten agintaritzapean geratuko da, eta hark zainduko du; uzten badu, heriotzarekin zigortuko dute. Izendatutako egunean, bakoitzari bere etxean ixteko aginduko zaio, eta ezingo du bertatik irten, heriotza zigorpean. Medikuak berak ixten du, kanpotik, etxe bakoitzeko atea, eta giltza berarekin eramaten du, ondoren sekzioko intendenteari emateko; hala, hark gordeko du berrogeialdia amaitu arte. [...]. Kaleetan ezingo da inor gehiago ibili, intendenteak, medikuak eta guardiako soldaduak baino; baita «beleak» deritzenak ere: -balio gutxiko jendea- infektatutako etxeen artean gorputzak garraiatzen dabiltzanak. Bost axola dio azken horien heriotzak: «hildakoak lurperatzen dituzte, etxe eta kaleak garbitzen, ofizio doilor eta zital asko egiten dituzte». Ebakitako, mugiezin eta harri bihurtutako espazioa. Bakoitza dagokion tokiari itsatsita dago. Eta mugitzen bada, horretan doakio bizitza, kutsatzea edo zigorra.

Ikuskapenak etengabe funtzionatzen du. Begirada, nonahi, mugimenduan dago: «milizia-gorputz handi bat da, ofizial onek eta jende onek gidatuta», guardia-gorputzak ateetan, udalean eta sekzio guztietan, herriaren obedientzia handiagoa izan dadin eta magistratuen autoritate absolutua izan dadin, «baita desordena, lapurreta eta arpilatze guztiak zaintzeko ere». Ateetan, zain­tza-postuak; kale bakoitzaren muturrean, zaindariak. Egunero, intendenteak bere ardurapean duen sekzioa zeharkatuko du, sindikoek beren eginkizuna betetzen duten edo bizilagunek kexak dituzten jakiteko; «haien ekintzak zaintzen dituzte». Egunero, halaber, intendentea bere ardurapeko kaletik pasatuko da; etxe bakoitzaren aurrean geratuko; bizilagun guztiak leihoetara aterako dira (patioaren aldean bizi direnek leiho bat dute esleituta); bakoitzari bere izenez deituko zaio: guztien egoeraren berri emateko, banan-banan, «eta, horretan, auzotarrak behartuta egongo dira egia esatera heriotza zigorpean»; baten bat leihoan agertzen ez bada, medikuak arrazoia galdetuko du; «horrela, etxe horretan hildakorik edo gaixorik ezkutatzen ote duten jakiteko». Bakoitza bere kaiolan sartuta, bakoitza bere leihora hurbiltzen da, izendatua izatean erantzuten du eta deitzen zaionean bere burua erakusten du, bizidunen eta hildakoen aldizkari handia da.

Zaintza hori erregistro iraunkorreko sisteman oinarritzen da: medikuen txostenak intendenteei, intendenteen txostenak errejidoreei edo alkateari. Itxialdiaren hasieran, hirian dauden auzotar guztien eginbeharra ezartzen da, banan-banan; «izena, adina, sexua, salbuespenik gabe» jasoko da; sekzioko intendentearentzat ale bat emango zaio, beste bat udaletxeko bulegorako, eta beste bat intendenteari. Hark egunero zerrenda pasa ahal izateko. Bisitetan ikusten den guztia - heriotzak, gaixotasunak, erreklamazioak, irregulartasunak – jasoko du, eta intendenteei eta magistratuei jakinaraziko die. Mediku-zainketen gaineko aginpidea dute; mediku arduradun bat izendatuko dute, eta beste inork ezin ditu gaixoak artatu, botikariek ezingo dute botikarik prestatu mediku horren baimenik gabe, aitorleek ezingo dituzte gaixoak bisitatu, «magistratuak jakinaren gainean egon gabe, gaixo kutsagarriak ezkutatu eta tratatzea eragozteko». Patologikoaren erregistroak etengabea eta zentralizatua izan behar du. Bakoitzak bere gaixotasunarekin eta heriotzarekin duen harremana boterearen instantziek, haren mende jartzen duten erregistroak eta hartzen dituzten erabakiek baldintzatzen dute.

