AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/31 10:35

Martxoaren 28an kaleratutako Estatuaren Aldizkari Ofizialean (BOE), Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen alarma egoera indarrean izan den egunetan zein aurreko egunetan herritarrek egindako mugimenduak aztertuko dituela. Horretarako, telefonia mugikorreko operadoreek emandako informazioa baliatuko du. "Koronabirusa kutsatzeko bide nagusiak" bilatzeko aitzakiapean gauzatuko du ikerketa, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioko Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren eskutik.

Aurretik, estatuko biztanleen mugimenduak kontrolatu eta ikerketak egin izan ditu INE Espainiako Estatistika Institutuak, besteak beste, operadoreek eskainitako informazioari esker.

Europako Batzordeak ere antzeko neurria hartuko du, eta Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak eskatuta, erabiltzaileen geolokalizazioaren inguruko datuak emango dituzte Telefonicak eta beste zazpi telekomunikazio operadorek.

Aplikazio berriak

Espainiako Gobernuaren Aldizkari Ofizialean, bestalde, Covid-19aren krisialdiari "erantzuteko" hainbat "irtenbide teknologiko" eta "aplikazio mugikor" aurkeztu zituen Espainiako Gobernuak. Hala, "osasun-zerbitzuak hobetzeko" eta horretarako "datuak biltzeko" aitzakiarekin, besteak beste, herritarren sakelako telefonoak arakatzeko aukera izango duela iragarri zuen, geolokalizazioan oinarritutako aplikazio bat erabilita.

Gobernuaren arabera, helburua da "egiaztatzea ea adierazi duten lekuan dauden aplikazioaren erabiltzaileak" eta, berez "sintomak dituzten pertsonei" zuzendutako aplikazioa izanik, "autoebaluazioa egiteko" baliabideak ematea.

Eusko Jaurlaritza ere ari da mugimenduak kontrolatzeko aplikazio bat prestatzen, kazeta honetan aurreko astean jakinarazi genuen modura.

EZ DAGO IRUZKINIK