Nafarroan gaur jarriko dute martxan Radar Covid aplikazioa, biztanleen mugimenduen "miaketa errazten" duena

Bluetooth bidez, sakelako telefonoen arteko harremana arakatu eta, hala, pertsonen artean izan diren kontaktuak atzeman ditzake Radar Covid aplikazioak. "Kolaborazioa" eskatu dute Nafarroako Gobernutik.
Argazki Nagusia
2020ko irailaren 7a

Nafarroan gaur, irailak 7, jarriko dute erabilgarri Radar Covid aplikazioa, telefono mugikorretarako. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak aurreko ostiralean aurkeztu zuen programa: bluetooh bidez, telefono mugikorren arteko harremana detektatu dezake, herritarren mugimenduak miatu ahal izateko. Hala, ustez, kutsatze bat gertatzen denean, kutsatu den pertsonarekin kontaktua izan dutenak zeintzuk diren atzeman daiteke, aplikazioaren bidez, erregistratuta geratzen baitira hartu-emanak.

PCR proban norbaitek positibo ematen duenean, aurrerantzean, galdetu egingo diote ea aplikazioa deskargatuta duen. Baiezkoa erantzunez gero, jakinarazpen bat jasoko dute kutsatuarekin 15 minutuz eta bi metro baino gutxiagoko tartean izan diren pertsonek, (bluetooth bidez erregistratuta geratu direnek, behintzat).

Sakelekoan deskargatu behar da Radar Covid, eta gero, baimendu egin behar da erabiltzailearen miaketa hastea ("Radar Covid activo" aukera). Antza, atzemate prozesua eraginkorra izan dadin, herritarren %10ek izan beharko luke martxan programa. Hala, "kolaborazioa" eskatu dute Indurainek eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko kontseilariak.

Pandemiaren testuinguruan eta aitzakiapean, ugariak izan dira telefono mugikorren bidez herritarren mugimenduak kontrolatu ahal izateko eman dituzten aurrerapausoak. Horren adibide dira, esaterako, Frantziako Estatuan martxan jarritako Stop Covid aplikazioa; sakelakoen geolokalizazioaren bidez telefonia operadoreek jasotako informazioa baliatuta, Espainiako Gobernuak nahiz Europako Batzordeak herritarren mugimenduak arakatzeko aukera izatea; edota "jai herrikoietan eta festibaletan" zenbait miaketa egin ahal izateko iragarritako aurrerakuntza teknologikoak.