AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2023/01/31 11:15

Walili deituriko txabola-akanpalekua eraitsi berri dute Nijarren (Almeria). 500 pertsona inguru bizi izan dira Walilin, nekazaritzan lan egiten duten migratzaileak ia denak. Aurreko astean igorri zuten akanpalekua eta hango bizitokiak botatzeko agindua, eta atzorako zegoen jarrita eraisketaren data. Poliziaren babespean hondeamakinek txabolak bota zituzten unean, 50-60 pertsona soilik zeuden han, azken egunetan pixkanaka utzi baitute Walili han bizi ziren lagunek.

Atzo, 06:00etatik aurrera, ikaragarrizko presentzia poliziala izan zen akanpalekuan eta inguruetan, eremua hartu baitzuen Guardia Zibilak. Hustea hastearekin batera, suteak piztu ziren zenbait txabolatan, eta su hartu zuten guztiz. Zenbait komunikabidek esan dute desalojoa "erraztu" zutela suteek.

Walilin bizi izan diren 100 pertsona ingururi baino ez die bizitoki-alternatiba bat eskaini Nijarreko Udalak, eta behin-behinekoa da alternatiba hori: larrialdietarako zentro batean izango dira momentuz. Walilitik gertu dago Atochareseko akanpalekua, eta hara mugitu dira asko. 800 txabola inguru daude Atocharesen.

Gisa horretako kanpaleku ugari daude Nijarren, baina hau izan da eraitsi duten aurrenekoa; tamaina handiko kanpalekuen artean, behintzat. Giza Eskubideen Aldeko Andaluziako Erakundearen (APDHA, gaztelerazko sigletan) esanetan, ondokoa da Walili eraitsi izanaren arrazoia: turistek gehien erabiltzen dituzten errepideen ondoan zeuden txabolak.

Estimazioen arabera, Nijarren 1.400 etorkin inguru bizi dira txaboletan. Behargin migratzaile kopuruak gora egin zuen han, nekazaritza-industria garatu zenean eta negutegi dezente ireki zituztenean. Nagusiki etorkinak dira sektorean aritzen diren langileak, baina enpresek ez diete bizitokirik bermatzen. Sarri salatu izan da bereziki gogorrak eta prekarioak direla lan-baldintzak sektorean.

El Confidencial egunkariak nabarmendu duenez, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) arabera, Espainiako Estatuan, Nijar da urteko batez besteko soldatarik baxuena daukan herria: 7.097 euro per capita.

EZ DAGO IRUZKINIK