2020ko urriaren 26a
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte eta biltzeko askatasuna mugatuko dute Hego Euskal Herri osoan
Erkidegoetako buruek kudeatu eta ezarriko dute larrialdi egoera berria eta gaur arratsaldean zehaztu dituzte neurri zehatzak Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udalerriak itxi egingo dira. Etxeratze agindua, 23:00etatik 06:00etara izango da Hego Euskal Herri guztian eta sei pertsona bildu ahal izango dira gehienez eremu publikoan. Eremu pribatuan aldiz, Nafarroan, soilik elkarrekin bizi diren pertsonak elkartu ahal izango dira eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berriz, sei pertsona. Bestalde, lurraldeko sarrera-irteeren gaineko debekuak bere horretan jarraituko du Nafarroan, eta EAEn ere neurri bera ezarriko da. Bihar sartuko dira neurriak indarrean EAEn eta etzi Nafarroan.