5Ga, etorkizuna zelatan

Lortuko al du sare mugikorren bosgarren belaunaldiak (5G) gure harremanen eta inguratzen gaituen guztiaren automatizazioa gauzatzea? Nork irabaziko du bere ezarpenak ireki duen lehia geopolitikoa? Eta, finean, zertarako erabiliko da?
Argazki Nagusia
2020ko irailaren 28a


[Arteka aldizkarian 2020ko ekainean argitaratutako erreportajea]

Mende erdia beteko da laster La Naranja Mecánica (Clockwork Orange) filma pantailetara iritsi zenetik. Lan distopiko horretan, medikuntza psikologikoan garatutako aplikazio teknologikoen bidez, Alex Delarge gaizkile gaztearen jokabidea aldatu nahi dute; drogetan, sexuan eta, bereziki, indarkerian murgildutako gaztea. Bestalde, Delargek musika klasikoarekin, Beethovenen lanekin batik bat, duen zaletasun metaforikoa aurkezten digu pelikulak. Klasizismo vienarraren ordezkari zen Beethoven pianista eta konpositorea. Alabaina, patologia bipolar bat ezkutatzen zuen, eta suizidioaren ertzeraino eraman zuen gorreriak. Autoritatearekiko eta klase sozialen sistemarekiko mespretxu argia ere sentitzen zuen. Filmak metodo freudiarraren eta aurrerapen teknologikoaren bidez -estetika inhumano gisara aurkeztua- gizabanakoen portaera aldatzeko gogo hori islatzen du.

Aurrerapen teknologikoak, azken batean, Delargeren kliskada ukatuaren irudikapenetik urrun, gizartearen harreman sozialak eta kognitiboak kontrolatzeko estrategia argia erakusten du, egunerokotasunean ezkutatua. Baita ekoizpen-sistema aldatzekoa ere, laugarren industria iraultza deritzonaren bidez. Gauzak horrela, lortuko al du sare mugikorren bosgarren belaunaldiak (5G) gure harremanen eta inguratzen gaituen guztiaren automatizazioa gauzatzea? Nork irabaziko du bere ezarpenak ireki duen lehia geopolitikoa? Eta, finean, zertarako erabiliko da?


Sare mugikorrak, bosgarren belaunaldira arteko bidea

Aurrerapen handia izan zen hirugarren belaunaldiko banda mugikorraren agerpena (3G); bai seinalearen kalitateagatik, baita konexio mugikorrei dagokienez nazioarteko plan bat ezartzeko irekitako abaguneagatik ere. Izan ere, Interneterako haririk gabeko sarbidea ahalbidetu zuen 3Gak, ahots nahiz datu bidez. Interneterako konexio azkarragoa, banda-zabalera handiagoarekin; horrek aukera asko zabaldu zituen, bai pertsonen arteko komunikaziorako, baita harreman komertzialetarako ere, Internet Protocol (IP Protokoloa) oinarri hartuta.

Esan bezala, hirugarren belaunaldiko garapenak abiaduran aurrera egiteaz gain, sare mugikorra ezartzeko eta garatzeko nazioarteko akordioak ekarri zituen. 2003an, Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenari buruzko World Summit on the Information Society (UNCTAD) goi bilera ospatu zen. Izan ere, ekonomia, ekoizpen-eredua, ekoizpen-sarearen eraldaketa eta merkataritza-transakzioak ez zeuden komunikazio-sarearen ezarpen eta diseinutik kanpo.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako Nazio Batuen erakunde espezializatuaren (ITU) 2019ko txostenaren arabera, munduko biztanleen % 97 seinale mugikor baten barruan bizi dira orain, eta % 93k 3G sare baten estaldura dute (edo handiagoa). Munduko biztanleen % 95 inguruk telefono bidezko estaldura daukate, eta % 64 inguruk hirugarren belaunaldiko sareetarako sarbidea dute, Interneterako sarrerarekin. Ehuneko hori bereziki esanguratsua da, 2008an % 20 ingurukoa zela kontuan hartzen badugu. Europa da Interneten erabilera-balio altuena duen eremua (% 82,5), eta Afrika da ehuneko baxuena duena (% 28,2). 2019aren amaieran, mundu osoko etxeen % 57k Interneterako sarbidea zuten. Hala ere, aipatutako datuekin alderatuta, eskuragarritasuna eta gaitasun digitalen falta dira, oraindik ere, Internet modu eraginkorrean hartzeko eta erabiltzeko oztopo garrantzitsuenak. Datuak jaso diren 84 herrialdeetatik 40tan, biztanleen erdiek baino gutxiagok dituzte oinarrizko gaitasun informatikoak. Dena den, haririk gabeko sareen hedapen azkarrak gora egin du belaunaldi berri bakoitzaren ondoren, eta planetako txoko guztietara iristea lortu da.


Laugarren belaunaldiko sarea, app-en aroa

Laugarren belaunaldiaren agerpenak (2005) 1 Gbps-ko paketeak transmititzeko ahalmena handitzea ekarri zuen. Long Term Evolution (LTE) sistema da 4G sarearen euskarria, eta izenak berak adierazten duen modura, 3G sarearekin alderatuta, aldaketak barne bildu zituen konfigurazioari edota ezaugarriei dagokienez. Nagusiki, teknologia berrien garapenean inbertitzen duten konpainien arteko lehia areagotu zuen. ITUren datuen arabera, ezarri eta hamarkada horretan, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (OECD) herrialdeek IKTetan egindako inbertsioa inbertsio osoaren % 11 eta BPGren % 2,3a izan ziren.

Gorakada esponentzial horren arrazoia da 4Garen etorrerak informazioa modu dinamiko eta eraginkorragoan eskuratzeko gaitasunean aurrerapen nabarmenak ekarri zituela, eta, beraz, zerbitzuak hobetzen hasi zela; ezinbestekoa izan zen hori merkatua hainbat esparrutan gara zedin: bereziki app-etan, gaur egun merkataritzarako eta finantza-jardueren garapenerako tresna ukaezinak baitira. Era berean, IP-aren gaineko ahots gaitasuna ahalbidetu zuen (Internet protokoloa erabiliz ahotsaren seinalea Internet bidez mugi dadin ahalbidetzen duen baliabide multzoa da). Horri esker, Internet konexio bidez garatu daitezke deiak eta bideo deiak. Azken hori, azken hilabeteetan, ezinbesteko elementu bihurtu da gizarte-harremanetarako, irakaskuntzarako edo eta telelanerako. Izan ere, laugarren belaunaldiak aurreko belaunaldiaren aurrean kontsumo ohiturak aldatu ditu, eta, horren ondorioz, ahots bidezko komunikazioaren zentralitatea multimedia komunikazioaren truke aldatu da. ITUren datuen arabera, 2018an, munduko biztanleen % 51k zuten jada sare horretarako sarbidea.


5G sarea, edo gauzen Interneta

Datuen bat-bateko transmisio horrek sare mugikorren bosgarren belaunaldiak duen gaitasuna ezaugarritzen du. 5Garen hedapenaren helburua deskarga abiadura handitzea da, estaldura faltarik ez duen haririk gabeko mundu baten bidez. Horregatik, World Wide Wireless Web (WWWW) izena eman zaio – Munduko Haririk Gabeko Webgunea –. Energia Turismoaren eta Agenda Digitalaren Espainiako Ministerioaren 5G 2018-2020 Plan Nazionalaren txostenaren arabera, «5G sareak eta zerbitzuak sartzearen inpaktu-itxaropenak egungo komunikazio-azpiegitura mugikorren ahalmenetan txertatzen dituen berrikuntza teknologikoetan oinarritzen dira». Zehazki, txostenaren arabera, 5G sareek honakoa erraztuko du:

- Abiadura eta gaitasun oso handiko banda zabal mugikorra, 100 Mbit/s-tik gorako eta 1 Gbit/s-ko puntako mugikortasun-abiadurak erraztuko dituena; horri esker, adibidez, definizio handiko edukiak edo errealitate birtualeko esperientziak eskaini ahal izango dira.

- Komunikazio ultra fidagarriak eta latentzia txikikoak, milisegundo 1 (ms) ingurukoak, 4G sareen 20-30 ms-en aldean. Baldintza hori egokia izan daiteke eremu horretan berariazko eskakizunak dituzten aplikazioetarako; hala nola, ibilgailu konektatua edo ibilgailu autonomoa, telemedikuntzako zerbitzuak, denbora errealeko segurtasun eta kontrol-sistemak edota fabrikazio adimenduna.

- Komunikazio masibo maizkoenak (M2M). Konexio simulatu asko kudeatzeko gaitasuna handituko da, eta horrek, besteak beste, sentsoreen hedapen masiboa, gauzen Interneta (Internet of Things, IoT) eta big data zerbitzuen hazkundea ahalbidetuko ditu.

Aipatutako 5G Plan Nazionala Europar Batasunak 2016ko apirilean onartu zuen Europarako 5G Ekintza Plana betetzera dator, «areagotzen ari den teknologiaren garapenean, Europako lehiakortasuna hobetzeko». Izan ere, honi ondoren helduko badiogu ere, teknologia horren garapenak eta aplikazioak erlojuaren kontrako lasterketa abiatu du Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra irekian.

Europar Batasunak 5G Ekintza Planean 5G sarea estatu kideetan hedatzeko betebeharra ezarri zuen. Hala, 2017ko uztailean, Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak, Europako homologoekin batera, 5Gari buruzko Lantegiko Ministerio Adierazpena sinatu zuen. 2020an, Europar Batasuneko herrialde guztiek «estatuko hiri nagusi bat» hornitu beharko dute teknologia horrekin, eta 2025ean hedapenak «erabatekoa» izan beharko du. Txostenaren arabera, sareak behar dituen inbertsioak 910.000 milioi euro gehiago dira Europarentzat, «inbertsio hori gabe ez da lortuko merkatu digital bakarra, eta Europa AEBen eta Txinaren atzetik geratuko litzateke munduko teknologian nagusitzeko lasterketan».

Inbertsio horrek ez du eraginkortasunik inbertsio pribaturik gabe; izan ere, uhinek ez dute hain tarte handia, eta oztopoek ia erabat xurgatzen dituzte; ondorioz, errepikagailu asko behar dira eremu hedatuak estaltzeko. 5Garen hedapenean, 26 Ghz-ko bandan, transmisio-frekuentzia handienak erabiltzea aurreikusten da, eta, aldi berean, transmisio askoz ere azkarragoak egitea ahalbidetzen dute. Hala ere, seinalearen irismena murritza izango da eremu irekian, eta oso sentikorra oztopoen aurrean. Horregatik, sarbide-sare oso bat behar da, distantzia txikiagora. Neurri batean, geolokalizazio zehatzerako gaitasuna ematen du, errepikagailu bakoitzera konektatutako gailuen metro bat baino gutxiagoko kokapen-informazio zehatza lortuz. Hori dela eta, teknologia berriak aurre agerian utziko duen funtsezko gaitasunetako bat lokalizatzeko gaitasuna izango da, eta, adierazi bezala, erabiltzaileen zehaztasun geografiko zehatza lortuko du.

Ministerioaren txostenaren arabera, sare hori zabaltzeko herrialde gehienek aukeratutako eredua hau izango da: azpiegiturak kokatzeko eta elkarrekin erabiltzeko borondatezko akordioak egiten dituzten operadoreei aukera ematea. Horrek guztiak zuntz gehiago zabaltzea eta ehun metrotik behin errepikagailuak instalatzea ekarriko du, lurralde osoa estaltzeko. Eta administrazio publikoa behartuko du hain intentsitate handiko espektro erradioelektrikoaren kudeaketa ziurtatzera, banda-zabalera askatu beharko baitu.

Konektatutako gailuen geolokalizazio-gaitasunerako eta igortzen dituzten datuen kudeaketarako zehaztasun horrek polemikak sortu ditu dagoeneko froga pilotuetan. El Salto Diario egunkariak La red 5G, un paso hacia la sociedad telegestionada artikuluan adierazten duenaren arabera, Facebooken jabetzako software patentea publiko egin eta, denbora gutxira, gure telefonoen mikrofonoaren bidez giro-soinua urrunetik entzuteko teknologia erabiltzen hasi zenetik, gora egin dute zenbait produkturi buruz hitz egin ondoren publizitatea jasotzen duten erabiltzaileen salaketek. Beste adibide bat da Espainiako Futbol Liga Profesionala zigortzen duen epaia: teknologia beraren bidez zelatatu zituen erabiltzaileak, telebista-emanaldi pirata bat ikusten ari ziren jakiteko.

Era berean, Los Angelesek Prepol izeneko software informatiko berri bat eskuratu zuen duela urte batzuk. Krimenari buruzko estatistika ugari oinarri hartuta, delituak auzoz auzo eta kalez kale egiteko probabilitatea kalkulatzen du. The New Digital Age Googleren sortzaileetako baten liburuak honako hau dio: «Beraz, terrorismoaren aurkako neurri gisa, Gobernuak pertsona ezkutuen fitxategia eraikiko du [...] araudi partikular oso baten menpe egon ahal izango direnak, erregistro zorrotzak edo bidaia-murrizketak barne».


4.0 industria

Sare mugikorren bosgarren belaunaldiak ekoizpen-ereduan eragingo duen aldaketak laugarren industria-iraultza ekarriko duela baieztatu du batek baino gehiagok. Lehenengo iraultzak mekanizazioa eta energia erauzteko metodo berriak ditu ezaugarri; bigarrenak, masa-ekoizpena eta elektrizitatearen erabilera; hirugarrenak, ordenagailuen erabilera eta automatizazioa; eta laugarrenak, sistema ziberfisiko adimendunak. 4.0 industria, adimen artifizialean oinarritutako industria.

5Gak, gauzen Interneta ere deitua, tresna ezberdinen arteko elkarrekintza ahalbidetzen du, euren kabuz jarduten duten arren, informazioa bilduz elkarrengandik komunikatzen eta ikasten dutenak. Horretan guztian berebiziko garrantzia du bosgarren belaunaldiko sarearen transmisio-abiadura handiak. Horregatik, ondorengo bereizgarriak ditu 4.0 industriak:

- Ekoizpenaren eraldaketa digitala. Produkzio-katean datuak motorizatuz eta eskuratuz eta robotak urrutitik kontrolatuz, produkzio-prozesua optimizatzen da, bai eta banaketa eta logistika hobetzen ere.

- Azken horri lotuta, garraio adimentsua ahalbidetuko du, kanpoko ingurunea denbora errealean kontrolatuz. Horrela, trafikoa kudeatzea eta banaketarako ibilbideak hautatzea erraztuko du.

- Sarearen multimedia-aplikazioak mugikortasun-aplikazioen garapen optimizatua ahalbidetuko du; hala nola, errealitate areagotuaren edo errealitate birtualaren bidez. Aldi berean, lurralde adimendunen kontzeptua garatuko du, interkonexio-korridore digitalak ahalbidetuz.


Txina eta Amerikako Estatu Batuak, 5G-aren lehia

Lasterketa bizian aurkitzen da egungo agertoki geopolitikoa: nork garatuko teknologia berriena, nork irabaziko telekomunikazio-teknika horien monopolioaren gaineko gerra, nork eskuratuko sare sozial masiboenen kontrola... Duela gutxira arte, AEBen baitako enpresen edota korporazio estatubatuar eta europarren arteko lehiara mugatu da aurrez aurreko hori. Horrexegatik dira ezagunak IBM, Apple, Microsoft, Google, Facebook eta 1&1 bezalako markak. Txinak, bitartean, fabrikatzaile merkearen rola jokatu ohi zuen lehia monopolistan, eta bazirudien lanaren nazioarteko banaketa horrek merkatuaren baitako indar korrelazioan atzean uzten zuela, garaileen piezak muntatzera kondenatuta. Domeinurako estrategia propiorik gabeko aktorea omen zena, ordea, Aurrerako Jauzi Handia prestatzen baino ez zebilen telekomunikazioen arloan ere. Hala iragarri zuen 5G teknologiaren puntako garapena aurkeztu zuenean, eta ez aurrerapen kualitatibo soil gisa: 5Garen inplementazio merkeena erdietsi du dagoeneko erraldoi asiarrak, termino ekonomikoetan ere berea baita apustu lehiakorrena.

Hori zentzu ugaritan izango da kolpe bat hegemonia estatubatuarrarentzat. Lehenik eta behin, merkatu-kuota izugarriak galduko ditu bloke inperialista anglosaxoiak; gaur arte jaun eta jabe ziren enpresek teknologia propioa garatu beharrean 5G txinatarra erosi beharko dute, euren etxetik hasita. Izan ere, Europaren kasuan, Espainiako Estatua laborategi gisa baliatzen ari dira Vodafone eta Telefónica bidez 5G berrikuntzak txertatzeko. AEBetako Estatuko Idazkari Gehigarri den Robert L. Strayerrek otsailean mehatxu argia egin zien Espainiako Kanpo eta Ekonomia eta Aurrerakuntza Ministerioetako ordezkariei: Telefónica, Orange eta Vodafone bezalako operadoreek Huawei-en teknologia erabiltzen jarraituz gero, haiekin inteligentzia eta segurtasuneko informazioa partekatzeari utziko diote amerikarrek. AEBak, galera ekonomikoengatik kezkatuta egoteaz gain, beldur dira Txinak ez ote duen teknologia horri esker bere eraginpeko guneetan espioitzarako eta eraso zibernetikoak egiteko gaitasuna irabaziko. Espainiako Estatuarekin egin modura, hamaika herrialde estutu dituzte hainbat hilabetez, Huawei-ekin eta 5G teknologia eskaintzen duten beste hainbat enpresa txinatarrekin akordioak sinatu ez zitzaten. Jokaldia ez zaie nahi bezala atera ordea, Europar Batasunak eta Erresuma Batuak oztopoak jarri baitizkiote betoari. Horren lekuko da operadore espainiar nagusiek Huawei eta ZTErekin mantentzen duten harreman estua. Hala eta guztiz ere, dependentzia apurka-apurka murriztea adostu dute autoritate amerikarrekin. Telefónicaren kasuan, Huawei-k bere egungo sareen muinak kontrolatzen ditu. Vodafone eta Orange operadoreen kasuan, berriz, Estatuan jarrita dituzten antenen heren batek gutxienez txinatar teknologia du.

Ondorioz, nazioartean izen ona irabazten ari da Pekin. Atzean geratu dira kalitate eskaseko manufakturaren bazarra osatzen zuen egunak. Puntako teknologia mahaigaineratzeko gaitasuna erakutsi du dagoeneko, mendebaldeko enpresa ugari haren esanera daude eta, Huawei zigortzeko saiakerek agerian utzi dutenez, gainontzeko lehiakideek lupaz behatzen dute txinatarren pauso bakoitza.