AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Juanjo Basterra
2019/12/04 21:26

Laudioko Gaztetxeko kideek urtarrilaren 7an hustu beharko dute eraikina. Laudioko Udalak jakinarazi berri dienez, baina, espazioan egitekoak diren obrak amaitzean, itzultzeko aukera izango dute, gaztetxe modura erabiltzen jarraitzeko. Gaur, abenduak 4, agerraldia egin dute eraikinaren atarian, azkeneko nondik norakoak plazaratzeko.

Iragan astean eman zuten gaztetxeko kideek egoeraren berri, "gaztetxearen oraina eta etorkizuna zalantzan zegoelako". Eskutitz baten bidez, urtarrilaren 7an eraikina husteko agindua eman zien udal gobernuak, espazioan martxan dauden obrak direla-eta: "Kalean geratuko ginen, 18 urtez eraiki dugun espaziotik kanpo". Eraikinean lanek iraun bitartean, gainera, ez zieten bestelako espaziorik bermatu udalak; eta are larriagoa zena, obrak amaitu ostean gaztetxera itzuliko zirenaren inolako bermerik ere ez zien eman.

Defentsarako deia

Hala, esku hartzeko eta egoera argitara ateratzeko hautua egin zuten gaztetxeko kideek. "Gaztetxearen defentsara" dei egin zuten, eraikinik gabe geratzearen "mehatxuak", euren "jardun politikoa" kolokan jartzen zuela ulertuta.

Ordutik, ugariak izan dira Laudion bertan zein Euskal Herriko hamaika txokotan loratu diren elkartasun keinuak, gaztetxeetan zein bestelako eragileetan. Eskerrak eman dizkiete guztiei Laudioko Gaztetxeko kideek: "Beharrezkoa den guneen saretzeak fruituak ematen ditu". "Gaztetxeen egoera ez da inoiz erraza izango, antolakuntza eta elkartasunaren kulturaren bidez soilik babestu ahalko dira, eta aste honetan frogatu dugu hori", gehitu dute. "Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarea bezalako babes formak beharrezkoak" direla adierazi dute, "bakardadearen inpotentzia gainditzen dutelako eta elkartasunaren bidez indartzen gaituztelako".

Hala, gogoan izan dituzte Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxearen birjabetzea dela-eta epaitutako bi kideak eta eraikin horretan indarrean dagoen desalojo arriskua, edota Gasteizko (Araba) SUmendi espazioaren itxiera joan den astean. "Orain, guri dagokigu metatutako elkartasuna hedatzea. Errepresioa eta legedia burgesa dira, jabetza pribatua bermatzeko, burgesiak dituen baliabide nagusienetakoak, biolentziaren erabilera baztertu gabe", azaldu dute gaztetxekoek.

Gaztetxearen izaera politikoa eta ofentsiba kapitalista

Gaurko agerraldian, gainera, birjabetutako espazioko kideek azpimarra jarri nahi izan diote gaztetxearen "izaera politikoari", baita euren "militantzia politikoari" ere. "Azken urteetan, gaztetxea aukera erreala izan da despolitizazioa jasan behar izan duen gazteriarentzat, eta hala izaten jarraituko du", diote.

Nabarmendu dute "gazte langileon interesak asetuko dituen proposamen politikoari ekarpena egiten saiatu" direla, "atomizazio burgesa antolakuntza politikoaren bidez gainditu ahal izateko". "Gazteok etorkizun beltza dugu aurretik, proletarizazio prozesuaren ondorioz. Krisi kapitalistak gure klase izaeraz jabetzeko nahikoa elementu mahaigaineratu ditu", adierazi dute gaur gaztetxekoek.

Esaterako, elementu haien artean, euren eskualdean bertan, Aiaraldean, azken asteetan jazo diren erasoak aipatu dituzte: udan Tubacex enpresan erailak izan ziren bi beharginak, Artiachen kaleratutako langileak, Berriak supermerkatuetako langileen mobilizazioak, eta abar. "Doakiela gure elkartasun osoa".

Gertaera horiek "ezin direla modu isolatuan ulertu" azpimarratu dute gaztetxeko kideek, "ezta gaztetxearen egoera zaurgarria ere". "Ofentsiba kapitalista baten aurrean aurkitzen gara, zeinetan langileon interesen aurkako eraso bortitzak gauzatzen ari diren, soilik klase borroka terminoetan kokatu daitezkeenak". Hala, ezinbestekotzat jo dituzte gaztetxeak, "kapitalari eta instituzio autoritarioei espazioak birjabetzea eta langileon mesedera jartzea, etorkizun beltzari aurre egitea delako".

Hala, desalojo mehatxuaren aurrean, "helburuetatik aldendu beharrean", "gogo eta ilusio handiagoarekin helduko dietela" aldarrikatu dute. "Klase kontzientziaren antolaketaren bidez erantzungo diegu".

Bilera eta jarrera aldaketa

Berez gaur ziren biltzekoak Laudioko Udalaren ordezkariak eta Laudiko Gaztetxeko kideak, baina auzia karrikaratu zenean, batzarra aurreratzeko eskatu zien udalak. Hala, atzo, abenduak 3, elkartu ziren. Aurreneko harremanekin alderatuta, udalekoen "jarrera aldaketa nabarmena" izan zela diote gaztetxekoek. Alkateak adierazi zien eraikinera itzuli ahalko dutela bertako lanak bukatzean, baita "gaztetxe izaten jarraituko" duela ere. Bitarte horretan, gainera, biltegi batean gorde ahalko dute gaztetxeko materiala.

"Gure eskaerak bermatuta ikusi ditugunez, bileran erdietsitakoa onatzen dugu", diote gaztetxekoek. Dena den, ohartarazi dute bi fase izango dituela gunean egin asmo dituzten obrek; irailean hasi zuten aurrenekoa, orain martxan dagoena, baina bigarren esku hartzea, eraikinaren barnealdeari eragiten diona, diseinatzeke dago oraindik. Gaztetxeko kideek "arriskutsu" ikusten dute lan hori; beraz, prozedura amaitu arte, "zaurgarritasun egoera agerikoa" izango dela nabarmendu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK