AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/17 22:47

Iazko abenduan argitaratu zuten Baliabide Hidrikoen Garapenari buruzko Nazio Batuen Munduko Txostena, uraren egoeraren inguruko indize ugarirekin. Horien artean daude, besteak beste, ur edangarriaren eskuragarritasuna, saneamendu-instalazioen egoerak, biltegiratzeak, erabilerak, kalitatea, arriskuak, eta abar. Kalitatezko ur edangarrira sarbidea, edo sarbide eza, bereziki deigarria da: munduko biztanleriaren %29k ez dute ur edangarrira sarbide erregularrik. Adierazle horri dagozkion azken zifrak 2017koak dira, eta, orduan, egoera horretan 2.164 milioi lagun zirela kalkulatzen da. Hori gutxi balitz, munduko biztanleriaren %55ek (4.100 milioi pertsona) ez zuten modu seguruan kudeatutako inolako saneamendu-instalaziorik; alegia, "ez zuten komun edo letrina hobetu zein ez-partekaturik, non gorotzak unean bertan ezabatzen diren edo tratamendu-planta batera garraiatzen diren".

Uraren kontsumorako sarbidearen inguruko datu gehiago eskuan hartuta, pobrezia erlatibo izugarria sumatu daiteke: egungo garapen teknologikoarekin ere, kapitalismoa ez da gai gutxienez urtean hilabete batez uraren eskasia fisiko larria pairatzen duten eremuetan bizi diren 4.000 milioi pertsona ingururi ura garraiatzeko. Are gehiago: ura fisikoki eskuragarri dagoen toki askotan ere, ekoizpen-harreman kapitalistak ez dira baliabide natural horren eskuragarritasun unibertsala bermatzeko gai, eta azpiegitura zein errentagarritasun auziak tarteko, 1.600 milioi pertsona inguruk jasaten dute "uraren eskasia ekonomikoa".

Kapitalismoa ez da gai gutxienez urtean hilabete batez uraren eskasia fisiko larria pairatzen duten eremuetan bizi diren 4.000 milioi pertsona ingururi ura garraiatzeko

Zentzu horretan, pobrezia egoeran dauden pertsona ugarik ura ordaintzeko "arazo larriak" izan ohi dituztela azpimarratzen dute adituek. Leo Hellerrek, edateko uraren eta saneamenduaren giza eskubideei buruzko aurreko kontalari bereziak, 2020an aurkeztu zion Nazio Batuen Batzar Nagusiari Giza Eskubideei eta ur- eta saneamendu-zerbitzuen pribatizazioari buruzko txostena. Horren arabera, Latinoamerikan, uraren ugaritasun fisiko handiena duen munduko eremu geografikoetako batean, biztanleriari ur-horniduraren gastuak kobratzeak bost familiatik batentzat eskuragarritasun-arazoak ekar ditzakeela frogatu da. Hondurasen, Nikaraguan, Paraguain eta Bolivian, zehazki, biztanleriaren ia erdiari eragiten die. Afrikan, berriz, eskuragarritasuna arazo garrantzitsua da Saharaz hegoaldeko etxeen %70entzat. Ur-hornidurako tarifa altu horiek "seguruak ez diren ur-iturri alternatiboak bilatzera" bultzatzen dute proletalgoa.

Kalitate txarreko ura

Nazio Batuen iazko txostenari jarraiki, urtero 829.000 pertsona inguru hiltzen dira beherakoak jota ur ez-segurua edateagatik edota eskuetako higiene faltagatik. Arrazoi horiek munduko beherakoaren ondoriozko heriotza guztien %60 direla kalkulatzen da; horien artean, bost urtetik beherako 300.000 haur inguru, adin-talde horretako heriotza guztien %5,3. Izan ere, pentsa litekeenaren kontrara, munduko malnutrizio guztiaren erdia ez dagokio kalitatezko elikagai faltari bakarrik, beherakoa edo hesteetako parasitosia duten infekzioekin ere lotuta dago; egoera txarrean dagoen ura zuzenean kontsumitzeagatik edo saneamendu eta higiene faltagatik, zehazki.

829.000 pertsona inguru hiltzen dira beherakoak jota ur ez-segurua edateagatik edota eskuetako higiene faltagatik

Txostenak haurren beherakoen inguruko azken ikerketei egiten die erreferentzia: "Ura kalitate handiagoko instalazioetara bideratzen denean eta ur-korrontearen etengabeko erabilgarritasuna dagoenean, beherakoa izateko arriskua %75 murrizten da", kalitate txarreko uraren kontsumo-erreferentzien oinarriarekin alderatuta. Bestalde, Baliabide Hidrikoen Garapenari buruzko Txostenak gogorarazten duenez, gutxieneko saneamendu-neurriak ezarrita bakarrik, %25 murrizten da beherakoa izateko arriskua. Saneamendu-estaldura handiagoarekin "are murrizketa handiagoa" lortzen dela ikusi da, eta xaboiarekin eskuak garbitu ahal izatea lortzen denean, berriz, %30 murriztu izan dira arrisku horiek.