Gune itxi hori, zatikatuta dago, zaindua, puntu guztietan, auzokideak leku finko batean giltzapetuta daude, mugimendu txikienak kontrolatuta, gertaera guztiak erregistratuta, etenik gabeko idazketa-lanak zentroa eta periferia lotzen ditu, eta boterea osorik egikaritzen da, pertsona bakoitzari dagokion hierarkia ezarriko zaio. Bizirik daudenak, gaixoak eta hildakoak, guztiak dagokien lekuan eta dagokion papera betetzen. Hori guztia da diziplina dispositiboaren eraginkortasuna. Izurriteari ordenak erantzuten dio; nahaste guztiak askatzea du helburu: gorputzak nahasten direnean transmititzen den gaixotasunarena; beldurrak eta heriotzak interdiktuak ezabatzen dituztenean biderkatzen den gaizkiarena. Bakoitzari agintzen dio bere lekua, bakoitzari bere gorputza, bakoitzari bere gaixotasuna eta bere heriotza, bakoitzari bere ongia, bere jabetza, nonahiko eta nolanahiko boterearen eraginez; zeina modu erregularrean eta etengabean banatzen baita gizabanakoaren azken determinaziora arte: ezaugarritzen duena, dagokiona, gertatzen zaiona. Nahastea den izurritearen aurka, diziplinak bere boterea, analisia, baliarazten du. Izurritearen inguruan jaiaren fikzio literarioa egon da: lege esekiak, interdiktu ezabatuak, pasatzen den denboraren frenesia, gorputzak errespeturik gabe nahastuz, mozorroa kentzen duten banakoak, beren estatutu-nortasuna eta horiek ezagutzeko figura alde batera uzten dituztenak, eta guztiz bestelako egia bat agertzen uzten dutenak.

Baina izurritearen diagnostiko politiko bat ere egon da, guztiz alderantzizkoa dena: ez festa kolektiboa, baizik eta partizio zorrotzak; ez lege urratuak, baizik eta erregelamendua existentziaren xehetasun txikienetaraino eta boterearen funtzionamendu kapilarra bermatzen duen hierarkia; ez jartzen eta kentzen diren azalak, baizik eta bakoitzaren «egiazko» izena, «egiazkoa» gorputza, «egiazko» bizilekua, eta «egiazko» gaixotasuna.

Izurriteak, aldi berean, desordenaren forma erreal eta imajinario gisa, diziplina du korrelatu mediko eta politikotzat. Diziplina-dispositiboen baitan, nahasmenean agertu eta desagertu, bizi eta hiltzen diren gizabanakoen «kutsatze», izurrite, matxinada, krimen, lausotasun eta desertzioen obsesioa irakurtzen da.

M. FOUCAULT
BEGIRATU eta zigortu: Espetxearen sorrera, 1975


Segurtasun nazionalaren izenean, pandemietan esku hartzeak nazioarteko ofentsiba ezkutatzeko agertoki paregabe bilakatu dira. Inteligentzia militar estatubatuarrak «segurtasun zibilean» esku hartzeko baliatu zituen 2001eko irailaren 11ko Dorre Bikien aurkako erasoa, Amerithraxaren krisia eta baztanga birusa erabiltzeko aukera. Horrela, hiri-ingurunean jarduteko prozedura operatiboak egokitu zituzten. Antrax direlakoek (kanbunkoarekin egindako erasoak) eman zioten izena FBIak Amerithrax izenarekin garatu zuen operatiboari. Adierazgarria da oso, eraso horiek 2001eko irailaren 18tik urriaren 9ra bitartean gertatu izana. Komunikabide handienetara bidalitako karbunko-hautsa zuten korrespondentziak izan ziren.

Polizia-operazioa herritarren askatasuna murrizteko erabili zen. Antraxak eragindako beldurrak Lege Patriotikoa sinatzeko balio izan zion Gobernuari, askatasunak murrizteko eta erabateko zaintza egoera ezartzeko lehen urratsa. Zenbait ikertzailek adierazi zuten Amerithrax izeneko hautsa Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren programa biologikoaren barruko laborategi batean sortu zela. Superarma-mailarekin, nanoteknologiarekin sortutako antraxa; bilioi bat espora aurkitu ziren ale bakoitzeko. Hain zen hilgarria harreman hutsarekin posta-zerbitzuko hainbat langile erail zituela.

