AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ser Industria
2025/05/13 13:40

Ontzigintzako Navantia enpresa publikoak klausula berri bat sartu du langile berrien kontratuetarako, eta kaleratzeko arrazoi gisa ezarri du behargin batek Segurtasun Habilitazio Pertsonala (HPS, gazteleraz) deiturikoa galtzea edo ez betetzea. Betekizun hori Espainiako Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) aitortzen edo ukatzen du.

CGT sindikatuak publikoki salatu du kontratu-aldaketa hori, A folla da CGT buletinaren bidez (209. zenbakia). Esan du "guztiz onartezina" dela klausula berria, eta arriskutsua dela lan-eskubideei, adierazpen-askatasunari eta elkartzeko askatasuneri dagokienez. Enpresa iaz ere saiatu zen klausula polemiko batzuk sartzen, hala nola, nazioarteko nahitaezko mugigarritasun geografikoa ezartzea, nahiz eta azkenean atzera bota behar izan zuen, sindikatuen presioaren ondorioz.

1324/1995 Errege Dekretuak araututakoaren arabera, pertsona bati informazio sailkatua eskuratzeko aukera ematen dion akreditazioa da HPS. Horiek ematea edo kentzea CNIren esku dago soilik, eta ez dago aldez aurreko edo ondorengo kontrol judizialaren mende, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaz harago.

CGTk gogora ekarri du Xaquín Garcíaren kasua, Ferrolgo Navantiako langilearena, 2014an HPS ukatu baitzioten funtsik gabeko akusazioengatik. CNIk berak Espainiako Auzitegi Nazionalean aurkeztutako dokumentuen arabera, "estrategia iraultzailea (klase-estrategia bat, antikapitalista eta internazionalista) defendatzen duten erakunde eta taldeetan" parte hartzea izan zen akreditazioa ukatzeko arrazoia. Epaiak arrazoia eman zion Xaquíni, administrazio-mekanismo horren erabilera ideologikoa agerian utziz.

CGTk klausula berria berehala kentzeko eskatu du, eta horren arabera jokatzeko eskatu die lantegien arteko batzordeari eta lantegi guztietako enpresa-batzordeei. "Langileok ezin ditugu onartu gure klase-interesen alde borrokatzeko antolatzeko dugun eskubidearen aurkako eraso hauek", adierazi du bere buletinean. Salatu du, gainera, horrelako tresnak "erregresio demokratikoko testuinguruetan helburu politikoekin edo errepresiboekin erabil daitezkeela", eta Navantia bezalako enpresa publikoen barruko lan-harremanetan oinarrizko eskubideen babesa bermatzeko eskatu du.

EZ DAGO IRUZKINIK