Afrikako, Asiako eta Latinoamerikako ia ibai handi guztietan uraren kalitatea hondatu egin da kutsaduraren ondorioz. Garapen Jasangarriko Helburuen Adierazleari buruzko txostenek, modu egokian tratatutako hondakin-uren proportzioari buruzkoak, adierazten dute etxeko hondakin-uren fluxuaren %59 behar bezala biltzen eta tratatzen dela, baina datu hori 79 herrialdetako datuetan soilik oinarritzen da, eta horietako gehienek errenta ertainak edo handiak dituzte. Gainera, industriako hondakin-urei buruzko datuak nahikoa ez direla azpimarratzen dute Nazio Batuek. Bada, kalkulatu da errenta baxuak dituzten herrialdeetan industriako zein udalerrietako hondakin-uren %8k baino ez dutela tratamenduren bat jasotzen. Mundu mailan, industriako zein udalerrietako hondakin-ur guztien %80 inolako tratamendurik gabe isurtzen dira ingurumenera, eta horrek eragin kaltegarriak ditu gizakien osasunean eta ekosistemetan. Txostenak azpimarratzen duenez, proportzio hori askoz ere handiagoa da saneamendu-instalaziorik zein hondakin-uren tratamendurik ez duten herrialdeetan.

Errenta baxuak dituzten herrialdeetan industriako zein udalerrietako hondakin-uren %8k baino ez dute tratamenduren bat jasotzen

Higienea

Unicefen 2019ko ikerketa baten arabera, mundu osoko 3.000 milioi pertsona baino gehiagok eta osasun-arretako bost zentrotik bik ez dute eskuak garbitzeko instalazioetarako sarbide egokirik. Hala, erditzeko heriotzen %11 higiene-baldintza txarren ondoriozko infekzioek eragiten dutela ikusi da. Horietako gehienak proletalgoak jasaten ditu, errenta mailarik baxuenak dituzten munduko herrialdeetan nabarmentzen baitira hilkortasun tasa horiek. Haurra jaio eta ondorengo sei asteetan etxean zein osasun-zentroetan higiene-praktikak gauzatu ezin dituztenez, urtean milioi bat heriotza baino gehiago egon daitezke. Jaio aurreko arretan, erditzean eta jaiotzean bertan oinarrizko higiene-neurriak hartuta bakarrik, %25eraino murriztu daiteke gurasoaren zein haurraren infekzio-arriskua.

Mundu osoko 3.000 milioi pertsona baino gehiagok eta osasun-arretako bost zentrotik bik ez dute eskuak garbitzeko instalazioetarako sarbide egokirik

Erakunde horren 2018ko beste ikerketa batek erakutsi zuenez, 570 milioi haurrek ez dute edateko urik ikastetxeetan, 620 milioik ez dute saneamendurik eta 900 milioik ez dute higiene-zerbitzurik. Nazio Batuen Garapenerako Programaren arabera, 2006an 443 milioi eskola-egun galdu ziren urarekin lotutako gaixotasunen ondorioz.

61 herrialdetako datuek erakusten dutenez, emakumeak eta neskatoak dira hamar etxetatik zortzitan ura eramateaz arduratzen direnak. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (UNICEF) emakumeek eta neskek egunero ura eramateko darabilten lan-denbora kalkulatu zuen: 200 milioi ordu, 8,3 milioi egun edo 22.800 urte. 230 milioi pertsona inguruk, gehienak emakumeak eta neskatoak, 30 minutu baino gehiago igarotzen dituzte bidaia bakoitzean beren etxeetatik urrun dauden iturrietatik ura jasotzeko. Emakume horiek "erasotuak edo bortxatuak izateko arrisku handia" dutela azpimarratu izan du Unicefek, gainera.

Urtero ia 400.000 proletario hiltzen dira soldatapeko lanean, lan-eremuko gaixotasun kutsakorren ondorioz

Aurrekoaz gain, urtero ia 400.000 proletario hiltzen dira soldatapeko lanean, lan-eremuko gaixotasun kutsakorren ondorioz; horien faktore nagusiak edateko uraren kalitate txarra, saneamendu eskasa zein higienerik eza dira.

Garapenerako laguntzen iruzurra

Nazio Batuen txostenak aipatzen dituen kalkuluen arabera, errenta baxuko eta ertaineko 140 herrialdetan edateko ur segurua eta saneamendu- eta higiene-zerbitzuak mundu osoari unibertsalki bermatzeak 1,7 bilioi dolar inguruko kostua izango luke 2016tik 2030era, edo urtean 114.000 milioi dolarrekoa. Hau da, epe motzean ez dirudi burgesiarentzako jarduera errentagarria denik.

Diru-laguntzen %56k, batez beste, biztanleriaren %20 aberatsenaren poltsikoetan amaitzen dute, eta funts horien %6k baino ez die mesede egiten %20 pobreenari

Bestalde, ur-hornidurarako azpiegituren garapena bultzatzeko diru-laguntzak ere aipatzen dira: errenta baxuko eta ertaineko hamar herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, diru-laguntzen %56k, batez beste, biztanleriaren %20 aberatsenaren poltsikoetan amaitzen dute, eta funts horien %6k baino ez die mesede egiten %20 pobreenari. Bien bitartean, Nazio Batuen 2019ko txosten berdinak nabarmendu zuen herrialde horietako infraetxeetan bizi den jendeak hamar edota hogei aldiz gehiago ordaintzen duela zisternen moduko hornidura-sistemetatik datorren uragatik.

Defizita

Munduko akuifero nagusietako batzuk gero eta estres handiagoa jasaten ari dira, eta lurpeko ur-sistema handienen %30 agortzen ari dira. Nazio Batuen txostenaren arabera, ur gezaren erabilera sei aldiz handitu da azken ehun urteetan, eta urtean ia %1eko erritmoan hazten jarraitzen du 80ko hamarkadatik. Gaur egun, ur-erauzketen %69 inguru nekazaritzara bideratzen dira (ureztaketarako, abereak hazteko eta akuikulturarako), %19 industriara (energia eta elektrizitatea ekoiztea barne), eta gainerako %12 udalerrietara. Hala ere, nekazaritzara bideratutako uraren proportzioa %95erainokoa izan daiteke garapen bidean dauden zenbait herrialdetan.

Nekazaritzak munduko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %4 barne hartzen du, eta Munduko Bankuaren 2020ko zifren arabera, jaisten ari da ehuneko hori. Gauzak horrela, ondorioztatu daiteke nekazaritzan erabiltzen den uraren errentagarritasuna oso urria dela Kapitalaren ikuspuntutik. Arazo bat dago, ordea: Nazio Batuen arabera, pobrezia egoeran bizi diren 2.100 milioi lagunen %80 landa-eremuetan bizi dira, eta nekazaritza da bertako biziraupenaren zutabe nagusia. Ekoizpen-indarren garapen mailarik baxuenak dituzten herrialdeetan, askoz ere etekin txikiagoa ateratzen zaio erabilitako ur litro bakoitzari. Alferrik galdutako nekazal-ekoizpen kapitalista globalak elikadurarako laboreetako ur gezaren %24 kontsumitzen duela zenbatu izan da.

Hazkunde horretarako beharko den ur kantitatea ez dago erabilgarri, nekazaritzarako ateratako ur kopurua %10 baino ezingo baita handitu

Kalkulatu izan denez, uraren kontabilitate egokiarekin eta erauzketak finkatzeko arau zorrotzak indarrean jarrita, bai eta oso eraginkorrak diren ureztatze-sistemak hartuz gero, alferrikako ur-kontsumoa %70 murriztu ahal izango litzateke, laborarien egungo errendimendu mailari eutsiz eta ura beste helburu batzuetarako erabiltzeko aukera emanez, ingurumena berreskuratzea barne. Bitartean, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) zenbaketen arabera, joerak aldatzen ez badira, munduko elikagai eskaria %60 haziko da 2050erako, eta ureztaketan oinarritutako elikagaien ekoizpena %50 baino gehiago handituko da aldi berean. Hazkunde horretarako beharko den ur kantitatea ez dago erabilgarri, nekazaritzarako ateratako ur kopurua %10 baino ezingo baita handitu. Halaber, 2030 Water Resources Group-ek ondorioztatu moduan, munduak %40ko defizit hidrikoa izango du 2030ean.

Hala ere, arazoa ez dago nekazaritzan bakarrik. Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2000. eta 2050. urteen arteko mundu mailako ur-eskariaren aurreikuspenek erakusten dutenez, manufaktura industriak %400 egingo du gora, eta energia termikoaren sorkuntzak, berriz,  140. Nazio Batuen txostenak beste azterlan baten aurreikuspenak ere azpimarratzen ditu, industria-erabilerarako ur-erauzketak 2030erako bikoiztu egingo direla diotenak, %22ra iritsiz mundu osoan. Azken lau urteetan ur-kontsumoa murrizteko proiektuetan parte hartu duten enpresak ugaritu badira ere, "ekoizpenaren hedapenaren ondorioz ur-ateratze gehien jakinarazi dituzten enpresen kopurua ia %50" handitu dela ziurtatu dute.

Manufaktura industriak %400 egingo du gora

EZ DAGO IRUZKINIK