USA Patriot Act-a lege federala da, Senatuak eta Ordezkarien Ganberak gehiengoz onartua. 2001eko urriaren 26an onartu zuten, Dorre Bikien eta Amerithrax erasoen ostean. «Terrorismoa eragotzi eta oztopatzeko tresna egokiak eskainiz, Amerika batzeko eta indartzeko legea». Helburu nagusia «segurtasun agentzien gaitasuna hobetzea eta koordinatzea» izan zen, «zaintza-konpetentzia handiagoak emateko», baita «delitu berriak aldarrikatzeko eta terrorismoagatiko zigorrak gogortzeko» ere. Hainbat epaik Konstituzioaren aurkakotzat jo dute, Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren eskubideak eta bermeak urratzeagatik. Izan ere, Lege Patriotikoa oinarrizko argudio batean oinarritu zen: «2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, Estatu Batuetako herriak bere segurtasunaren eta eskubide konstituzionalen artean aukeratu behar zuen».

NBQR mehatxuak, ofentsiba antolatzeko aukera paregabea

Aurreko hamarkadan, osasun-arloko esku-hartzea indartu egin da, «segurtasun-eredua» planifikatzeko eta garatzeko agertoki gisa. Jatorri naturaleko edo nahita sortutako gaixotasunen agerpenen kasuan ikus daiteke hori (adibidez, Obama presidenteak 2014ko birusaren ondoriozko gaixotasunaren epidemia Estatu Batuen segurtasun nazionalerako mehatxutzat jo zuen). Ildo horretatik, ez da zentzugabea ziurtatzea agente biologikoak nahita erabiltzea (funtsean, agente biologiko kutsakorrak) ezinbesteko estrategia dela indar armatuen esku-hartzerako, NBQR (eraso nuklear, biologiko, kimiko eta erradiologikoak)- «mehatxu terroristak» babestutako jardueraren barruan.

Nazioarte mailan, NATOk NBQR «mehatxu terroristari» aurre egiteko lankidetza zibiko-militarra planteatzen du, eragindako ingurune epidemiko gisa izendatuta, eta hainbat hurbilketatatik egiten du. NATOk 2009ko irailean egindako Konferentzian, The Comprehensive nato CBRN Defence Concept izenekoan, NBQR mehatxuen aurkako defentsaren norabidea aldatzea proposatu zuen, lankidetza zibiko-militarra indartzeko ikuspegian oinarrituta. Horrela, NATOko Larrialdi Zibilen Plangintzako Batzordeak lankidetza horretarako gida ez-lotesleak proposatu zizkien estatu kideei, agintari zibilek eta indar armatuek elkarrekin aurrera eramandako esku-hartzeak indartzeko.

Ezarritako gidalerroek, besteak beste, ohar hauek azpimarratzen dituzte:

  • Nazioek bermatu beharko dute gaitasun zibil eta militar guztiek eskuragarri egon behar dutela.
  • Arriskua komunikatzeko estrategiek eta politikek nabarmendu beharko dute laguntza militarra behar dela horrelako gertakarietan.
  • Nazioek ziurtatu beharko dute beren osasun-sistemek gaitasun militarren lankidetza eta integrazioa ahalbidetzen dutela.
  • Nazioek agentzia zibil eta militarren arteko informazioaren integrazioa eta koordinazioa ziurtatu beharko dute.

Aldi berean, Europar Batasunak, ezarritako ekintza-planen barruan, NBQR segurtasun-sare bat sortu du Europa mailako koordinazio estrategiko eta operatiborako. Besteak beste, helburuen artean, segurtasuna arriskuan jartzen duten nahita eragindako agertokien aurrean beharrezkotzat ezartzen du lankidetza ekonomiko-militarra: eskualde mailako edo maila globaleko pandemietarako, «osasun-segurtasun globala» deritzona indartu nahi du. Osasunaren Mundu Erakundearekin batera, behatzaile gisa, zenbait herrialdek 2001etik aurrera Segurtasun Globaleko Ekimena adostu zuten, osasun-hondamendiei aurre egiteko helburuarekin -gripe pandemikoa ere bertan sartu zuten-.

2005ean, Munduko Osasun Erakundeak hegazti gripeagatiko pandemia deklaratu zuen. Hala, ekinbidea NBQR mehatxuetatik haragoko egoeretara zabaldu zuten. Akordioari lotutako egoeretan, segurtasun globalaren arriskuen barruan sartu ziren gaixotasun kutsagarriak.

Horrela, indar armatuen jarduera protokolizatu zuten agertoki horietan, bai NATOren bidez nazioartean, bai plangintza nazionalen bidez. Hain zuzen ere, agerraldi epidemiko eta pandemikoei aurre egiteko kolaborazio zibiko-militarrak gaitasun eta baliabide militar eta zibilen batuketari egiten dio erreferentzia, aginte bateratuaren kontzeptuan integratuta.


Hamarkada berria, larrialdi ekonomikoa eta horren ondoriozko «segurtasun globalerako» maniobrak

NATOk ekintza bateratuaren aldarria egin zuen Ebola gaixotasunaren agerraldiaren aurrean. NATOk, ofizioz, gaitzaren agerraldiaren aurrean, ekintza kolektiboa ebatzi zuen, Smart Defence doktrinaren pean. Lisboako Konferentzian (2010), Aliantzako herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek beren ekintzarako kontzeptu estrategiko berri baten definizioa adostu zuten: Smart Defence.

Smart Defence

NATOren Segurtasun eta Defentsarako 56. txostenaren (NATOren Smart Defence-a, EBren Pooling and Sharing-aren aurrean) bigarren kapituluaren arabera, Smart Defence kontzeptu estrategikoak herrialdeei dei egiten die kolaborazio estua izan dezaten euren gaitasun militarrak garatzerako orduan; «kostu-eraginkortasuna murrizteko eta bikoiztasunak ekiditeko», eta «herritarrek defentsaren eta segurtasunaren arloan gaitasun gehiago izan ditzaten». Hain zuzen ere, estrategia aldaketa horren atzean arrazoi nabarmen bat dago: NATOren garaiko presidente zen Anders Rasmussenen hitzek argi diote, «finantza krisiak berekin ekar dezake segurtasun krisia ere, azpimarra berezia izan dezake gainera Europar Batasunean». Hori dela eta, txostenaren kapitulu horrek jasotzen ditu NATOren estrategia berriaren gaineko zehaztapenak.

  • Indar multinazionalak hedatzeko gaitasun handiagoa ahalbidetzea.
  • Ekintza-kostuak partekatzeko mekanismo berriak sortzea.
  • Lankidetza industriala sustatzea NATOren eta Europar Batasunaren arteko defentsan eta koordinazioan.

Smart Defence (SD) Aliantza Atlantikoko herrialde guztietako testuinguru ekonomiko gero eta zorrotzago bati emandako erantzuna da. Aliantzako kide diren herrialdeetako defentsa-gastuei buruzko zifrak aztertuz gero, Europako herrialdeen inbertsioak pixkanaka behera egin zuen krisi ekonomikoaren urteetan. Aldi berean, AEBen ekarpenak gora egin zuen pixkanaka. Era berean, azken horren interes geoestrategikoak Ekialde Urrunean nabarmendu ziren. Horri guztiari «beste arrisku bat» gehitzen dio dokumentuak: «Europa bi nazio-taldetan banatzeko aukera dago, segurtasun kolektiboari laguntzen diotenak eta pixkanaka atzean geratuko liratekeen beste batzuk; eta horrek aliatuen arteko tirabirak ekar ditzake».

Egoera horren aurrean, Segurtasun Agiriak argitu du NATOk defentsa industriaren dekretatzaile eta nazioen arteko bitartekari gisa jardungo duela, «defentsa industria indartsu eta lehiakor bat» lortzeko, «defentsa politika kolektibo baten bidez». Hala, gerra merkatuaren «zatiketa» saihestu nahi da: «gastuak murriztea eta koordinazioa planifikatzea». SD ekimenean planteatutako lankidetza hori hiru premisaren inguruan egituratzen da: «lehenespena, espezializazioa eta lankidetza».

Lankidetza horretarako, dokumentuaren arabera, hiru etapa jarri behar dira jomugan: «teknologia eskuratzea, gaitasunak eskuratzea eta horiei eustea».

  • Estatu mailan informazio esanguratsua eskuratzea.
  • Esparru komun bat izatea, Atlantikoaz haraindiko defentsa-lankidetza bideragarria izan dadin.
  • Herrialde parte-hartzaile guztiek onartutako kontratazioaren eta lehiaren gardentasun-arauak zehaztea.
  • Herrialdeetako plangintza militarra ezagutzea. Funtsezkoa da gaitasunak, programa komunak eta abar planifikatzeko eta koordinatzeko.
  • Teknologiaren gaineko kontrol-erregulazioen eragina Atlantikoaren bi aldeetan.


Lotura transatlantikoa eta gatazka Ekialde Urrunean

Komenigarria da Smart Defence-aren ekimena sortzen den agertokia berriro testuinguruan jartzea. Lankidetza transatlantikoari buruzko kapituluaren arabera, «munduko grabitate-zentroa, ikuspuntu ekonomiko eta estrategikotik, Europatik Ekialde Urrunera lekualdatzen ari da».

Pooling and Sharing

Panorama geopolitiko globalak gaitasun militarrak elkartzera eta partekatzera behartu ditu Europako herrialdeak, Pooling and Sharing programaren bidez (2010). «Ganteko ekimena» delakoaren arabera (Ghent Initiative, EBko defentsa-ministroek Ganten, Belgikan, 2010eko irailaren 23an egindako bilera informala), helburua da «nazioen ahalmen operatiboak zaintzea eta hobetzea, eta eraginkortasun, iraunkortasun, elkarreragingarritasun eta gastuan eraginkortasun handiagoa lortzea»; krisi ekonomikoak eta «Europako herrialdeetako defentsa-aurrekontuen gaineko presioak» bultzatuta. Testuinguru gisa beraz, ekimenaren elementu bultzatzailea krisi ekonomikoa eta defentsa-aurrekontuen gaineko presioa izan dira.

2014an, Ebolaren agerpenera eta pandemietan esku-hartzera itzuliz, Europako Lidergo Sareak bi gutun idatzi zituen, bata NATOko idazkari nagusiari eta bestea NBEko eta OMEko idazkari nagusiari zuzenduta. NATOren laguntza eskatu zuen NBQR protokoloa aplikatzeko. Afrikako kutsatutako lurraldean erantzun militarrak ematea zuen gogoan Europar Batasunak, baita Europako herritarrak bertatik ebakuatzea ere. Izan ere, Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua alde bakarrez ari ziren esku hartzen. Horrela, ekintza militarra koordinatzeko eta hedatutako unitate nazionalen zeregina gutxiesteko beharra azpimarratu zuen, herritarren aurkako indarkeria eta larderia erabiltzea argudiatuz.

Jarduera hori bi ardatzetan egituratuko litzateke. Alde batetik, Nazioarteko Osasun Erregelamenduaren aldaketa, kutsatutako lurraldean jardun ahal izateko eta «nazioarteko trafikoarentzako trabak saihesteko». Eta, bestetik, «nazioarteko intereseko osasun publikoko larrialdi-egoera» deklaratzea eta nazioarteko erakundeetatik zuzenean esku hartu ahal izatea, oztopo diplomatikorik gabe.


Fourth Generation Warfare: intentsitate txikiko hiri-gerra

Aliantzak milurteko berriaren erronkei aurre egiteko diseinatutako estrategiak NATOren Urban Operations in the year 2020 (2003) txostenean sakontzen dira. Tratatu hori Eserciti nelle strade artikuluak aztertzen du, A chi sente il ticchettio (2009) liburuan argitaratutako testua.

Dokumentuaren arabera, NATOren txosten horrek baieztatzen du «militarizazioa ez dela geldituko eta gerran gaudela», eta «bakea eta indarkeriarik eza lortzeko hezkuntza», «jendea geldiarazteko arma» baino ez dela.

Pobreziaren urbanizazio gero eta handiagoa

Dokumentuaren tesia testuinguruan kokatzeko, historian lehen aldiz, munduko biztanle gehienak hirian bizi dira. Eta hiri-populazio horren zati handi bat erabateko pobrezia-baldintzatan bizi da. Larrialdi Pandemikoen Azterketa Estrategikoen Espainiako Institutuaren 203. Estrategia Koadernoaren arabera, munduko populazioa bederatzi mila milioira iritsiko da 2050ean. Hazkunde hori Asian eta Afrikan garatuko da. 2050erako aurreikusitako munduko populazioaren erdia baino gehiago bederatzi herrialde hauetan bilduko da: India, Nigeria, Pakistan, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Etiopia, Tanzania, Indonesia, Egipto eta Estatu Batuak. Hazkunde hori bereziki garrantzitsua izango da Saharatik hegoaldera dagoen eremuan; izan ere, kalkuluen arabera, 2040an, eremu horretan 15-24 urte bitarteko biztanleria AEBetakoa baino hiru aldiz handiagoa izango da. Txostenaren arabera, XXI. mendeko beste joera demografiko nagusia urbanizazioa handitzea izango da. «2015ean hirietan bizi zen populazioaren ehunekoa, % 54, % 66ra arte haziko da 2050ean».

Biztanleria gero eta espazio estuagoetan biltzen denez, esku hartzeko eredu berriak egin behar dira, «hobeto kontrolatu eta esplotatzeko». NBEren The Challenge of Slums. Global Report on Human Settlements (2003) txostenaren arabera, gaur egun ia mila milioi pertsona bizi dira txabola-auzoetan.

Horixe da Fourth Generation Warfare (4GW) teoriaren funtsa, azken hogei urteetan definitu dena; «teoria hori, dirudienez, intentsitate txikiko mundu-gerra bati aurre egiteko berariaz egina dago, hiriko proletalgoaren aurka». «Pobreen aurkako gerra da».

Liburuak dioenez, Europar Batasuneko mugen blindajea malgutu egin da teknologia berriekin eta mugaz gaindiko lankidetzekin, baina herrialdeen barnean zaintza eta kontrola etengabe areagotzen ari dira. Aurreko puntuetan aztertu dugun bezala, Europar Batasuneko organoek eskumen handiagoak garatu dituzte, eta programa berriak eta kooperazio-erakunde berriak jarri dituzte mahai gainean. Laburbilduz, liburuan adierazten denez, SD koordinazio eta lankidetza horrek, aipatu bezala, gaitasunak zentralizatu eta gastuak murrizten ditu. Era berean, zirkulazioa kontrolatzeko eta atxiloketa azkarrak egiteko teknologia berrien bidez, bildutako informazioak eskuratzeko gaitasuna ematen die agintariei. «Europolek kudeatuko du 'Europako ekipo berezi' horien prestakuntza. [...] Polizia eta zerbitzu sekretuen arteko lankidetza zabaldu egingo da. [...] EBko estatu kideen kopurua handitzearekin eta mugako kontrolak ezabatzearekin batera, berrarmatze teknologiko handia garatu da: ingurunea arakatzeko gauez ikustea baimentzen duen teknologia, bideozaintzarako teknologia automatizatua, inguruko gorputz-urak neurtzeko gai diren irrati-frekuentziak, geldirik edo mugimenduan dauden jakiteko.... Gainera, zentral operatibo kodetu berriak sortu dira. Schengengo Informazio Sistema zabaltzeari esker, poliziek datu gehiago egiteko gaitasuna dute. Migratzaileen hatz-markak eta datu biometrikoak biltegiratzeko, berehala aktibatuko da Bisatuak Informatzeko Sistema (SIV)».

Aipatu bezala, liburuak NATOren «2020rako hiri-operazioak» txostena aztertzen du, eta indar armatuak Mendebaldeko hiriguneetan esku hartzeko prestatzen ari direla aurreikusten du. Laburbilduz, beraz, Europako lurzoruan hiri-espazioa birdefinitzen duten indar-lerroak marrazten ditu artikuluak:

  • Hiriko ehun «tradizionalaren» jentrifikazioa eta bruselizazioa, haren pisu historiko eta gatazkatsua alboratzeko, eta klase ertain planetarioaren neurrira «egokitzeko»; edo, hobeto esanda, bere ideologia gauzatuaren neurrira «egokitzeko». Izan ere, gizarte-geruza jakin gisa, badirudi gero eta joera handiagoa duela inplosio eta disgregazio atzeraezin baterantz.
  • Barrakoipolis eta eremu marjinalen gorakada, bazterketa-eremuen gero eta antz handiagoa dutenak: «eremu hori da salbuespen-egoera lege bihurtzen hasten denean irekitzen den espazioa».
  • Eta, azkenik, gated community direlakoak, 70. hamarkadatik aurrera instituzionalizatu zirenak. Zerbitzua hornitu propioak dituzten eremuak, polizia pribatuek, tresna elektrikoek eta beste hainbat teknologiek babestuak: «Kale, parke, hondartza, ibai eta bestelako baliabideetara igarotzea eragozten duten harresiz eta kontrol-sistemez inguratutako bizitokiak». Betiere zainduta eta hesiekin, hormekin edo bestelakoekin mugatuta. Bizitoki burgesa, pixkana urperatzen duen ozeanoaren erdian ixten den bunkerra, behin merkatuak zin egindako konfort eta segurtasun-eremua gizarte osora zabaldu denean.

