Palestinako bake kolonizatua

'Bakea oparotasunerako' deiturikoak, Donald Trumpek Benjamin Netanyahuren babesarekin diseinatutako plana, argi berdea emango dio Zisjordaniako eta Jordango bailara estrategikoko kolonia israeldarren anexio formalari.
Argazki Nagusia
Argazkia: Leire Regadas
2021eko urtarrilaren 4a


[Arteka aldizkarian 2020ko abuztuan Leire Regadasek argitaratutako erreportajea]

Donald Trumpek urtarrilean aurkeztu zuen Ekialde Hurbilerako bake plan bat, ‘Mendeko Akordioa’ deitu ziona. Plana aldebakarrez garatu zuten Etxe Zuriak eta Israelek, palestinarren ordezkaritzarik gabe. Ordutik, gero eta urrunago sumatzen da estatu arabiar baten etorkizuna. Proiektuaren mapa kontzeptual berriak abiapuntu modura jarduten du eta lurraldea birmarrazten du: Jerusalem bilakatuko da estatu israeldarraren hiriburu zatiezin, eta gainera, Zisjordaniako kolonia juduak anexionatzea baimentzen du planak, nazioarteko zuzenbideak legez kanpokotzat jo baditu ere. Egun, 600.000 kolono israeldar bizi dira legez kanpoko 250 kokalekutan banatuta. Horiei leku egiteko, palestinarren 500.000 etxebizitza eta azpiegitura palestinar eraitsi dituzte 1967ko inbasio militarraz geroztik.

Koloniak C eremua deiturikoaren barruan daude, israeldar militarren kontrolpean; Cisjordania osoaren % 60 osatzen dute. Eremu horrek baieztatzen du Israelen proiektua ez dela okupazio militar bat, baizik eta sistema kolonial eta etniko iraunkor bat; sionisten ideologia eta praktikaren emaitza, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasoraino judutar estatu esklusibo bat ezarri asmo duena. Hala, plan berriak Israelen subiranotasuna inposatzen du Jordango ibarreraino. Azken hori gune estrategiko bat da Israelentzat eta presentzia militar handia du, eta mugaldea ezarri ahalko luke, Jordaniarekin muga eginez.

Palestinarrei dagokienez, batetik, entitate burujabe bat esleituko lieke planak, baina hurrentasun territorialik gabe. Bestetik, 50.000 dolarreko inbertsio handiak egiteko promesa egin diete. Estatu palestinarraren hiriburua Jerusalem kanpoaldean egongo litzateke, Israelen subiranotasunaren pean geratuko bailitzateke hiri santua. Donald Trumpen arabera, bere proposamena «aukera historikoa da palestinarrek estatu independente bat lortzeko; palestinarrek bakea izateko azken aukera izan liteke». Agintariek eta herri palestinarrak ‘Mendeko Akordioa’ delakoari emandako erantzuna argia eta sendoa izan da, bai komunikatu ofizialetan, baita anexioaren iragarpenetik piztu diren manifestazioetan ere: «Palestina ez dago salgai».

Estatu sionistak de facto anexionatu ditu Palestinako lurrak, eta pixkanaka-pixkanaka garbiketa etnikoa ezarri du, inpunitate osoz eta nazioarteko komunitatearen pasibotasunaren aurrean. Izan ere, komunitate horrek ez du inoiz ekintza loteslerik gauzatu estatu sionistaren aurka, ezta anexioaren iragarpenaren aurrean ere, «nazioarteko zuzenbidearen oinarrizko printzipioak» urratzeagatik komunikatuen bidez hainbat kondena ezartzeaz harago. Trump Administrazioak anexio israeldarrari emandako babesa agerikoa da. 1967ko gerraz geroztik, Israelek Ekialdeko Jerusalemen anexio formala irmotu zuen, eta 1981ean, Siriako Golango Gainak beretu zituen. Amerikako Estatu Batuak dira, Trump Administrazioaren pean, nazioarteko komunitateak legez kanpokotzat jo zituen ekintza horiek onartu zituzten bakarrak.

«Anexioak arreta desbideratzen du Israelek aurretik egindako krimen guztietatik», salatu du Jaldía Abubakrak, Madrilen bizi eta BDS (Boycott, Divestment and Sanctions) mugimenduko kide denak. Zentzu horretan, ezinezkoa da anexioa gertakari isolatu gisa aipatzea, prozesu jarraitua da, gertaera burutuen eta lurraldearen bereganatze progresibo baten estrategia bat, duela hamarkada batzuetatik martxan dena. Palestinarrak bat datoz plan berriaren definizioa osatzeko orduan: hamarkadetako okupazio eta kolonizazio israeldarra formalizatzen du. «Israelek anexio formalak edo iure gehigarriak gauzatu edo ez, palestinarrek alde guztietan aurre egiten dioten oinarri erreala da israeldarren erregimena; kolonizazio, okupazio eta apartheida ardatz dituena, eta gure askatasuna eta autodeterminaziorako eskubidea ukatzen dizkiguna», dio Abdulrahman Abunahelek, BDSren Palestinako Batzorde Nazionaleko koordinatzailea Gazan.

