AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Egoitza baten aurrean elkarretaratu ziren atzo beharginak. Argazkia: ELA
2022/04/28 09:42

Nafarroako adinekoen egoitzetako langileak 4.500 inguru dira osotara; 70 egoitzatan, hainbat eguneko zentrotan eta etxez etxeko arreta zerbitzuan banatuta aritzen dira. Sektoreak ez du lan-hitzarmen propiorik eta, beraz, Espainiako Estatu mailan adostutako baldintzak aplikatzen zaizkie Nafarroan ere. Hala, zaintza-lanak egiten dituzten langileen soldatak ez du apenas gainditzen gutxieneko zenbatekoa; egoitzetako sukaldarien zein garbitzaileen kasuan, ordainsariak ez dira gutxieneko zenbatekora ere iristen.

Otsailaren 23an mobilizatu ziren beharginak Tuteran (Nafarroa) eta Iruñean (Nafarroa), Nafarroako "hirugarren adineko zentroen sektoreko hitzarmen kolektibo sektorial eta autonomikoa" aldarrikatzeko. Atzo, apirilaren 27an, kalera atera ziren berriro. Hitzarmenaren bitartez kudeaketa publikoa ezartzea, langileen ratioak egokitzea, kontziliazioa hobetzea, egonkortasuna bermatzea, soldatak igotzea, putre-funtsen partaidetza ekiditea edota langileen osasuna bermatzea dira langileen helburuak, besteak beste.

Zentzu horretan, beharginen azkeneko prentsa oharrean "sektorea diru publikoarekin finantzatzeko" beharra azpimarratzen dute eta, beraz, kudeaketa pribatua ahal bezainbeste alboratu behar dela diote.

Elkarretaratze bat egin zuten atzo "adinekoen zaintzaren sektorean nagusi den enpresa mota nolakoa den erakusten duen egoitza-zentro berri baten aurrean" eta, gainera, maiatzaren 14an manifestatzera deitu zuten. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK