AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/07 17:55

Orain arte, EITB-k jakinarazi duenez, Facebook multinazionalak bere erabiltzaileen datuak eman edo saldu dizkie hainbat erakunderi. Hori modu erregulatu eta legeztatuan egin ahal izateko sortu zuten Data For Good programa 2019. urtean, esaterako. Covid-19aren hedapenaren aitzakiapean, programa garatu eta zabaldu du orain Facebookek, eta dagoeneko parte hartu du "gaixotasunen prebentziorako mapak" osatzen, informazioari "erabilera soziala" emango dioten erakundeen esku utziz.

Hala, mugikorrean Facebook aplikazioa duten munduko erabiltzaile guztien geolokalizazioa uneoro monitorizatzen dihardute, eta ondoren, hainbat erakunderi eskaintzen dizkiete datu multzo erraldoi horiek. Atzo jakinarazi zituzten azken aldaketen arabera, datu zehatzagoetan oinarrituriko mapak helaraziko dizkiete orain entitateei, "Covid-19aren aurka erabiltzeko". Hala nola, Facebooken erabiltzaileen mugikortasun joerak edota urruneko lurraldeetako erabiltzaileekin dituzten harreman sozialak ezagutzeko aukera izango dute "Covid-19aren ikertzaileek".

Datu horiek "koronabirusari aurre egiteko" erabiltzen dituztenen artean, mota askotako instituzioak ageri dira; tartean, Gurutze Gorria, AEBetako Harvard unibertsitatea edota Munduko Bankua. Facebookeko ordezkariek azpimarratu dutenez, eskaintzen dituzten datuak "ez dira norbanakoenak, anonimoak baizik".

DATU ZEHATZAGOAK

Informazio berriaren bidez osatu dituzten mapa berrietan, aurrez eskaintzen zituztenak baino datu zehatz eta zuzenagoak ageri dira. Batetik, erabiltzaileek lurraldean zehar mugitzeko duten modua jasotzen duen mapa bat sortu dute, eta bertan, erabiltzaileek auzo, hiri edo herrialde batetik bestera mugitzeko dituzten probabilitateak ageri dira.

Bestetik, erabiltzaileek beren etxeei dagokienean duten mugikortasun maila neurtu dute. Hala, biztanleek etxean geratzeko edo bertatik mugitzeko dituzten ohiturak erakusten dira. Azkenik, erabiltzaileen arteko elkar-ekintzen mapak ere badaude. Horietan, lurralde ezberdinen artean dauden harreman pertsonalak aztertzen dira, Facebook plataforman dauden adiskidetasun loturen bidez.

KONTROL SOZIALAREN AREAGOTZEA

Covid-19aren pandemiak sortu duen salbuespen egoeraren barruan, kontrol soziala areagotzeko mekanismoak jarri dituzte martxan askotariko gobernuek, enpresek nahiz mundu mailako hainbat entitatek. Adibidez, telefonia operadoreek emandako informazioa baliatuta, aurrerantzean ere biztanleen mugimenduak aztertzeko aukera izango dute Espainiako Gobernuak zein Europako Batzordeak. Eusko Jaurlaritza bera ere, mugimenduak kontrolatzeko aplikazio bat prestatzen hasia da.

EZ DAGO IRUZKINIK