Era berean, Urban Operations in the Year 2020 txostenaren arabera, etorkizunean urbanizazioari lotutako tentsioak sortzeko joera hazi egingo da, «tokiko agintarien esku-hartzea ekarriko duten balizko altxamenduak, desordena zibilak eta segurtasunerako mehatxuak eraginez». Baieztapen horren aurrean, liburuak adierazten du munduko biztanleriaren urbanizazio orokortuak nahitaez baztertu egingo dituela hurrengo esku-hartze militarrak. Baieztapen horretatik abiatuta, zaintza-bitartekoen erabileraren hazkundea aurreikusten du «puntu neuralgikoen aurkako ekintza taktikoak zuzentzeko», «urrutiko» eraso-bitartekoen bidez, informazio-fluxuak, giza baliabideak eta laguntza logistikoak kontrolatzeko. Liburuak dioenez, NATOren txostenaren E eranskinean interes estrategikoko hiriak ez dira ez Teheran, ezta Pyongyang ere; baizik eta, Rouen, Le Havre, Evreux eta Dieppe.

«UO 2020» txostena

NATOren UO 2020 txostenaren arabera, hiriguneetan ekintzak modu operatiboan garatzeko oinarria USECT akronimoan egituratzen da: Understand (ulertu), Shape (modelatu), Engage (tematu), Consolidate (sendotu) eta Transition (trantsizioa).

Laburbilduz, metropoliko gizarte eta kultura-sarea ezagutzeko beharra aipatu behar da, «biztanleriatik bereizezinak dira sarritan matxinatutako errealitateak, populazio horren erdian jarduten baitute». Hiri-espazioa berariazko eskakizun teknikoetan oinarrituta birmoldatuko da. «Hiriaren inguruan itxitako setioaren antzinako praktika bertan behera utziz, hiri-lurraldearen zati konkretuak isolatuko dira». «Esku-hartzeari ekintza humanitarioaren itxura emango zaio». Eginbehar belikoak populazioaren gaineko eraginak kudeatzeko jarduera guztiak aurreikusi beharko ditu: «aurkari antolatu ez direnei laguntzea, elikadura-hornidura, babes zibilaren orientaziopean boluntarioak biltzea...»; «aurkaria desantola dadin» irabazitako eremuak mantentzea, «baita tokiko agintariekin lankidetzan aritzeko moduak ezartzea ere». The rule of law-a, legearen domeinua, berrezartzea, tokiko autoritateak eta armadak berrezarriz.

«Laugarren belaunaldikoa» edo «intentsitate txikikoa» den gerra-metodo horrek borrokalariaren eta zibilaren arteko bereizketa tradizionalaren amaiera eta «militarizazio» figura berrien agerpena nabarmentzen du, Gobernuz Kanpoko Erakunde humanitarioetaraino iristen direnak. Armamentuen zeregina lurraldean kontrol-teknologia aplikatzea da, «prebentziozko kontrola» helburu hartuta. Aldi berean, hiritarrak militarrak kaleak patruilatzen ikustera ohitu daitezen : «Inor ez dadin hatz bat mugitzera arriskatu (ezta erdikoa ere), nahiz eta hori baino ausartago eta/edo ikaratuago egon».

Laburbilduz, badirudi Estatu Militarizatuaren errealitatea sendotzen ari dela munduko biztanleriaren urbanizazioarekin batera. Urban Operations in the year 2020 txostenak tresna militarraren erabilera modulatzen du. «Arma hilgarriak edo ez-hilgarriak erabiliko dira altxamendu eta matxinadak ekiditeko, geldiarazteko eta erreprimitzeko, izan ere, jada inork ez du matxinada horiek gertatuko ez direnaren itxurakeriarik egiten».