AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Nafarroako Parlamentua
2025/06/13 10:25

Koldo auzia-ri (Delorme operazioa izenez ere ezaguna) lotutako adjudikazio irregularrei dagokienez, Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren (UCO) ikerketak modu argian markatzen du jatorri bat: Nafarroa. Ikerketak dio, hain zuzen ere, Nafarroan jarri zituztela martxan gero Espainiako Estatuko beste lurralde batzuetara zabaldu zituzten mugimendu irregularrak.

Azken informazioen arabera, ustelkeria kasu horietan parte hartu zuten Garraio ministro ohia den Jose Luis Abalosek, bere aholkulari ohia den Koldo Garciak eta atzora arte PSOEko Antolaketa idazkaria zen Santos Cerdanek; eta Nafarroako Servinabar konpainia eta Acciona enpresa ere jarri dituzte jopuntuan.

Garciaren eta Cerdanen arteko mezuak

Koldo Garcia, jaiotzez Barakaldokoa (Bizkaia) izan arren, PSNko afiliatua zen eta zinegotzi izan zen Uharten (Nafarroa) 2011n. Guardia Zibilaren esanetan, uko egin zion 2015ean Donezteben (Nafarroa) zinegotzi aritzeari, bere ondasunak aitortu behar izatea ekiditeko. Santos Cerdanek, berriz, 1999an hartu zuen lehenengoz zinegotzi kargua Milagron (Nafarroa), eta Nafarroako Parlamentuan nahiz Espainiako Gorteetan ere aritu zen gero, alderdiko Antolaketa idazkari nagusi bihurtu aurretik.

Atzo bertan atera ziren argitara Garciaren eta Cerdanen arteko mezu batzuk, PSOEren 2014ko primarioetako ustezko iruzurrarekin nahasiz. Horrez gain, baina, finantza-adjudikazio batzuen inguruan hitz egin zutela ere erakutsi dute 2020ko mezu batzuek: Cerdanek, Milagron egitekoak ziren obra batzuk Espainiako Estatutik finantza zitezela eskatzen zion Garciari komunikazio horietan. "Nire herriarentzako da, eta ongi egongo litzateke Madrilen egon naizela nabaritu dadila", zioen Cerdanek, elDiario.es-ek jaso duenez.

Urte berean, Cerdanek mezu bidez egin zion presioa Garciari, Milagroko Foruen Plazako obra batzuk sar zitzan Garraio Ministerioaren ondare historikoa kontserbatzeko edo aberasteko lanetarako Ondareari buruzko Legearen diru-partidetan. 

Servinabar eta Acciona nahasirik

Dena den, Noticias de Navarra-ren arabera, UCOren ikerketaren abiapuntua 2015ean dago, Nafarroa eta Aragoi artean dagoen Mina Muga meategiko obretan. Izan ere, ikerketaren zentroan dauden Acciona eta Servinabar konpainiek osatutako Enpresen Aldi baterako Batasun (UTE gazteleraz) bat, Obras y Servicios SL, zegoen lan horien atzean. Badirudi Antxon Alonso enpresaburu gipuzkoarraren jabetzakoa zela Servinabar, baina lotura zuela Garciarekin eta Cerdanekin. Gainera, frogatuta omen dago Servinabar enpresak 4.500 euroko transferentzia bat gutxienez egin ziola Abalosekin lotura duen fundazio bati.

Guardia Zibilak, itxura denez, Accionak eta Servinabarrek parte hartu zuten esleipen ugari identifikatu ditu Nafarroan, esaterako, Iruñeko (Nafarroa) Navarra Arenako obrak. Eta, hori gutxi balitz, 2016tik 2023ra bitartean, Accionak eta Servinabarrek 360.000 euroko transferentziak egin zizkioten Noran konpainiari; Alonsok eta Garciak 2015etik partekatzen zuten kooperatiba bat.

Laburbilduz: 2013tik hona

Guardia Zibilak emandako datuek honako kronologia orokorra markatzen dute, Cerdani dagokionez nagusiki: Cerdanek 2013tik ematen zizkion "betebeharrak" Garciari; 2015ean, Geoalcali konpainiako Pedro Rodriguezek (besteak beste Navarra Arenako obrak bultzatu zituenak) "gure begiak" eta "gure belarriak" ezizenekin egiten zien erreferentzia Cerdani eta Garciari, eta urte berean, Noran kooperatiba sortu zuten Garciak eta Alonsok; 2017an elkar ezagutu zuten Abalosek eta Garciak, Cerdanen bidez, eta mailaz gora egin zuen berak Madrilen; eta, 2021ean, Antolaketa idazkari kargua lortu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK