AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/25 08:56

2022ko apiriletik urtarrilaren 2023ra bitartean, gasolina edo diesel litro bakoitzeko, 20 zentimoko laguntza ematen zuen Espainiako Gobernuak. Urte berria hastean geratu zen bertan behera deskontua, eta zalantzak piztu dira neurriak izan duen eraginkortasunaren inguruan. Izan ere, argi dio Nazioarteko Diru Funtsak (FMI): 20 zentimoko beherapena bertan behera uztean, gasolindegiek erregaien prezioak puztu eta igo dituztela susmatzen du. "Baliteke gasolina-zerbitzuguneek prezioak igo izana, neurriari [deskontua] erantzunez", diote adituek.

20 zentimoko laguntza amaitu zenetik, %15 inguru igo dira erregaien prezioak. Estimazioen arabera, 0,7 eta 3,5 zentimo artean garestitu da 95 gasolina litroa, eta 3,7 eta 6 zentimo artean A gasolio litroa. Estimazio horiek baieztatuko balira, deskontuari eta horren amaierari probetxua aterata, 1.500 milioi euroko irabaziak izan dituzte energia-enpresek. Diru-kutxa publikoetatik 5.700 milioi euro bideratu dira aurreko hilabeteetan beherapenak ezarri ahal izateko.

Nazioarteko Diru Funtsaren esanetan, "gasolindegi independenteak" izan dira nagusiki prezioak puztu dituztenak eta, beraz, gobernuaren neurria gehien probestu dutenak. Adituek diote, beharbada, deskontuen ezarpena zela-eta aurreratu behar izan zuten zenbatekoak eragin handiagoa izan zuela gasolindegi horientzat, eta horregatik igo dituztela orain prezioak.

Adituek, beraz, nabarmendu dute akatsak zituztela Espainiako Gobernuaren politikek. Ondorio modura une honetan ikus daitezkeen prezio-igoerak aipatu dituzte hutsegite modura, bai eta diru-kutxa publikoen bidez aplikatzen ziren beherapenen zehaztapen falta ere, gogorarazi baitute ez zela kontuan hartzen kontsumitzailearen egoera ekonomikoa deskontua ezartzean.

EZ DAGO IRUZKINIK