Birjabetzeen aurkako legeak indartzea eskatu dute Bizkaiko Batzar Nagusietako hainbat alderdik

PPk aurkeztutako eta PSE-EE eta EAJk babestutako proposamen batean, etxebizitza birjabetuen desalojorako prozedura legalak azkartzea eskatu diote Espainiako Gobernuari, baita "okupazio ilegala" gehiago zigortzea ere. Onartu ez den puntu batean, birjabetzea babesten duten eragileak zigortzeko proposamen bat ere jaso dute. Jabetza eredu burgesa babesteko bidean, azken urteetan Espainiako Gobernuak abiatutako erreforma prozesuan pauso bat gehiago ematea da, beraz, Bizkaiko Batzar Nagusietako hainbat alderdik galdegiten dutena.
Argazki Nagusia
Argazkia: @EtxeSindikatua
2020ko uztailaren 21a

PP alderdiak Bizkaiko Batzar Nagusietan birjabetzeen aurka aurkeztu duen ekimenera batu dira PNV eta PSE-EE. Bost puntuk osatzen dute proposamen hau, eta horietatik lau onartu dira batzarkideen gehiengoaren aldeko botoekin. Birjabetzeen aurkako esku-hartze honetan, Espainiako Gobernuari eskatzen diote "modu ilegalean okupaturiko etxebizitzen desjabetzea erraztu dezala eta prozedura judizialak bizkortu ditzala", etxejabeei "egiazko babesa" eskaintzeko.

Amaya Fernandez Bizkaiko Batzar Nagusietako PPko bozeramaileak aurkeztu duen testuan adierazten denez, proposamenaren bidez, "okupen" "inpunitate sentsazioari" aurka egitea da helburua. Horretarako, etxebizitzen birjabetzearekin loturiko zigorrak gogortzeko eskaria ere egiten diote Espainiako Gobernuari. Gaur-gaurkoz, bat eta bi urte bitarteko espetxe zigorrak ezar ditzakete, okupazioaren unean "indarkeria zantzuak" egon direla ebazten bada.

Testua onartzean, aldeko botoak eman zituzten hiru alderdiek adierazi zuten Bizkaian "okupazio ilegalarekin arazo bat" dagoela, "herritarrengan kezka eta ziurgabetasuna" sortzen duena. Hala, Bizkaian "okupazioaren praktika konstantea" dela esan zuten, "Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Gueñes eta Bilbo" adibide modura jarriz.

Birjabetzeak jopuntuan

PPk aurkezturiko proposamenak, bosgarren puntuan, etxebizitzen birjabetzeen aldekoak diren eragile eta taldeen aurkako ekinbideak ere jasotzen ditu; puntu hori ez du gehiengoak onartu, ordea. Bertan, "etxebizitzen okupazioa babesten duten elkarteei, eragileei eta taldeei dirulaguntzarik ez ematea" da exijitzen dena. Onartu ez den arren, kontuan hartzekoa da lege proposamen bat aurrera ateratzeak ezar lezaken aurrekari legala, birjabetzearen babesa bera zigortua izan dadin.

Azken urteetan ere ugariak izan dira eraikin, lokal edota etxebizitzak birjabetzeko ekimenak Euskal Herrian. Horren adibide dira, herri ezberdinetan martxan jarri diren gaztetxe berriak, edota etxebizitzen birjabetzeak, hilabete honen hasieran Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak aditzera eman zuena kasu.

Dena den, Espainiako eta Frantziako Estatuek ere jabetza eredu burgesaren babeserako mekanismo ugari dituzte martxan kasu hauetarako. Frantziako Estatuan, adibidez, poliziak ez du baimen judizialik behar desalojoa gauzatzeko, etxebizitza baten birjabetzea eman den susmoa badute. Espainiako Gobernuak, berriz, 2018. urtean, desjabetzerako prozedura legalak azkartu zituen 5/2018 legearekin; "desjabetze espresaren legea" bezala ere ezaguna. Lege horrekin, erraztu egiten da okupatutako gune bat egun gutxira hustea, epaiketa zibil azkar baten bidez.