AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: actu.fr
2020/12/01 17:37

Asteburu honetan mobilizazioak izan dira Frantziako Estatuan "segurtasun globala" modura izendatutako lege sortaren aurka, eta horren ostean, Frantziako Gobernuak adierazi du berrikusi egingo dituela proposatutako neurri berriak. Besteak beste, lege sortako 24. artikuluaren arabera, Poliziaren esku-hartzeak eta polizia-indarkeria grabatzea nahiz sareetan zabaltzea zigortzen zuen gobernuak, kartzela zigorraren edota 45.000 eurorainoko isunen bidez.

Christophe Castaner Barne Ministroak eman du berrikusketaren berri, nahiz eta ez dituen zehazki azaldu balizko aldaketen nondik norakoak.

Frantziako Estatuan hainbat polizia-gehiegikeriaren berri eman dute egunotan ere; esaterako, pasa den astean bertan, pertsona migratuen kanpamendu bat bortizki desegin zuen Poliziak Parisen, eta horretaz gain, argitara atera da hiru polizia-agentek Michel Zeclerri emandako jipoia.

Frantziako Legebiltzarrak azaroaren 24an bozkatu zuen "segurtasun globala" proposamenaren lehen irakurraldia, eta aldeko botoa izan zen nagusi. 24. artikulua berrikusiko duten arren, Frantziako Gobernuak aurreikusi du 2021. urterako izatea martxan aipatutako lege berriak.

Ipar Euskal Herrian ere mobilizazioak iragarri dituzte neurri horien kontra; hain zuzen, Baionan (Lapurdi) mobilizazioa izango da abenduaren 5ean.