Etxeratze agindua indarrean mantendu eta 22:00etara aurreratuko du Eusko Jaurlaritzak

Are gehiago mugatu du mugitzeko askatasuna Eusko Jaurlaritzak: egunean zortzi orduz egongo da debekatuta etxetik ateratzea. Alarma egoerari hainbat aldaketa egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, etxeko konfinamendua agindu ahal izateko.
Argazki Nagusia
Argazkia: Iñigo Urkullu
2020ko azaroaren 6a

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo arratsaldean iragarri zituen neurri murriztaile berriak, alarma egoera berriaren harira hartutako neurriak jakinarazi eta ia bi astera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean jarraituko du etxeratze aginduak, eta ordubete luzatuko du Jaurlaritzak, gainera: larunbat honetatik aurrera, 23:00etan beharrean, 22:00etan etxeratu beharko da. Hala, gauero, zortzi orduz egongo da debekatuta etxetik kanpo mugitzea: 22:00etatik 06:00etara.

Ondorengoak dira etxeratze agindua ez betetzeko arrazoiak: lanari lotutako arrazoiak, osasun-zentroetara joan behar izatea, sendagaien edo bestelako beharrezko produktuen erosketa, menpekotasuna duten pertsonen zaintza, larrialdi egoerak, edota gasolindegietara joatea beste ekintzaren baterako beharrezkoa bada.

Neurri murriztaile gehiagoren berri ere eman zuen Urkulluk atzokoan. Besteak beste, larunbatetik ostalaritzako lokal guztiak zarratzea agindu du Jaurlaritzak, baita merkataritza saltoki guztiak 21:00etarako ixtea ere. Kultur ekimenek ere 21:00etarako amaitu beharko dute, eta %35eko aforoa beteko dute gehienez.

Atzo arratsaldean egin zuen batzarra LABIren batzorde teknikoak, eta aurreikuspenen arabera, hilabete osoan zehar egon daitezke indarrean azkeneko neurriak. Hamabost egunean behin aztertuko dituzte uneko neurriak.

JAURLARITZAREN ESKAKIZUNA ESPAINIAKO GOBERNUARI

Espainiako Gobernuak larrialdi egoera berria iragarri aurretik egin bezala, Eusko Jaurlaritzak eskakizun zehatz berria egin dio Pedro Sanchezi: orduan alarma egoera ezartzeko eskatu bazion, orain, alarma egoera egokitzeko eskatu dio. Espainiako Gobernuak egindako aldaketen bidez, EAEn etxeko konfinamendua agindu ahal izatea da Jaurlaritzaren helburua, adierazi duenez.