Palestina kolonizatua izan da 1948an Israelgo estatua sortu zenetik -Nazio Batuen Erakundeak Palestinaren banaketa plana gauzatu ondoren-. Lurraldea 165 lurralde-unitatetan edo enklabetan banatu zuten, elkarren artean bereiziak, eta legez kanpoko kokalekuek, kolonoek erabiltzeko mugatutako errepideek, checkpointek eta banantze Harresia deiturikoak inguratuta. Palestinako Lurralde Okupatuan, palestinarrak eta kolono israeldarrak bereizten zituzten lege-sistemak ezarri zituzten, eta palestinarren baliabide naturalen gaineko kontrola hartu zuten. Hori guztia, kontrol- eta errepresio- aterki baten pean egituratuta, eta baimen-sistema batek artikulatuta, zeinak baimendu egiten dituen edozein mugimendu, zuzeneko indarkeria eta etengabeko jazarpena, etxeen eraispena, atxiloketa arbitrarioak eta administratiboak (baita adingabeen kasuan ere), torturak, eta beste hainbat oinarrizko eskubideren urraketa. Apartheid sistema hori 1993ko Osloko Akordioen arabera palestinarren kontrolpean egon beharko luketen eremuetan ere ezartzen da.

Oslok «bi estaturen konponbidean» oinarritutako bake plan baten ibilbidea markatu zuen, estatu palestinar bat hitzemanez. «Segregazio sistemak bantustanizatzera kondenatzen du Palestina, ustezko subiranotasun palestinarreko eremuen artean hurrentasunik ezin izatera, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa urratzen duen marko batean» azaldu du Itxaso Dominguezek, Ekialde Hurbilean espezializatutako analista, Anexioaren 5Wak azterlanean. Etorkizuneko estatu palestinarraren bideraezintasuna ez dago soilik lurraldeen arteko hurrentasun ezarekin lotuta, aitzitik, pauperizatuta dagoen eta Israelekiko dependentea den ekonomiak ere badu eragina. Okupazioak ahuldu egiten du Palestinako ekonomia oparo bat izateko edozein ikuspegi, eta milioika langile palestinar jaurtitzen ditu prekarietatera, langabeziara eta azpienplegura, Israelen edo legez kanpoko kokalekuetan.

SEGREGAZIO-AZPIEGITURAK

Israelgo agintariek baieztatu dutenez, subiranotasunaren hedapenaren eraginpean egongo liratekeen palestinar gehienek ez lukete israeldar herritartasunik izango; hori dela eta, Itxaso Dominguez analistak uste du Israelek komunitate palestinarrak bizi ez diren eremuetara mugatu dezakeela anexioa ingeniaritza demografikoko ekintzen bidez, eta, beraz, Israelek tokian bertan dituen azpiegiturak indartu beharko dituela.

Soilik kolonoei bideratutako errepide-sistemek, kokaguneen inguruko hesiek, tiro eremuek eta 500dik gora zenbatzen diren itxiera oztopo edota checkpointek murriztu egiten dute, gaur egun, Palestinan mugitzeko askatasuna. Palestinar gehienei Ekialdeko Jerusalemera sartzea ukatzen zaie, eta gero eta zailagoa da Zisjordanian barrena bidaiatzea, bereziki iparraldetik hegoaldera eta A, B eta C eremuen artean.

‘Mendeko Akordioa’ deiturikoak «bide azkar» bereiziak eta azpiegiturak eraikitzea aurreikusten du enklabeen artean, hala nola, «tunelak eta pasabide goratuak». Enklabe horiek, uhartetxo edo bantustan modura, Palestinako lurraldea osatuko dute Israelek xurgatutako eremu eta kokalekuen artean. Era berean, Gazako Zerrenda eta Zisjordania, orain arte elkarrekin lotuta ez daudenak, lotuko dituen lurpeko tunel bat eraikitzea aurreikusten da.

Legez kanpoko kokaguneak Jerusalemekin lotu eta segurtatuko dituen tranbiaren eraikuntza, anexioaren kontsolidazioaren parte da. Jaldia Abubakrak honela azaltzen du: «Proiektuak Jerusalem eta Zisjordania bereizi nahi ditu ‘Mendeko Akordioari’ bide emateko. Helburua Jerusalem palestinarrez hustea da». Abdulrahman Abunahelek, Gazan BDSren Palestinako Batzorde Nazionaleko koordinatzaile denak, «korporazio konplizeen aurkako kanpainak areagotzeko» deia egin du, tartean, CAF euskal konpainiari zuzendutako kanpaina, zeinak enpresari eskatzen dion «amaitutzat ematea Israel eta Jerusalem lotzen dituen tren arinaren (nazioarteko zuzenbidea urratzen duena) hedapenean duen parte-hartzea».

BI ESTATUREN KONPONBIDEAREN TRANPA

Osloko Akordioek, 1993an sinatutakoak, atea irekitzen zioten «bi estatuen konponbideari». Testuak, esplizituki, debekatu egiten zituen alde bakarreko ekintzak eragile sinatzaileetako baten aldetik, nahiz eta Israelek, legez kanpoko asentamenduen eraikuntza biderkatu zuen. Palestinarrek «Osloko tranpa» gisa gogoratzen dute hura; izan ere, hitzemandakotik oso urrun, okupazio eta kolonizazio sionistak ez dute etenik izan ordutik. «Palestinarrak negoziazioetara behartu dituzte orain arte, euren fede ona eta prestasuna erakusteko, euren estatua izatera zuzendutako lurraldea pixkanaka irentsia izaten ari den bitartean», adierazi du Itxaso Dominguezek.

Nolanahi ere, Palestinako herriak eztabaidatu eta erabaki beharko luke zer etorkizun nahi duen baldintza berdinetan, eta ez orain arte bezala aldebakartasunez, egingo diren hurrengo negoziazioetan. «Juduentzat, kristauentzat eta musulman palestinarrentzat eskubide berdinak dituen estatua eskatzen dugu. Herrialde hau Palestina deitzen zen, gaur egun Palestina deitzen da eta Palestina deituko da, Mohamoud Darweish poetak esan zuen bezala», dio Jamil Al-Bargouti Front Line Defenderseko giza eskubideen defendatzaileak. «Konponbide justu eta baketsu orok palestinar herri osoaren eskubideak errespetatu eta babestu behar ditu: diasporan, 1967an okupatutako lurraldean eta Israelen dauden herritar palestinarrentzat. Gure askatasuna eta eskubideak lortzeko irtenbiderik onena, palestinar guztiek demokratikoki erabakitakoa baino ezin daiteke izan», adierazi du Abdulrahman Abunahelek.

ANEXIO-PLANA, AIREAN

Zisjordaniaren % 30 bereganatzeko plana uztailaren lehenean gauzatzekoa bazen ere, azkenean eta oraingoz, Netanyahuk ez du Donald Trumpen oniritzia jaso. Desadostasunak daude Etxe Zuriak marraztutako maparen inguruan. Izan ere, orain kanpoan geratzen diren eta juduentzako garrantzitsuak diren leku gehiago sartu nahi lituzke Netanyahuk, hala nola, Samalia eta Siloko antzinako eskualdeko Bet El, Israel biblikoko lehen hiriburua. Nolanahi ere, AEBak kezkatuta daude eskualde horretako babes faltagatik; hain zuzen, Jordaniak eta Egiptok nahiz Persiar golkoko monarkiek ez dute ontzat eman plana. Netanyahu, ordea, presaka dabil. Trumpek azaroan hauteskundeak galtzen baditu, itxita geratuko da anexioaren aukera, Trumpen aurkari Joe Bidenek adierazi duenez.

«Anexioa berrartzen bada, jendeak kaleak hartuko dituen une bat egongo da. Palestinako buruzagitza berria agertuko da herri oinarrietatik, Intidada berria gidatuko duena», aurreikusi du Jamil Al-Barghouti Front Line Defenderseko kideak. Palestinako gizarte zibilak berriki egindako adierazpen batek, nazioarteko komunitateak Israeli zigor legalak, zehatzak eta berehalakoak ezartzea eskatzen du, indarrean dagoen anexioari, legez kanpoko okupazio militarrari eta arraza-bereizkeriari lotutako apartheid erregimenari, segregazioari eta lurralde-hedapenari erantzuteko. «BDS mugimendu globalak erakutsi du Israelen aurkako erresistentziarako baliabiderik eraginkorrenetako bat dela, baita nazioarteko elkartasun modurik eraginkorrena ere», adierazi du Abdulrahman Abunahelek.

Aldiz, azkenean anexioa gauzatzen ez bada, «nazioarteko komunitateak ez luke ekintza eza garaipentzat hartu behar», azpimarratu du Itxaso Dominguezek, anexioa okupazioko hamarkaden, gizateriaren aurkako krimenen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketen formalizaziotzat jotzearen ildotik. Era berean, Dominguezen esanetan, Palestina historikoan gerra krimenen ikerketa bultzatu beharko luke nazioarteko komunitatearen erantzukizunak, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurrean; baita Palestinako estatuaren balizko aitortza bat ere, sinbolikoa izango ez litzatekeena. BDS mugimenduan, Abdulrahman Abunahelek azpimarratu du beharrezkoak direla blokeo militarra eta boikota, ez soilik ekonomiaren esparruan, baita herrialdeko arlo akademikoan, kulturalean, kirolean eta politikan ere.

SIONISMOAREN GEOPOLITIKA

XIX. mendean sionismoa sortu zenetik, eta bere oinarriak 1916an, Balfourreko Adierazpenaren bidez, Palestinako Mandatu britainiarrak emandako babesari esker finkatu zirenetik, Palestina historikoan herri juduarentzat «etxe nazional» bat ezartzeko plana hasi zen, gaur egun etenik ez duena. Plan sionistaren helburu nagusia ‘Israel Handiaren’ subiranotasun osoa aldarrikatzea eta kolonizatzea da, Mediterraneo itsasotik Jordan ibairaino lehenengo, eta lurralde palestinarretik harago hedatuko litzatekeena, Eufratesetik Niloraino, Bibliaren arabera.

II. Mundu Gerra nahasiaren erdian, Erresuma Batuak Palestinatik alde egitea erabaki zuen, eta Nazio Batuen Erakundearen esku utzi zuen lurraldeari buruzko akordio bat lortzeko lana, modu horretan, tentsioaren gorakadaren ondorioak berehalakoak zituen gatazkari konponbide bat emateko. Momentu horretan, eta Britainia Handiko Administrazioaren datuen arabera, Palestinako juduen populazioa % 30ekoa zen.

Nazio Batuen banaketa planak, 1947an, Palestina historikoaren lurraldearen % 55 judu bihurtzeko irizpena eman zuen. Horrela hasi zen milaka palestinarren garbiketa etnikoa, 750.000 inguru bizitza osorako erbestera kondenatuak izan zirelarik; Israelgo estatua jaio eta amets sionista hasi zen, handik gutxira, lurraldea arabiar biztanleez «husteko» estrategia militarra definituko zuena. Israelek 1967ko Sei Eguneko Gerran lortutako garaipenak, Gazako Zerrendaren eta Zisjordaniaren kontrola ekarri zuen, kolonizazio prozesua are gehiago bizkortuz.

Apartheid eta kolonizazio politika sionisten ostean, eta aurreneko Intifadari amaiera emateko, 1993an Osloko Akordioak sinatu ziren, Zisjordania hiru sektore administratibotan banatzea jaso zuen ustezko bake prozesua: A eremua (Palestinako Aginte Nazionalaren kontrol zibil eta polizial osoarekin), B eremua (Palestinako kontrol zibilarekin eta Israelgo kontrol militarrarekin) eta C eremua (Israelgo kontrol zibil eta militar osoarekin). Sistema horretan, biztanleek eskubide desberdinak dituzte edo ez dute eskubiderik, herritartasunaren, bizilekuaren eta afiliazio etniko-erlijiosoaren arabera. Osloren arabera, Israelek C eremuaren kontrola palestinarrei utzi behar zien gutxika-gutxika, palestinarrek estatu baten eraikuntzan aurrera egiten zuten bitartean. Ez zen horrelakorik gertatu. Aldiz, proiektu sionistak bere bidea jarraitu zuen apartheid politiken bidez, Zisjordaniako hiri eta herrixkak elkarren artean isolatutako uharte bihurtu dituztenak, lurralde hurrentasuna eta, beraz, etorkizuneko estatu palestinarraren bideragarritasuna eragotziz.

Gazan, Ariel Sharonek zuzendutako Israelgo gobernuak bere estrategia aldatu zuen 2005ean, koloniak desegin eta israeldarren okupazio indarrak Gazako Zerrendaren inguruan hedatuz. Ilan Pappe irakaslearen arabera, Israelek Gaza «getizatu» zuen, Erdi Arokoa zirudien setio osoa ezarriz. 2005etik, Israelek dozenaka eraso militar egin ditu Gazan setiatutako 2 milioi palestinarren aurka, tartean, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak izan ziren hiru eraso militar masibo 2008-2009ko neguan, 2012ko udazkenean eta 2014ko udan.