AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: euskalerriairratia.eus
2020/02/25 19:37

2019ko abenduan eman zuen zuzendaritzak lehenengoz langileen bajak kudeatuko dituen mutualitate pribatu bat kontratatzeko asmoaren berri. Zehazki, gaixotasun arruntekin loturiko bajak kudeatuko lituzke mutualitateak, orain arte osasun sistema publikoak burutu izan duen lana hain zuzen. Enpresak adierazitako asmo honek, haserrea piztu zuen bertako langileen artean, "prebentzioa eta langileen osasuna eta bizitza hobetu beharrean, kontrola eta presioa areagotu" nahi dituela iritzita; haien iritziz, neurri honekin langileak gaixorik joan daitezen lantokira" bilatzen dute.

Atzo, sindikatuek eta enpresak bilera bat izan ostean, sindikatu eta langileentzako ohar bat kaleratu zuen zuzendaritzak. Bertan, “absentismoaren gorakada” dela eta aste santuetarako neurri sorta bat hitzartzea proposatu zien sindikatuei. Tartean, “langileen segurtasunaren” arloan, langileen bajak mutualitate batek kudeatzeko neurria aurkitzen zen. Horrez gain, oharrean mehatxatu zuen, absentismoaren gorakadaren eta leihakortasun faltaren ondorioz, Iruñeko (Nafarroa) fabrikak produkzioa gal dezakeela, beste lantoki batzuen mesedetan.

Dena den, neurri hauek hitzartzearen beharrezkotasuna zalantzan jarri zuen enpresak berak, gogorarazi zuelako, hitzartu zein ez, 2021. urtean mutualitatea martxan jarriko zutela. Erabakia hartzea enpresari dagokiola adierazi zuen zuzendaritzak, Alemaniako zuzendaritza zentralak hori egitera behartzen dituela arrazoituz.

Absentismoa eta muturreko egoerak

LAB sindikatuko ordezkariak adierazi zuen, absentismoaren gorakada muturreko egoeran lanean egon beharraren ondorio dela; gaur egun, txanda bakoitzeko, lehenago baino hamar auto gehiago ekoizten direla aipatu zuen. Ordezkari sindikalaren iritziz, “Volkswagenek beldurra sortu nahi du orain arte gai horretan egon den aurkakotasun irmoari aurre egiteko”.

Bertan behera geratu zen greba

Volkswagenek mutualitatea kontratatzeko zuen asmoa jakinarazi zuenean, enpresako langile batzordeak, bost eguneko greba deitu zuen; lanuzteak deitu zituzten abenduaren 17an, 18an, 19an, 20an eta 23an. Dena den, batzorde berberak greba bertan behera uztea erabaki zuen abenduaren 16an, sindikatuek hala proposatu ostean. Sindikatuetako ordezkariek enpresako hainbat goi kargudunekin egin zuten bilera sorta baten ondoren etorri zen aipaturiko proposamena; izan ere, bilera horietan, bi aldeek adostu zuten mutualitatearen kontratua 2021. urtera atzeratzea. Horrela, beraz, ustez atzeratu ziren neurriak, aste santuetarako aplikatzea proposatu du orain enpresak.